Libian su-eten «iraunkorra» sustatuko dute Errusiak eta Turkiak

Moskuk eta Ankarak adierazi dute elkarlanean arituko direla gatazkako aldeen artean elkarrizketa politikoa abiatzeko. Libiarako irtenbide bat bilatuko duen talde bat eratzea aztertuko dute

GNAren aldeko milizia bateko kideak, Abu Qurain eskualdean, Tripoli eta Benghazi hirien artean, joan den astelehenean. STR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Libian su-eten «iraunkor» bat lortzeko ahaleginetan jarraitzea adostu zuten, atzo, Errusiak eta Turkiak, Ankaran egin zuten bileran. Libiako gerran elkarren aurka borrokan ari diren aldeetako bana babesten dute bi estatuek. Tripoli hiriburuan du egoitza duen Batasun Nazionaleko Gobernuak (GNA), eta hari laguntza militarra eman dio Turkiak—NBE Nazio Batuen Erakundeak ere Libiako gobernu zilegitzat du—; Errusiak, berriz, Khalifa Haftar buruzagi militarra sostengatzen du, Libiaren ekialdea kontrolatzen duena. Moskuk eta Ankarak elkarrizketa politikoa sustatzeko elkarlanean arituko direla adierazi zuten, bilkuraren ostean ezagutarazi zuten adierazpen bateratuan.

Errusiak eta Turkiak azaldu zutenez, gatazkaren bi aldeak bultzatuko dituzte «su-eten iraunkor eta jasangarri baterako baldintzak» sortzera. Horrez gain, Libiako egoerari konponbidea bilatzeko talde bat eratzea ere aztertuko dute. Akordio zehatzagorik gabe, «epe motzean» elkarrizketekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute bi estatuek. Moskun bilduko dira hurrengo aldian.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak «Libiako eskualde guztiak» aintzat hartuko dituen irtenbide bat behar dela nabarmendu zuen. Haren iritziz, herrialdearen egoera are gehiago larritzen du Tripolin gobernu bat eta ekialdeko Tobruk hirian parlamentu bat izateak. «Dikotomia horrek jarraitzen duen artean, arriskua egongo da atzerriko eragileek bataren edo bestearen alde apustu egiteko».

Azken asteetako tentsio gorakadaren ostean elkartu dira Errusiako eta Turkiako ordezkaritzak, Libirari buruz mintzatzeko. Hain justu, giroa are gehiago nahastu zen astelehenean, Egiptoko Parlamentuak Magrebeko herrialdera tropak bidaltzea onartu ostean. Parlamentuak adierazi zuen Libiako ekialdean esku hartuko zuela, Haftarren indarrekin batera, Turkiak Sirte edota Jufra hiriei eraso eginez gero.

Sameh Xukri Egiptoko Atzerri ministroaren esanetan, Libiarako irtenbide politiko batek ezinbestean behar du «muturreko taldeen eta atzerriko esku hartzeen kontrako erantzun irmoa». Nabarmendu duenez, «ez daude Egiptoren interesak soilik mehatxupean, arriskuan dago Mediterraneoko herrialdeen segurtasuna ere.

Sirte hiria estrategikotzat dute bi aldeek, herrialdeko petrolio baliabiderik garrantzitsuenak biltzen dituen lurretarako sarbidea baita. GNA eta Haftar —eta babesten dituzten indarrak— borrokarako prestatzen ari dira inguru horretan. Armamentu pisutsua ari dira pilatzen eremu horretan, eta borroka pizteko arriskua handia da. Egiptoren adierazpenak beste koxka bat gorago eraman du arrisku hori.

Sirte, «oso gertu»

GNAren milizietako bozeramaile Mustafa al-Mayaik astelehenean adierazi zuen Sirte hartzetik «oso gertu» zeudela, eta Haftarren esku dauden petrolio putzuak bereganatzeko asmoa dutela: «Azken helburua matxinada amaitzea da, eta [GNAren] kontrola Libiako eremu osora hedatzea».

Egiptoko armadak Libiako gerran esku hartuko balu, beste fase batean sar liteke gatazka, Kairoren parte hartzeak GNAren milizia aliatuen hilabeteotako aurrerapausoak gelditzea baitu helburu. Neurri handi batean, Turkiaren laguntzari esker lortu du GNAk Haftarren hamalau hilabeteko erasoaldia geldiaraztea. Joan den ekainean eten zuen Haftarrek Tripoli eskuratzeko oldarraldia. Ekialdeko indarrek ez dute lortu hiriburura gerturatzen jarraitzea, Errusiako Wagner mertzenario talde pribatuaren laguntza militarra izan duten arren.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak uztailaren hasieran ohartarazi zuen gatazka «beste aldi batean» sartu dela, eta «kanpoko esku hartzeen eragina sekula ez bezalako mailara» iritsi dela. «Denbora ez dago gure alde». gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.