Gerra Ukrainan

Errusiak bonbardaketak ugaritu eta Kreminna hiria hartu du Donbassen

Moskuren esanetan, 1.200 «helburu militar» baino gehiago suntsitu zituen astelehen gauean. Lavrovek dio gerra «beste fase batean» sartu dela. Kharkiven lau hildako eragin dituzte erasoek

Emakume bat, hondatutako denda baten paretik oinez, atzo, Ukrainako Kharkiv hirian. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Ukraina ekialdeko frontean, erasoaldia indartu du Errusiak. Donbass eta Kharkiv eskualdeetan bonbardaketak ugaritu zituen herenegun gauean. Kremlinek adierazi zuenez, 1.200 «helburu militar» baino gehiago suntsitu zituen. Horien artean, 25 komandantzia postu eta bi armamentu biltegi. Kharkiv hirian, bonbek lau hildako eta hamalau zauritu eragin zituzten, Kieven esanetan. Ukrainaren kontrako gerra hasi zuenetik —otsailaren 24an— Errusiak orain arte egin duen bonbardaketarik handienetako bat izan zen astelehenekoa. Horrez gain, Errusiako armadak Kreminna hiria hartu zuen, Donbassen. Luhanskeko gobernadore Serhi Haidaik azaldu zuenez, Moskuk «metro karratu oro» bonbardatu zuen, eta hiria uztera behartu zituen Ukrainako indarrak.

Borrokek segida izan dute Mariupolen, hego-ekialdeko kostaldean ere. Hiria defendatzen ari diren Ukrainako indarrek burdin eta altzairu lantegi baten barnean babestuta eman dituzte azken egunak. Errusiak ultimatuma eman die amore eman eta hiria Errusiaren esku utz dezaten, baina Ukrainak erantzun du ez duela halakorik egingo. Kieven arabera, zibilak ere badaude lantegi horretan. Ramzan Khadirov Txetxeniako Errepublikako buru eta Putinen aliatuak adierazi du Errusiako indarrek lantegia suntsituko dutela «gaur [atzo] edo bihar [gaur]» Ukrainako indarrek beren burua entregatzen ez badute.

Borrokak gogortuta, gerra «beste fase batean» sartu dela esan zuen atzo Segei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, eta «Donbassko bataila» hasia dela adierazi zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak herenegun. Zelenskiren esanetan, Errusiak bere armadaren «zati handi bat» du eskualdean. Mikhailo Podoliak Kieveko negoziazio taldearen buruak nabarmendu duenez, erasoaldiak eragin zuzena izango du Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake elkarrizketetan. Haren iritziz, Mosku negoziazioetarako posizioa indartu nahian ari da bide militarretik. Hori dela eta, zaila iruditzen zaio bake elkarrizketak berriz noiz hasiko dituzten iragartzea. Bi aldeetako ordezkaritzek ez dute aurrez aurreko bilerarik egin joan den martxoaren 29tik.

Egun berean, Kiev inguruan zituen tropak erretiratzen hasi zen Errusia, Ukrainako hiriburuan sartzeko ahaleginean erresistentzia gainditu ezinik. Moskuk orduan adierazi zuen Donbassko eskualdea «askatzea» izango zuela lehentasun. Donbassen, Ukrainako armadaren aurka borrokan ari dira indar errusiazaleak, 2014. urtetik. Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aldarrikatu zuten urte horretan, eta Errusiak estatu independentegisa aitortu zituen gerra hasi baino hiru egun lehenago.

Tropak Kiev ingurutik atera dituenetik, Moskuk Ukraina ekialdean pilatu ditu baliabide militarrak.

Gerraren «bigarren fasean», Donbass Errusiaren arretagune nagusi izango dela berretsi zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, joan den astean. Hala ere, ohartarazi zuen Errusiak gerraren hasieran zehaztu zituen helburuak beteko dituela «osorik». Horiek ziren Ukraina «desmilitarizatzea» eta «desnazifikatzea».

Adierazpen horiek bat datoz John Kirby Pentagonoko bozeramaileak esandakoekin. Haren hitzetan, Errusiak baliabideak ekialdera mugitu izanak ez du esan nahi Ukrainako beste eremu batzuei eraso egingo ez dienik. Aldiz, ohartarazi du «etorkizunean operazio gehiago egiteko baldintzak ezartzen» egon daitekeela.

NBEk su etena eskatu du

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak lau eguneko su etena eskatu die Errusiako eta Ukrainako gobernuei, kristau ortodoxoen pazko egunetan —apirilaren 21etik 24ra—, zibilak gatazkaguneetatik atera eta laguntza humanitarioa eremu kaltetuenetara helarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.