Alderdi Demokratak hasiera korapilatsua izan du Iowako primarioetan

Atzeratu egin dute Iowako 'caucus'-en emaitzen argitalpena, datuetan «inkoherentziak» daudelako. Trumpek kritikatu egin ditu demokraten batzarrak

Bernie Sanders senatari demokrata Iowako caucus-etan, herenegun. CRAIG LASSIG / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokrata hauteskunde primarioetan murgildu zen astelehenean, azaroan Donald Trumpen kontra lehiatuko den hautagaia hautatzeko. Horrela, bozen prozesu luzea abiatu dute Iowako caucus edo herri batzarrekin. Bide okerretik ekin dio, ordea, eta anabasa eragin zuen Iowan: kontaketan arazoak izan zituzten, eta, lerro hauek idazteko orduan, oraindik plazaratu gabe zeuden emaitza ofizialak, «akats teknologiko» batengatik. Hasieran, Euskal Herrian astearteko 04:00inguru zirenerako espero zituzten.

Bozketaren antolatzaileek azaldu zuten «inkoherentziak» zeudela emaitzetan, eta iragarri zuten «paperean» egingo zutela kontaketa. Ondoren eginiko adierazpenetan, Troy Price Iowako Alderdi Demokratako presidenteak zehaztu zuen antolatutako 1.600 batzarretako baino gehiagotako datuak «egiaztatzeko orduan» izan zituztela arazoak. Priceren arabera, aplikazioak jasotako datuak baliozkotzatjo zituzten, baina hura datupartzialen berri soilik ari zen ematen.

«Inkoherentziak topatu ditugu hiru emaitza multzotan», azaldu zuen Mandy McClure alderdiaren eledunak Iowan. Ordezkariak baztertu egin zuen sistema «hackeatu» zutela edo norbait sartu zela. «Sistema informatikoez gain, emaitzen argazkiak eta paperezko frogak erabiltzen ari gara, emaitza guztiak bat datozela ziurtatzeko». Halaber, Pricek azpimarratu zuen euren sistemak «seguruak» direla, eta ez zela «zibererasorik» egon.

Inkestek lehia estua iragarri dute aurtengo primarioetan, nahiz eta Bernie Sanders senatariak bereganatu duen arreta handien. Ironiaz hartu zuen emaitzen atzerapena, eta baikor azaldu zen: «Uste sendoa dut emaitzak noizbait iragarriko dituztela. Eta, iragartzen dituztenean, uste dut guretzat oso onak izango direlahemen, Iowan». Sandersen kanpainakideek «barneko datuak» aurkeztu zituzten, botoen %40 zenbatuta, eta, horien arabera, senataria nagusi zen, bozen %29,66 lortuta; gero, Pete Buttigieg ipar-mendebaldeko South Bendeko alkate ohia zegoen (%24,59), Elizabeth Warren senataria ondoren (%21,24), eta azkena, Joe Biden (%12,37).

Hain zuzen, Biden AEBetako presidenteorde ohia da nazio mailan irabazteko faboritoa—Sanders da Iowako estatuan—, eta aurreneko caucus-etako emaitzak kaleratu baino lehen horiek ezagutzeko aukera izatea eskatu zuen: «Kanpainak azalpen oso bat merezi dute, kontaketarako erabiltzen ari diren kontrol kalitatearen metodoei buruzko informazio garrantzitsua edukitzea, eta erantzuteko aukera izatea, emaitza ofizialak kaleratu aurretik».

Ziurgabetasunaren erdian, hautagai gehienek zuhur jokatzeko hautua egin zuten. Izan zen, ordea, salbuespenik: Pete Buttigieng. Emaitzak jakin aurretik, irabazletzat jo zuen bere burua: «Hori da gaua! Zantzu guztien arabera, garaile goaz New Hampshirera».

Trumpen isekak

Kritiko agertu zen Trump batzar demokratikoekin: «Haien caucus-ak tamalgarriak dira. Ez du ezerk funtzionatzen, herrialdea gobernatzen duten gisan». Errepublikanoek ere herenegun egin zituzten primarioak Iowan, eta, espero bezala, Trumpek irabazi zituen, botoen %97 bilduta. Bestalde, bart, AEBetako presidentea nazioari buruzko eztabaidan parte hartzekoa zen Kongresuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.