Aung San Suu Kyiri bi urteko kartzela zigorra jarri diote, matxinada sustatzea egotzita

Militarrek agintea hartu osteko lehen kondena ezarri diote Myanmarko Estatu kontseilari kargugabetuari. NBEk eskatu du zigortua «berehala» askatzeko

Aung San Suu Kyi Myanmarko Estatu kontseilari kargugabetu eta Bakearen Nobel sariduna, artxiboko irudi batean. FRANCK ROBICHON / EFE.
ander perez zala
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Aung San Suu Kyiren kontrako lehen sententziaren berri eman dute: Myanmarko Estatu kontseilari kargugabetu eta Bakearen Nobel saridunari bi urteko kartzelaldia ezarri diote, militarren gobernuaren kontrako matxinada sustatzea eta koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriak urratzea leporatuta. Auzitegi batek lau urteko espetxealdia agindu zuen atzo haren aurka, baina, horren ostean, kondena erdira txikitu zioten junta militarreko buruzagi Min Aung Hlaingen aginduz. Win Myint presidente kargugabetuari delitu berberak egotzi dizkiote, eta lau urteko kartzelaldia ezarri; horrez gain, bi politikari zigortuek ezingo dute hurrengo bozetan parte hartu, inhabilitazio zigorrak ere jarri baitizkiete.

Myanmarko justiziaren erabakiak hainbat kritika eragin ditu herrialdean zein nazioartean, eta zenbait estatuk eta erakundek gogor gaitzetsi dituzte erabakiok, argudiatuta «arrazoi politikoak» daudela horien atzean. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatari Michelle Bacheletek atzo adierazi zuen epaiketa «faltsua» izan dela, «militarrek kontrolaturiko auzitegi batean» gertatu dela, eta horrek «agerian» uzten dituela erabakiaren «motibazioak». Horregatik, Bacheleten ustetan, ezinbestekoa da Aung San Suu Kyi «berehala» askatzea.

NBEren goi mandatariak zenbait datu ere eman zituen Myanmarko egoeraz: hilabeteotan 10.000 lagun inguru atxilotu dituzte «modu arbitrarioan», eta horietako 175 hil egin dira zaintzapean zeudela; «ziurrenik», torturengatik.

Josep Borrell Europako Batasunaren diplomaziaburuak ere bide beretik jo zuen sententziez aritzean, eta adierazi zuen epai horien bidez «beste pauso bat eman» dutela Myanmarko «zuzenbide estatuaren desegitean eta giza eskubideen urraketan».

Aung San Suu Kyi etxeko atxiloaldian da iragan otsailaren hasieran militarrek agintea hartu zutenetik, eta han beteko du jarri berri dioten kondena. Horrez gain, beste bederatzi delituri ere egin behar die aurre; tartean, ustelkeria eta sekretu ofizialen legea haustea.Hortaz, denera ehun urte pasatxoko espetxealdira zigortu lezakete, gerora jakinaraziko dituzten sententzien bitartez.

Orain arte, auzi saio guztiak ateak itxita egin dituzte, eta sumarioa sekretupean jarri dute; hau da, ez da informaziorik atera horietatik, eta abokatuak ezin dira gaiaz mintzatu, ezta elkarrizketak eman ere. Gauza bera espero da hurrengo epaiketetarako.

Egungo egoera politikoak azken hamarkadako gertakariak ditu oinarri. 2011n, militarrek onartu egin zuten boterea partekatzea, eta 2015ean hauteskundeak antolatu zituzten, ia mende erdi iraun zuen diktaduraren osteko lehenak. Boz horietan, Bakearen Nobel saridunaren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak lortu zuen ordezkaritzarik handiena, eta iazko azaroan ere alde handiz irabazi zituen bozak, 440 eserlekutik 258 bilduta. Militarren arabera, ordea, «iruzurra» egin zuten boz haietan, nahiz eta hauteskunde batzordeak behin eta berriz ziurtatu duen ez zela halakorik gertatu.

Hala, herrialdeko agintea hartzea erabaki zuten aurtengo otsailaren hasieran, konstituzioko artikulu batean oinarrituta: 417.ak armadari esku hartzeko baimena ematen dio «Myanmarko batasunaren suntsitzea gerarazteko».Nazioarteko komunitateak salatu zuen militarrek kolpetik eten zutela «trantsizio demokratikorako abiaturiko» bidea.

Atxilotuta dagoenez, Aung San Suu Kyik ezin du adierazpen publikorik egin; argitara atera diren haren esaldi bakarrak hauek izan ziren, iragan maiatzean: «Herriarentzat sortu zen NLD, eta existitzen jarraituko du jendeak hor jarraitu bitartean». Myanmarko Estatu kontseilari kargugabetuak hitz horiekin erantzun zuen NLD legez kanpokoa bilakatzeko erabakiari. Finean, alderdiaren zilegitasuna defendatu zuen.

Herrialdeko sinbolo bat

Aung San Suu Kyi Myanmarko diktadura militarraren kontrako sinbolo bat da, eta borroka horrengatik jaso zuen Bakearen Nobel saria, 1991n; zehazki, «kontzientzia demokratikoa pizteko eta giza eskubideak defenditzeko egindako lanagatik». Erresuma Batuan egin zituen ikasketak, eta 1980ko hamarkadaren amaieran itzuli zen Myanmarrera. Demokraziaren aldeko mugimendu baketsuetan hartu zuen parte, NLD alderdiaren barruan.

1990eko hauteskundeetan, NLDk botoen %59 lortu zituen. Aung San Suu Kyi lehen ministro izatekotan zela, armadak baliorik gabe utzi zituen bozak, eta etxeko atxiloaldia ezarri zioten NLDko buruzagiari, 2011ra arte.

2015eko bozen ostetik Estatu kontseilari kargua zuen Aung San Suu Kyik. Agintaldian kritika dezente izan ditu, batez ere rohingyen jazarpenagatik. Izan ere, 2017an, etnia horretako herritarren kontrako errepresio kanpaina bat abiatu zuen Myanmarko armadak; NBEren arabera, 25.000 hildako eta 725.000 desplazatu eragin zituen operazioak. «Garbiketa etnikoa» egitea ere leporatu zioten.

Horren ondorioz, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Myanmarren kontrako epaiketa hasi zuen iaz, genozidioagatik, eta Aung San Suu Kyi bera aritu zen estatuaren defentsa zuzentzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.