Txekian koalizio gobernua osatzeko akordioa sinatu dute bost alderdik

Zentro-eskuineko alderdien aliantzak Petr Fiala proposatuko du lehen ministro izateko eta Andrej Babis ordezkatzeko. Herrialdearentzako «aldaketa sistematikoen beharra» aldarrikatu du

Petr Fiala Elkarrekin koalizioko burua hitza hartzeko bidean, atzo, Txekiako diputatuen ganbera berriaren irekiera ekitaldian. MARTIN DIVISEK / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Txekiako Diputatuen Ganberarako hauteskundeak egin eta hilabetera, koalizio gobernua osatzeko akordioa izenpetu zuten atzo zentro-eskuineko bost alderdik: Elkarrekin aliantzako hiru indar kontserbadoreek eta Piratak eta Alkateak koalizioko bi alderdiek. Alderdi Demokratiko Zibikoaren zerrendak lortu zituen boto gehien —botoen %27,8—, eta, itunean zehaztutakoaren arabera, beren lider Petr Fiala proposatuko dute lehen ministro izateko eta, orduan, Andrej Babis azken lau urteotan karguan egondakoa ordezkatzeko. «Herrialdea aurrerantz bultzatuko duten aldaketa sistematikoak behar ditugu. Herritarrak arduratzen dituzten arazoak ahalik eta azkarren konpondu behar ditugu, eta erasan dioten krisietatik atera behar dugu herrialdea», nabarmendu zuen Fialak atzo, diputatuen ganbera berria osatzeko saioaren ondoren akordioa plazaratzeko egindako prentsa agerraldian.

Hasi dute, horrenbestez, gobernu berria osatzeko prozesua, eta, ondo bidean, Gabonen bueltarako martxan egongo da. Bihar diputatuen ganberako mahaia aukeratzekoak dira, eta orduan dimisioa eman ahal izango du jarduneko gobernuak; halere, Milos Zeman presidenteak gobernu berria izendatu arte, behin-behinean gobernatzen segituko du. Gibeleko urritasun bat dela-eta ospitaleratuta dago Zeman, joan den urriaren 10etik —25 egun egin zituen zainketa intentsiboen unitatean—, eta, joan den astean irrati batean egin zioten elkarrizketa batean adierazi zuenez, gobernua osatzeko eskatuko dio Fialari.

Eta baziren zalantzak Zemanen jarreraren inguruan, Babisen aliatua izan baita azken urteetan. Baina hauteskundeetako emaitzei erreparatu eta berehala konturatu ziren ANOn, jarduneko lehen ministroaren alderdian, ezingo zutela gobernuan jarraitu, nahiz eta koalizio garaileak baino 35.000 boto gutxiago bakarrik bildu: %27,1. Izan ere, 200 eserleku ditu diputatuen ganberak, eta gobernua osatzeko elkartu diren bost indarrek 108 aulki lortu dituzte —hauteskunde gauean bertan erabaki zuten gobernua osatu ahal izateko negoziazioei ekitea—.

«Populismoa» bukatu nahi du Fialak, atzo esan zuenez; «oihuak eta gatazka» amaitu. Ez zuen Babisen izena aipatu, baina horiek leporatzen dizkio jarduneko lehen ministroari, Txekiako pertsonarik aberatsenetako bati, nekazaritza industrialeko enpresariari. Iruditzen zaio, era berean, ez duela behar bezala kudeatu «zerga ordaintzaileen dirua». Esate baterako, herrialdearen zorra BPG barne produktu gordinaren %30 zen 2019an, eta %44 da orain; neurri handi batean, COVID-19ak eragindako krisia dela-eta administrazioak langabeziari aurre egiteko hartutako erabakiengatik.

Gainera, hauteskundeak egin baino egun batzuk lehenago, Pandoraren paperak direlakoen filtrazioan agertu zen haren izena, eta ustelkeria kasuekin lotu zuten. Azaleratutakoaren arabera, hemeretzi milioi euro bideratu zituen offshore sozietateetara, eta horien bidez bere identitatea ezkutatu, Frantzian gaztelu bat erosteko asmoz, adibidez. Beste ustelkeria kasu batzuekin ere lotu dute.

Gutxiengoan gobernatu zuen sozialdemokratekin, eta komunisten babesa ere eduki zuen. Nolanahi ere, kutsu kontserbadorea eduki zuten gobernuaren politikek, eta aurreikusten da aurrerantzean ere bide beretik jarraituko duela Fialak, egiteko moduak eta mezuak aldatuko diren arren. Izan ere, Babisen aldean politikari klasiko bat da. 2012tik 2013ra Hezkuntza ministroa izan zen,2013tik da diputatua, eta 2014tik dago Alderdi Demokratiko Zibikoaren lidergoan. Zientzia Politikoetan lizentziatua da, eta Masaryk Unibertsitateko errektorea izan zen.

Ministerio banaketa

Ikusteko dago zer-nolako harremana edukiko duten gobernuko bazkideek haien artean; esaterako, EB Europako Batasunari begira. Fialaren alderdia euroeszeptikoa da, eta piratak, ordea, europazaleak. Dena den, akordioaren arabera, klubean jarraitzeko intentzioa irmoa da, eta giza eskubideen defentsaren ikuspegia indartu asmo dute. Hamazazpi ministerio edukiko ditu gobernu berriak —aurrekoak baino hiru gehiago—, eta hamar Elkarrekin koalizioaren esku egongo dira; tartean, Finantzak, Lana eta Gizarte Gaiak, Osasuna eta Justizia. Piratak zazpi kudeatzekoak dira, eta horien artean daude Hezkuntza, Barne eta Atzerri ministerioak. Visegradeko taldearen bileretan parte hartu beharko dute—Hungaria, Polonia, Txekia eta Eslovakia—, eta, Elkarrekin-ekoek ez bezala, Alderdi Piratako kideek Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren jokabidea kritikatu izan dute.

Alderdi Pirata aurrerakoia eta ekologista da, eta, koalizio gobernuaren dokumentuan jaso dutenez, konpromisoa hartu dute Txekian pixkanaka murriztuz joateko ikatzaren erabilera energia iturri gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.