Metsola kontserbadorea aukeratuko dute Europako Parlamentuko presidente

Maltako eurodiputatuak sozialdemokraten eta liberalen babesa jasoko du gaurko bozketan. «Arlo soziala eta arau fiskalak» izango ditu lehentasun

Roberta Metsola Europako Parlamentuko behin-behineko presidentea —zutik—, atzo ganberan David Sassoliri egindako omenaldian. EUROPAKO PARLAMENTUA.
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Duela bi urte eta erdi Europako Parlamentuko demokristauek, sozialdemokratek eta liberalek adosturikoa kontuan hartuz gero, legealdiaren bigarren zatirako politikari kontserbadore bati dagokio ganberako presidentetza hartzea. Hortaz, David Sassoli zenaren agintaldiaren ostean —SEA Sozialista Europarren Alderdikoa zen—, EAP Europako Alderdi Popularreko europarlamentari batek hartuko du haren lekua, gaur: Roberta Metsolak beteko du kargu hori, Sassoli hil arte europarlamentuko lehen presidenteorde izandakoak, eta egunotan hark utzitako hutsunea bete duenak.

Metsola 2013tik da eurodiputatu, eta 2020ko urritik zegoen ganberako zuzendaritzan. Maltako Alderdi Nazionalistako kidea da—oposizioko indar nagusia da han—, eta baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen 2003an, haren herrialdea EB Europako Batasuneko estatu kide bilakatzeko erreferendumean. Europako Parlamentuko ordezkari izan aurretik, besteak beste, Maltaren EBko ordezkaritzan egin zuen lan, Bruselan.

Printzipioz, Metsolak europarlamentari kontserbadoreen, sozialdemokraten eta liberalen babesa jaso beharko luke gaur; hau da, 705 ordezkarietatik 421ena, nahikoa lehen bozketan hautatua izateko. Baina ez da ziurra hautagaiaren aldeko babesa kopuru horretara iritsiko den ala ez —botoa sekretua da—, zalantza handiak eragin baititu abortuaren aurka duen jarreragatik —legez kanpokoa da Maltan—.

Horretaz, kontserbadoreen hautagaiak lasaitasuna helarazi nahi izan die bi indar horiei, eta asteon haiekin bildu da ziurtatzeko errespetatu egingo dituela Europako Parlamentuak auzi oroz hartzen dituen erabakiak eta finkatzen dituen jarrerak.

SEAkoak eta Europa Berritukoak negoziatzen aritu dira egunotan EAPkoekin, Metsolaren alde bozkatzearen truke beste kargu batzuk lortzeko; tartean, ganberako presidenteorde postu gehiago —hirutik bostera pasatuko dira—, baita idazkari nagusiarena ere, baina hori azkenean ez da adostasunaren parte izan. Hain justu, gaurko bozketak eragina izango baitu botere balantzan: Europako Parlamentuko presidentea demokristaua izango denez, familia politiko horrek EBko erakundeetako hiru postu garrantzitsuenetako bi izango ditu, Europako Batzordeko presidentetzarekin batera —Ursula von der Leyen da karguduna 2019az geroztik—.

Eta badirudi elkarrizketa horiek guztiek arrakasta izan dutela, sozialdemokratek atzo arratsaldean jakinarazi baitzuten Metsolaren alde bozkatuko dutela, liberalekin batera. Akordioak «gehiengo sendo bat bermatzeko» beharra aipatzen du, eta abortuaren aferari erreferentzia egiten dio, hiru indar politikoen lehentasunak «zuzenbide estatua, emakumeen eskubideak, arlo soziala eta arau fiskalak» izango baitira.

Hala, Metsola Europako Parlamentuko presidente kargua hartuko duen politikaririk gazteena bilakatuko da —gaur 43 urte beteko ditu—, eta hori egiten duen hirugarren emakumea; haren aurretik Simone Veil (1979an) eta Nicole Fontaine (1999an) aukeratu zituzten, biak ala biak Frantziakoak.

Beste hiru hautagai

Eurodiputatu kontserbadoreak garaipena ziurtatua duen arren, hiru hautagai izango ditu aurrean: Alice Bah Kuhnke ekologista (Suediakoa), Sira Rego ezkertiarra (Herrialde Katalanetakoa) eta Kosma Zlotowski ultrakontserbadorea (Poloniakoa). Indar horien helburua da «alternatibak» exisitzen direla erakustea, bozketaren aurretik emango dituzten diskurtsoen bidez, batez ere.

Prozesua 09:00etan hasiko dute, eta lau presidentegaiek beren burua aurkeztu beharko dute. Ordu erdi izango dute horretarako, eta, horren ostean, 45 minutu iraungo duen bozketa bat hasiko dute; emaitza 11:00etan jakinaraziko dute, eta, printzipioz, orduan izendatuko dute Metsola ganberako presidente. Botoen gehiengo osoa lortuko ez balu, beste bi bozketa egin beharko lituzkete: 13:00etan eta 16:30ean.

Laugarrena egin beharko balute, soilik bi hautagaik parte hartu ahalko lukete, hirugarrenean babesik handiena lortuko luketen biek. Hori gertatuko balitz, 18:30ean emango lukete azken emaitzaren berri; halere, atzoko adierazpenak kontuan hartuz gero, badirudi ez dituztela lau saiakera egin beharko.

Europako Parlamentuko buruaren egitekoen artean daude saioak gidatzea, europarlamentarien lana gainbegiratzea eta ganbera EBko beste erakundeen aurrean eta atzerrian ordezkatzea, esaterako.

Bi urte eta erdiko agintaldia izan ohi du, baina izan da salbuespen bat: Martin Schulz sozialdemokratak (Alemaniakoa) karguan jarraitu zuen, eta bost urteko legealdia bete zuen, 2012tik 2017ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.