Bidenek aro berri bat ireki nahi du Afganistanen, aurrekoa ixteke duela

AEBek eta NATOk iragarri dute tropak erretiratuko dituztela, eta horrek egoera desegonkortuko duen beldur da Kabul. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Afganistango agintariekin bildu da

Afganistango armadaren bi soldadu kontrol postu batean, Jalalabad hirian. GHULAMULLAH HABIBI / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Afganistan inbaditzeko justifikaziotzat erabili zuen George Bush AEBetako presidenteak 2001eko irailaren 11ko atentatua, Al-Qaeda talde islamistari talibanek bertan aterpe ematen ziotela argudiatuta. Hogei urte geroago haren kargu berean dagoenak ez du argudio agerikorik, ordea; ez, behintzat, AEBen helburu militarren arabera neurtuta: ez dute lortu talibanak garaitzea, eta ezta Al-Qaeda guztiz deuseztatzea ere. Momentua dela erabaki du Joe Bidenek orain, eta soldaduak aterako dituela iragarri zuen herenegun, nahiz eta ez duen beteko Trump presidente ohiak talibanekin adostutakoa —maiatzaren 1aren aurretik tropak ateratzea hitzartu zuten—.

Datorren hilean hasi eta irailaren 11n amaitu nahi du Afganistanen dituen 2.500 soldaduen erretiratzea Bidenek, dorre bikien aurkako atentatuaren urteurrenaren egunean. Mailakatua izango da, hortaz. Hark erabakiaren berri eman eta gutxira, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek jakinarazi zuen gauza berbera egingo dutela erakunde horrek herrialdean dituen 7.000 soldaduekin, agerian utziz elkarrekin koordinatutako operazioa izan dela.

Haren aurrekoek egin ez zutena egingo duena izan nahi du Bidenek, Alderdi Demokratari geroz eta pisutsuagoa egiten ari zaion auzi bati erdibideko irtenbide bat emanda. «Afganistanen tropak dituen AEBetako laugarren presidentea naiz. Bi errepublikano eta demokrata bat izan dira aurretik. Ez diot erantzukizun hau bosgarren bati utziko», adierazi zuen herenegun, soldaduak aterako dituela iragartzeko agerraldian. Aitortu zuen, era berean, horretarako baldintzak ez direla izan zitezkeen onenak, eta erantsi ezin dela «ziklo hau» luzatu «baldintza idealak sortzeko helburuarekin».

Hori egin zuten, hain zuzen, presidente karguan haren aurretik izandako Barack Obamak etaTrumpek: presentzia militarra luzatu, hori egin ezean herrialdeko egoera are gehiago ezegonkortuko zela eta. Hain justu, Obamaren agintaldian presidenteorde izan zen Biden, eta bera izan zen tropak ateratzearekin gehien tematu zirenetako bat. Irakeko esperientziak pisua izan zuen erabaki hori ez hartzerakoan, ordea, handik soldaduak atera eta gero indartu egin baitzen Estatu Islamikoa.

Arantza atera, eta duela bi hamarkada hasitako aroari amaiera eman nahi dio AEBetako presidenteak, haren gobernuaren erronka nagusiari heltzeko: Txinarekin duen lehia ekonomikoari. Presidenteak argi esana du potentzien lehia horri zentralitatea emango diola, eta horri tamaina hartzeko balio dezake FBIko zuzendari Cristopher Wayk herenegun Senatuan egindako hitzartzeak, azaldu baitzuen «hamar ordutik behin» Txinaren inguruko ikerketa berri bat zabaltzen dutela. «Ez dut uste beste inongo herrialde mehatxu handiagoa denik gure garapenerako, segurtasun ekonomikorako eta balio demokratikoetarako», erantsi zuen.

Zer utziko atzean

Tropen irteera kezka iturri da Afganistango Gobernuarentzat, eta horrek herrialdean utz dezakeen egoeraz ohartarazi izan du. Stoltenbergek ere abisatu zuen arriskuaz, eta adierazi zuen nazioarteko indarren aurkako edozein erasok «erantzun azkar bat» ekarriko lukeela. Denbora tarte batez gobernuan talibanekin agintzea eta inguruko herrialdeak bake prozesuan inplikatzea proposatu zion AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek Axraf Ghani Afganistango presidenteari, eskutitz batean.

Hain justu, Kabulera iritsi zen atzo Blinken, ezustean, eta herrialdeko agintari nagusiekin bildu zen bertan; besteak beste,Ghanirekin eta HCNR Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Nagusiko presidente Abdullah Abdullahrekin. AEBen erabakia «errespetatzen» dutela adierazi zuen Ghanik, ohar baten bidez. Halaber, «trantsizio erraz» bat egin nahi dutela ere nabarmendu zuen: «AEBek beren tropak Afganistandik erretiratzeko erabakia hartu duten honetan, argi eztabaidatu behar dugu kooperaziorako fase berri baten hasieraz, elkarrenganako errespetuan eta bi herrialdeen interesetan oinarrituta».Baztertu egin zuen erabakiak euren arteko harremana kaltetuko duenik, haren arabera, AEBek beraien «konpromisoa» mantentzen baitute Afganistanekin.

Kabul beldur da talibanek egoera aprobetxatuko ote duten, AEBek eta NATOk utzitako zulo militarrak baliatuta. Orain arte agertutako asmo politikoak berretsi zituen atzo Zabihula Muyahid talibanen bozeramaileak. «Ez diogu inolaz ere uko egingo okupazioaren ostean erabateko independentzia eskatzeari eta sistema islamiko bat ezartzeari, ez eta Afganistango arazoari irtenbide baketsu bat emateko daukagun konpromisoari ere».

Bidenek herenegun iragarritakoa gogor kritikatu zuen talibanen buruzagiak. Dohan AEBekin izenpetutako bake akordioa «publikoki urratu» izana egotzi zion, eta eskatu «aitzakiak» jartzeari utzi eta «lehenbailehen» soldaduak ateratzeko. Halaber, ohartarazi zuen hartutako erabakiak izan ditzakeen ondorioen «erantzukizuna» AEBena dela.

Berez, gaur ziren hastekoak talibanen, Afganistango Gobernuaren eta AEBetakoaren arteko bake negoziazioak, Turkiako Istanbul hirian. Ez zirela bertan izango jakinarazi zuten talibanek astelehenean, joateko moduan ez zirela esanda, eta atzeratu egin zuten topaketa; apirilaren 24tik maiatzaren 4ra bitartean egingo dituzte. Aurrez, igandean, Afganistango Gobernuak eta talibanek aurreakordio bat egin zuten Istanbulen eztabaidatu beharreko gaien inguruan. Bederatzi puntu zehaztu zituzten; besteak beste, su-etena ematea eta trantsizio gobernu bat eratzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.