Su armek eragindako biolentziaren «epidemia» eten nahi du Etxe Zuriak

Egunean 106 lagun hiltzen dituzte AEBetan tiroz. Sei neurri berri aurkeztu ditu Joe Biden presidenteak, hala nola etxean muntatutako armen kontrola handitzea

Joe Biden presidentea, atzo eginiko agerraldian, Etxe Zurian. YURI GRIPAS / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Martxoaren 16an, 21 urteko gazte batek zortzi lagun hil zituen Atlantan (Georgia). Zortzi egun geroago, adin bereko beste herritar batek hamar hil zituen Boulderren (Colorado). Bi tiroketen artean, ordea, beste 800 lagun baino gehiago hil ziren su armen eraginez AEBetan; batez beste, 106 egunero. «Epidemia bat» eta «nazioartean lotsarazteko» arrazoi bat dira kopuru horiek, herrialdeko presidente Joe Bidenen esanetan. Hala, su armen erabileraren inguruko arazoaren «errukigabetasuna» agerian uzten dutela argudiatu du, horien erabilera kontrolatzeko aurkeztutako neurri sorta berria defendatzeko: «Gobernuaren eginbeharra da AEBetako herritarrak babestea».

AEBetako presidentearen esanetan, su armekin hildako herritar kopuruak gora egin du azken urteetan. CNNren arabera, 2019tik 2020ra bitartean, batez beste, %33 hazi zen armen eraginez hildako biztanleen kopurua herrialdeko hiri handienetan, eta hazkundearen biktima nagusiak herritar beltzak eta latinoak izan dira. Hala, tiroketa masiboez harago, «su armen bidezko biolentzia oro murrizteko» helburua dute neurriek, Bidenen hitzetan. Besteak beste, indarkeria matxistaren eraginak aipatu ditu: «Hilabetero, batez beste, 53 emakume tiroz hiltzen dituzte euren bikotekideek».

Denera, sei neurri berri iragarri ditu Bidenen gobernuak. Horietako bat da ghost guns (mamu armak) deritzenen kontrol zorrotzago bat ezartzeko araudi bat prestatzea. Atalka erosi eta etxean muntatu daitezkeen armak dira horiek, eta gero eta gehiago erabiltzen dira herrialde hartan. «Edonork eros ditzake, baita kriminalek eta terroristek ere», azaldu du presidenteak. Hala, Etxe Zuriaren esanetan, Poliziarentzat «arazo» bilakatzen ari dira: «Armak egiteko ia elementu guztiak eta jarraibideak dakartzaten kitak erosten dituzte gaizkileek. Ordu erdi soilik behar da horiek muntatzeko, eta delituak egiteko erabiltzen ari dira».

Gainera, etxean muntatutako armek ez dute serie zenbakirik, eta, ondorioz, haien aztarna jarraitzea zailagoa da. Gauzak hala, Bidenen asmoa da Justizia Departamenduak arma horien «ugaritzea geratzen lagunduko duen» plan bat aurkeztea datozen asteetan.

Geroxeago iritsiko lirateke, berriz, arm brace izeneko dispositiboen erabilera mugatzeko neurriak. Horiek arma laburrei ezartzen zaizkie, besora lotu eta kanoi laburreko errifle baten itxura emateko. Hala, arma ezkutatuta mantentzen laguntzen du, eta zehaztasuna ematen dio. «Hilgarriago egiten du», nabarmendu du presidenteak. Etxe Zuriak jakinarazi duenez, besteak beste, Coloradon hamar lagun hil zituen gazteak halako bat erabili zuen.

Era berean, Bidenek agindu du gobernuak legedi bat prestatuko duela estatuek aukera izan dezaten «krisi egoeran egon» eta «eurentzat edo besteentzat arriskutsuak izan daitezkeen» herritarrei su armak eskuratzeko baimena ukatzeko behin-behinean. Haren familiak edo justiziak egin beharko luke eskaera, eta epaile batek onartu. Bandera gorria bezala ezagun den araudiaren helburua «tiroketa masiboak» ekiditea da, presidentearen hitzetan. Hura, baina, «kongresuaren zain egon gabe» hartutako erabaki bat da, Biden berak onartu duenez, eta, herrialde mailan martxan jarri nahi izanez gero, bi ganberek onartu beharko dute.

Adostasun beharra

Erasorako armak eta gaitasun handiko munizio kargagailuak debekatzeko ere eskatu die Bidenek Ordezkarien Ganberari eta Senatuari. Demokratek gehiengoa dute lehenengoan, baina Senatuan dituzte arazoak. Errepublikanoak gutxiengoan daude, baina halako erreforma bat ekiditeko adina boto dituzte. Bi alderdien arteko desadostasunak ez dira berriak; horren adibide da armen kontrolaren inguruko erreforma esanguratsurik ez onartu izana azken bi hamarkadetan.

Hala, litekeena da Bidenek ATF Alkohol, Tabako, Su arma eta Lehergaien Agentzian egin nahi dituen aldaketak ere aurrera ez ateratzea. Bidenek azaldu du ATFren kontrola «gakoa» dela armen inguruko araudiak berritzeko, eta David Chipman agentziako langile ohia nahi du erakundearen zuzendari gisa.

Neurri horiek ezartzeaz gain, hirietan «biolentzia armatua murriztera» bideratutako programak finantzatzeko eta urtero arma trafikoaren inguruko txostenak egiten hasteko asmoa ere adierazi du Etxe Zuriak.

Horiek lehen pauso gisa definitu ditu Bidenek, eta berretsi «bide luzea» dagoela aurretik. Horren adibide da tiroketa berri bat. Futbol amerikarreko jokalari ohi batek bost lagun hil zituen—tartean bi adingabe—, asteazkenean, Hego Carolinan, eta bere buruaz beste egin zuen gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.