2050erako «karbonoan neutroa» izateko legea abiatu du Madrilek

Ministroen Kontseiluak Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege egitasmoa onartu du. 30 urteko epean zuzeneko CO2 emisiorik gabeko autoak sustatzeko neurriak bideratuko ditu

GORKA RUBIO / @FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Klima larrialdiari aurre egiteko pauso bat eman zuen atzo Espainiako Gobernuak: Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu zuen Ministroen Kontseiluak, eta, beraz, araua aztergai izango da Kongresuan datozen hilabeteetan. Helburu gisa jarri du «2050erako beranduenez Espainia karbonoan neutroa» izatea, hau da, oreka lortzea planeta berotzen duten gas emisioen eta isuri horiek atzemateko eta deuseztatzeko baliabideen artean. Adituek marraztutako bide orrietan, ezinbestekoa da emisioak nabarmen murriztea, eta legeak horretara bideratutako jarduera ildoak zehaztu ditu, batez ere energia berriztagarriak eta auto elektrikoak sustatzera.

2015ean Parisko Akordioan ezarritako helburuak betetzea dago arauaren oinarrian: planetaren berotzea bi graduren azpitik mantentzea industrializazio aurreko garaiarekin alderatuta, eta, ahal dela, ez izatea 1,5 gradutik gorakoa. «Eredu ekonomikoa eraldatu behar da, eta oparotasun inklusiboarekin lotutako kontratu sozial berri bat ezarri, planetaren mugen barruan», dio testuak. Agenda hori «globala» dela eta, Europako Batasunean adostutako ildoei jarraitu die Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak. Hona hemen lege egitasmoak jaso dituen ideia eta asmo nagusiak:

ISURIAK ETA EPEAK

Bi data erabiltzen ditu legeak erreferentzia gisa, eta horien araberako xedeak jarri ditu: 2030. urterako gas emisioak gutxienez %20 murriztu beharko dira, etagutxienez %90 2050erako, 1990eko isuriekin alderatuta.

IBILGAILUAK

Garraioa da berotegi efektua eragiten duten gasen iturburu nagusia; errepide bidezko mugikortasunak isurien %25 sortzen ditu, eta eremu hori eraldatu nahi du gobernuak. 2050erako, ibilgailu arinak «garbiak» izatea nahi du, hau da, zuzenean karbono dioxidorik isurtzen ez dutenak. Autogintza sektorearekin lan egiteko asmoa ageri da testuan, berrikuntza teknologikoak txertatzeko.

Auto elektrikoen erabilera sustatzeko, ibilgailuok kargatzeko puntuak ere arautuko ditu legeak: mapa informatibo bat osatuko du, eta gasolindegirik handienak karga azkarreko puntuak edukitzera behartuko ditu.

ERREGAI FOSILAK

Adituen eta ekologisten aspaldiko eskaera bat jasoko du legeak: «Ez da emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko baimen gehiago». Testuak berariaz aipatzen du fracking teknikaren bidezko egitasmoak ere alboratzea. Aginduak, ordea, ez die eragingo legea indarrean sartzean martxan diren proiektuei. «Gas berriztagarriak» sustatzeko asmoa du gobernuak, hala nola biogasa, biometanoa eta hidrogenoa. Aire eta itsas garraioan ere «erregai alternatiboak» bultzatuko ditu.

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

2030erako, energia kontsumoaren %35 iturri berriztagarrien bidez sortu beharko da, eta, argindar sarean, %70. 2050ean, berriz, sistema elektrikoa energia berriztagarrietan oinarrituko da osorik. Testuak aitortu du «sekula izan gabeko bultzada bat» eman beharko zaiola energia berriztagarrien ekoizpenari, baina trantsizio energetikoa «aukeratzat» hartu du: legeak nabarmendu du datozen hamar urteotan 200.000 milioi euroko inbertsioak egin ahal izango direla, eta horrek ekarriko duela BPGa haztea eta urtero 250.000 enplegu baino gehiago sortzea.

EMISIO GUTXIKO ZONAK

50.000 biztanletik gorako udalerriek mugikortasun neurriak hartu beharko dituzte, garraioarekin lotutako isuriak murrizte aldera: oinez edo bizikletaz ibiltzea sustatu, garraio publikoa hobetu... Eta berritasun esanguratsu bat dakar lege egitasmoak herri handi eta hirietarako: emisio gutxiko zonak eduki beharko dituzte 2023. urterako. Arnasgune horiek «osasun publikorako funtsezkoak» direla adierazi izan du Teresa Ribera ministroak.

GOBERNANTZA TRESNAK

Espainiako Gobernuak estatuko aurrekontuen %20 bideratu nahi du helburu horiek lortzeko, «gutxienez». Trantsizioa bideratzeko prozesuan, bi tresna eratu nahi ditu: batetik, energiaren eta klimaren inguruko plan bat egingo du estatu osoan hamar urtean behin, epe luzerako erabakien eta inbertsioen norabidea ezartzeko; eta, bestetik, 2050erako Deskarbonizazio Estrategia abiatuko du, emisioen eragina xurgatzeko edo deuseztatzeko egitasmoak kudeatzeko, besteak beste.

Gainera, klima aldaketaren arriskuak aurreikusteko eta haren ondorioetara egokitzeko planak ere abiatuko ditu. Ildo horretan, Riberak nabarmendu du trantsizioak «bidezkoa» izan behar duela, eta gobernuak arreta jarriko duela halako aldaketek kalte egindako talde sozialetan, sektoreetan eta lurraldeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.