Gerra Ukrainan

Bake elkarrizketez aritu ordez, gasaz aritu dira Putin eta Erdogan

Turkian «gas gune handi bat» egitea proposatu du Kremlineko buruak. Zelenskik auzitegi bat eskatu du Errusiaren «gerra krimenak» epaitzeko. Azken erasoak gorabehera, argindar sarea «egonkor» dago Ukrainan

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, atzo, Astanan. VYATXESLAV PROKOFYEV / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Kremlinek asteartean iragarri zuen Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa batzartu egingo zirela atzo Astanan (Kazakhstan), eta, herenegun, Moskuko zenbait funtzionario esaten aritu ziren espero zutela Erdoganek modu ofizialean aurkeztea Moskuren eta Mendebaldearen arteko negoziazioei buruzko proposamen batzuk. Baina Asian segurtasuna, bakea, eta egonkortasuna sustatzea asmo duen foro baten testuinguruan egin zuten bilera bi agintariek, eta ez zuten Ukrainako gerra konponbidean jartzeko bake elkarrizketez hitz egin. «Errusia eta Ukrainaren arteko akordioaren gaiaz ez dute hitz egin», adierazi zuen Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak atzo, RIA Novosti Errusiako berri agentziak kaleratu zuenez. Gas hornidura izan zuten hizpide, eta Putinek proposatu du Turkian «gas gune handi bat» egitea.

Hogei herrialde baino gehiagotako estatuburuak eta gobernuburuak bildu ziren Sobietar Batasuneko errepublika izandakoaren hiriburuan, eta, Erdoganek forora iritsi berritan adierazi zuenez, Ukrainan su etena «lehenbailehen» lortzea du helburu, «eremuko zailtasunak» gorabehera. Gerraren testuinguruan bitartekari rola jokatu nahian dabil Turkiako presidentea. Diplomatikoki Ukraina babesten du, baina Errusiari ez dio zigor ekonomikorik jartzen Mendebaldeak egin bezala, eta, beraz, harreman ona du Moskurekin oraindik ere.

Erdoganek eta Putinek maiz hitz egiten dute telefonoz, eta atzokoa zen aurten aurrez aurre egindako laugarren bilera. Kremlinek eskertzen dio Erdogani zein rol jokatu duen Ankarak zerealen auzian. Izan ere, Putinek iritzi dio «rol zuzena» eduki duela Ukrainako zerealak eta Errusiako elikagaiak eta ongarriak atzera Itsaso Beltzean barrena komertzializatzeko Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak sinatutako akordioan.

Forora iritsi berritan Erdoganek egindako adierazpenak gorabehera, ez alde batek, ez besteak ez zuen plazaratu su eten batekin edo negoziazio batzuekin loturiko adierazpenik. Eta Turkiarako proposatutako gas guneari dagokionez, Putinek azaldu zuen instalazio horrek ez lukeela «soilik» hornikuntzarako izan beharko: «Prezioa zehazteko ere izan beharko luke, prezioena auzi oso inportantea baita». Putinek herenegun iradoki zuen Nord Stream gasbideetarako gas hornikuntza Turkiarantz birbideratzea.

Khersonen, ebakuazioa

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Europako Kontseiluaren batzarraren udazkeneko saioan mintzatu zen atzo, bideokonferentziaz, eta, beste foro batzuetan egin bezala, Errusiaren «gerra krimenentzako» auzitegi berezi bat sortzeko eskatu zuen. Ukrainako presidenteak azpimarratu zuen, bide batez, duela hilabete batzuk «Irpinen eta Butxan», esaterako, aurkitutakoarekin topo egiten ari direla Kharkiv eskualdean azken asteetan berreskuratutako tokietan. Kievek apirilean salatu zuen eremu horietan ehunka zibilen gorpuak aurkitu zituela kalean eta hobi komunetan.

Gerra frontean, azken egunotan Ukraina osoan indartutako erasoaldiarekin segitzen du Errusiak. Ukrainako iturri ofizialek atzo jakinarazi zuten Errusiak herrialdeko «40 kokagune» gehiago bonbardatu dituela azken orduetan. Ukrainako iturri ofizialek adierazi zuten, baina, herrialdeko argindar sarearen egoera «egonkortu» egin dela. Eta Ukrainak duela aste batzuk hasitako kontraerasoarekin jarraitzen du. Khersonen Errusiak duen gobernadoreak herritarrei eskatu die eskualdetik alde egin dezatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.