Albistea entzun

Egoera bideratu ezinik

Macron eta Biden hizketan aritu dira Aukus akordioak eragindako gatazkak baretzeko asmoz, eta urriaren amaieran bilduko dira. Le Mairek «begiak irekitzeko» eskatu die EBko kideei
Scott Morrison, AEBetako eta Erresuma Batuko gobernuburuak pantailetan ageri direla, aurreko astean.
Scott Morrison, AEBetako eta Erresuma Batuko gobernuburuak pantailetan ageri direla, aurreko astean. MICK TSIKAS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2021eko irailak 24

AEBen, Erresuma Batuaren eta Australiaren arteko Aukus akordioak irekitako zauriak ixtetik urrun daude oraindik. AEBetako presidente Joe Bidenek eta Frantziako haren homologo Emmanuel Macronek telefonoz hitz egin zuten atzo, eta urriaren amaieran aurrez aurre biltzeko konpromisoa hartu zuten. Australiako Gobernua, berriz, Eliseoarekin mintzatzeko zain dago, hark «traizio» egitea leporatu ostean. Parisek iragarri du «gogor» jokatuko duela Canberrarekin, eta azaldu urpekoak erosteko akordioa hautsi izanak 900 milioi euroko kostua eragin diezaiokeela.

«Bizkarretik labankada bat» jasotzea bezalakoxea. Hala definitu zuen Frantziako Atzerri ministro Jean-Yves Le Drianek Australiaren jokabideak Parisen izan duen eragina. Bruno Le Maire Ekonomia ministroak, berriz, Washington jarri zuen atzo jomugan, esanez hark «ardura estrategiko bakar bat» duela: Txina. Hala, EB Europako Batasuneko kideei «begiak irekitzeko» eskatu zien, aurreko asteko erabakiak batasunaren etorkizunean eragina izango duelakoan. Haren ustez, irakasgaia argia da: EBk «independentzia estrategiko bat» eraiki behar du, eta AEBen «esaneko aliatu» izateari utzi. «Bihar legez kanpoko migrazioarekin arazo handi bat badago, Afrikatik datorren terrorismoarekin arazoren bat badago, nork babestuko gaitu? Guk geuk soilik», gehitu zuen France Info irrati katean eginiko elkarrizketan.

Halere, tonua lasaiagoa izan zen Macronen eta Bidenen arteko elkarrizketan. Bigarrenak eskatuta, «normaltasunera itzultzeko» balioko duen dei bat egin zuten, AEBetako Prentsa Idazkari Jen Psakiren esanetan. Hartan, urriaren amaieran Europan batzartzeko konpromisoa jartzetik haratago —data horietan dira egitekoak G20 goi bilera, Erroman—, gauzak guztiz ongi ez egin izana onartu zuen AEBetako presidenteak; zehazki, gaia Frantziarekin tratatu ez izana. Psakik, baina, ez zuen argitu hark barkamenik eskatu ote zuen.

Indo-pazifikoko egoerari dagokionez, berriz, Frantziak eta EBk eremuari emaniko garrantzia estrategikoa txalotu zuen Bidenek, eta batasunak «defentsa indartsuago bat» garatzearen alde agertu zen, horrek nazioarteko segurtasunean lagundu dezakeelakoan. Asia hego-ekialdeari soilik ez, ordea, errebotez bada ere, Afrikako egoerari ere eragin dio liskarrak. Izan ere, EBko estatu kideek Sahelen martxan dituzten «operazio antiterroristei» babes handiagoa emateko asmoa adierazi zuen Etxe Zuriak.

EBko diplomaziaburu Josep Borrellek bilera horrek bien arteko tentsioa baretzeko balio izatea espero du: «Ziur naiz batera egingo dugula lan». Halere, hark ere itsusitu egin du akordioa eurak kontuan hartu izan gabe itxi izana, eta aferak, Frantziari soilik ez, batasun osoari eragiten diola nabarmendu du.

Australiari entzungor

Aurrerapenik izan ez dutenak Canberraren eta Parisen arteko harremanak izan dira. Australiako lehen ministro Scott Morrisonek atzo azaldu zuen Macronekin hitz egiten saiatu dela azken astean, baina ez duela erantzunik jaso: «Pazientzia izango dugu. Ulertzen dugu haien atsekabea». Halere, bere jarrera defendatu zuen, argudiatuta «Australiaren segurtasun nazionaleko interesen» mesedetan jardun zuela, eta erabakiak eragindako ondorioei erantzuteko prest dagoela.

Aste hasieran, Frantziako Defentsa Ministerioak argitaratu zuen Australiak urpekoak erosteko akordioa berresten zuen mezu bat bidali zuela Parisera, Aukus akordioaren berri eman zuten egun berean. Motzean, «kontratuaren hurrengo faseari hasiera emateari» baietza eman zion Canberrak, ministerioko bozeramaile Herve Grandjeanen esanetan.

Oso bestelakoa da, ordea, Australiako Gobernuaren bertsioa. Herrialde hartako Defentsa Ministerioaren arabera, mezu bat bidali zuten Canberratik, baina AEBekin eta Erresuma Batuarekin defentsa akordioa itxi baino egun bat lehenago egin zen, eta hartan ez zen konpromiso berririk adierazten. Are gehiago, defendatu zuen Naval Group kontratistarekin —urpekoak egitearen arduraduna— sinatutako akordioak tratua bertan behera uzteko aukera ematen diola, zigor ekonomiko bat ordaintzearen truke. Hori 900 milioi euro ingurukoa izateko lan egingo du Parisek.

Australiak Naval Group enpresak eginiko hamabi urpeko erosteko konpromisoa hartu zuen 2016an. Operazioak, denera, 56.000 milioi euro inguruko balioa izango zukeen, baina hilaren 15ean akordioa haustea erabaki zuen Canberrak. Egun berean, Aukus ituna sinatu zuen AEBekin eta Erresuma Batuarekin. Haren arabera, bi estatu horiek propultsio nukleardun urpekoak egiteko beharrezko teknologia emango diote Australiako armadari, baita horiek eraikitzeko laguntza ere.

Frantziarekin eginiko tratua hautsi izanak urteko diru iturrien %10 galtzea suposatzen du Naval Group enpresarentzat, eta kalteak eragingo ditu harekin lan egiten duten enpresetan ere. Parisentzat, ordea, eragina ez da ekonomikoa soilik. Akordioak Hego Txinako itsasoan izango du eragin nabarmenena, baina baita Ozeano Barean ere. Han hainbat uhartedi ditu Frantziak —hala nola, Kaledonia Berria eta Polinesia Frantsesa—, eta, beraz, interes geoestrategikoak.

AEBen helburua hark eta haren aliatuek Hego Txinako itsasoan, eta inguruko herrialdeetako ekonomian, duten presentzia areagotzea da, Pekinen kaltetan. Hala, inguruko gobernuek irakurketa ezberdinak egin dituzte. Txinako Gobernua izan da kritikoena, eta akordioak lasterketa armamentistiko bat eragin dezakeela salatu du. Zalantzak azaldu dituzte ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko hainbat kidek ere, besteak beste, Malaysiak eta Indonesiak. Kontrara, Filipinek eta Singapurrek uste dute mugimenduek indarren oreka bat erabat dezakeela eremuan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Ecowaseko ordezkariak eta Gineako junta militarrekoak elkarrekin, iazko irailean Konakryn egin zuten bilera batean. ©STR / EFE

Afrika mendebaldeko estatuek indar militar bat eratuko dute

Gorka Berasategi Otamendi

Ecowasen xedea da egonkortasuna bermatzea estatu kolpeek astindutako eskualde horretan. Maliri, Gineari eta Burkina Fasori eskatu die azkartu dezatela boterea zibilei itzultzeko prozesua
Pedro Castillo atxilotuta ageri den telebista bat, gaur, Liman. ©Paolo Aguilar / EFE

Atxilotu egin dute Castillo, kongresua desegin eta salbuespenezko gobernu bat ezarri ostean

Paulo Ostolaza - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Peruko Fiskaltzak eman du atxilotzeko agindua. Aurrez, kongresuko diputatuek gehiengo osoz erabaki dute presidentea kargugabetzea. Estatu kolpea ematea egotzi diote bere alderdiak eta hainbat ministrok, besteak beste.

Fernandez, azaroan, La Plata hirian egindako ekitaldi batean. ©DEMIAN ALDAY / EFE

Cristina Fernandezi sei urteko kartzela zigorra ezarri dio auzitegi batek

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ustelkeria leporatu diote, eta inhabilitazioa ezarri. Foruduna denez, Argentinako presidenteordeak babesa izango du 2023ko udaberrira arte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.