'Jaro operazioko' auzipetuek ukatu egin dute indarkeria goratu izana

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren Galiziako hamabi independentistek Ceivarren eta Causa Galizaren «legezko jarduna» babestu dute. Fiskaltzak 102 urteko espetxe zigorra eskatu du

Jaro operazioaren auzian akusatutako militante independentisten bideo irudi bat, astelehenean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen ari zirela. BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Guardia Zibilaren Jaro operazioarekin hasi zen prozesu judiziala, 2015ean, eta, bost urteren ondoren, abian da auzi horretan akusatutako hamabi independentista galiziarren kontrako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Astelehenean hasi ziren auzipetuak deklaratzen, eta atzo goizean hartu zuten hitza magistratuen aurretik igarotzeko falta ziren biek. Guztiek ukatu dute fiskaltzak leporatzen dien delitua: «terrorismoa goratzeko» talde kriminal bateko kide izatea. Lau eta hamabi urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu Ministerio Publikoak. 102 urteko kartzela zigorra, orotara. Horrez gain, isun ekonomikoak eskatu ditu; guztira, 348.000 euro. Baita akusatuak inhabilitatzea eta Causa Galiza eta Ceivar elkarteak legez kanporatzea ere.

Causa Galiza alderdi politikoarekin lotura duten bederatzi auzipetuek uko egin diote fiskaltzaren galderak erantzuteari. Defentsari erantzunez, gehienek aitortu dute Causa Galizako kideak direla. Kideak ez, baina jarraitzaileak direla argitu dute bik. Gainerako hiru auzipetuek, berriz, Ceivar errepresioaren kontrako elkarteko kideak direla aitortu dute, eta fiskaltzaren eta defentsaren galderei erantzun diete. Fiskaltzak Resistencia Galega «talde terrorista» goratzea egozten die. Causa Galiza eta Ceivar taldeei, berriz, delitu hori gauzatzeko talde kriminala izatea leporatu die. Horien jarduna erabat legezkoa dela ziurtatu du defentsak, eta Resistencia Galega existitzen dela ere zalantzan jarri dute auzipetuek.

«Terrorismoaren» goratzearekin lotzen ditu fiskaltzak Causa Galizak eta Ceivarrek antolatutako hainbat ekitaldi. Besteren artean, 2014. eta 2015. urteetako Galizia Borrokalari Egunak, eta hainbat militante independentista kartzelatik irten ondorengo harrera ekitaldiak. Horietan parte hartu izana aitortu dute auzipetuek, baina nabarmendu dute ez zutela indarkeria erabiltzera deitu, ezta Resistencia Galega goratu ere. Ekitaldiak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren baimenarekin antolatu zirela azaldu dute, ez zutela inolako zigor administratiborik jaso, ez zela liskarrik izan, eta Poliziak ez zuela esku hartu, gertaerak bertatik jarraitu zituen arren. Ekitaldi horiek «Galiziako independentismoaren memoria historikoarekin» lotutakoak direla azaldu diote epaimahaiari.

Presoen harrerak

Preso independentisten harrerei dagokienez, 2008 eta 2017 bitarteko ongietorriei buruzko azalpenak eman dituzte auzipetuek. Hainbatek azaldu dute harrera jaso zuten presoak ez zirela «talde terroristako kide» izateagatik kondenatuak izan, eta beste batzuk absolbituak izan zirela.

Akusazioak aipatzen dituen harreren artean, bakarra dago Resistencia Galega taldeko kide izateagatik kondenatua izan zen preso bati zuzendua: Antom Santosi eginiko ongietorria, 2017koa. Ugio Caamaño Ceivar elkarteko bozeramaileak adierazi du ekitaldian parte hartu zuela. «Berak inoiz ez zuen esan [Resistencia Galegako] kide zenik, eta Ceivarretik ere ez genuen sekula ere tesi hori onartu, ezta Resistencia Galega existitzen denik ere».

Caamañok argitu du Ceivarrek «arrazoi politikoengatik espetxeratuak diren guztiei» eskaintzen diela aholkularitza. «Fiskaltzaren txostenak era gezurtian bideratuta daude, sinetsarazteko terroristatzat jotzen diren gertakariekin lotutako presoak defendatzen ditugula soilik, baina guk sindikalistak defendatzen ditugu, adierazpen askatasuna urratu zaien gazteak eta abar».

Espainiako justiziak frogatutzat jo du Resistencia Galega «talde terrorista» existitzen dela, baina hori hala dela ukatu zuenJoam Peres Causa Galizako batzorde exekutiboko kide eta auzipetuak, BERRIAk igandean argitaratu zuen elkarrizketan. «Ez da talde horren ekintzarik ezagutzen, ezta egiturarik ere. Egia da azken urteetan indarkeria politikoari lotutako ekintza batzuk izan direla, baina hortik erakunde armatu bat badela esatera jauzi handi bat dago». Peresek nabarmendu zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Ramon Saez Valcarcelen iritziz ere ezin dela halakorik ziurtatu, eta boto partikularra eman zuela Resistencia Galega badela baieztatzen duten bi sententziatan, arrazoi horrengatik.

Xavier Vence BNG alderdiko bozeramaile ohiak eta Bieito Lobeira alderdi bereko Antolakuntza idazkari ohiak ere deklaratu dute, fiskaltzaren eskariz. Biek nabarmendu dute Causa Galizarekin egin dituzten bileretan azken horretakoek ez zutela sekula ere indarkeriaren aldeko adierazpenik egin.

Epaiketako bigarren saioa bi guardia zibilen deklarazioek itxi dute. Elkarte independentisten hitzaldiei, adierazpenei eta ekitaldiei buruzko txostenen berri eman dute. Manuel Chao defentsa abokatuak BERRIAri esan dionez, baina, ez dute aurkeztu «errugabetasun printzipioa» apurtzen duen frogarik, eta gaineratu du akusatuek «ideologia askatasunaren, adierazpen askatasunaren eta biltze eta manifestazio askatasunaren» bermea dutela.

Epaiketa gaur amaitzea zen hasierako aurreikuspena. Hala ere, luzatu egingo da, ia ziur. Beste hamazazpi guardia zibilek deklaratu behar dute, eta defentsaren lekukoen txanda izango da ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.