Gerra Ukrainan

Beste kolpe gogor bat Errusiari

NBEk Mosku Giza Eskubideen Batzordetik kanporatu du, AEBek eskatu bezala. NATOk arma gehiago bidaliko dizkio Ukrainari. Europako Batasunak Errusiatik ikatza inportatzea debekatu du

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov, NBEren Giza Eskubideen Batzordean egindako agerraldian. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bi kolpe diplomatiko gehiago jaso zituen Errusiak atzo: alde batetik, NBE Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Batzordetik kanporatu zuen. AEB Ameriketako Estatu Batuek babestutako ekinbide bat izan da, Errusiako tropek Ukrainan egindako «giza eskubideen urraketa sistematikoengatik», eta Batzar Nagusiak onartu egin zuen Washingtonen eskaera, aldeko 93 botorekin; 24 ordezkari aurka azaldu ziren, eta 58 abstenitu egin ziren. Bestalde, EB Europako Batasunak bosgarren zigor sorta onartu zuen bart Moskuren aurka: ikatz inportazioak debekatu ditu, baita arma eta teknologia garatuko gaiak esportatzea ere.

NBEn bozketa egin aurretik, Errusiaren ordezkari Dmitri Polianskik ohartarazi zuen Mosku kaleratzeak «ondorio suntsitzaileak» eragin ditzakeela. Polianskik gogorarazi zuen AEBak 2018an Giza Eskubideen Batzordetik erretiratu zirela, eta hiru urte geroago itzuli zirela. «Batzordea guztiz bazterrean utzi zuten. AEBak ez daude Giza Eskubideen Batzordearen alde engaiatuta», esan zuen.

NBEren Giza Eskubideen Batzordea 2006an eratu zuten, Genevan, eta ordutik herrialde bat kanporatu dute: Libia, 2011ko protesten errepresioari erantzuteko —Muammar Gaddafi zen orduko presidentea—, baina hilabete batzuk geroago berriro onartu zuten batzordean.

Errusiaren erasoak areagotu direla eta, Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak zera eskatu zuen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdeetako atzerri ministroen bilerara sartu aurretik: Ukrainara arma gehiago bidaltzeko. «Arma astunak behar ditugu: misilak, hegazkinak, ibilgailu blindatuak, defentsa sistema indartsua... Butxa herrian [Kiev eskualdea] jazo den moduko sarraski gehiago ez gertatzeko», zehaztu zuen. Bada, Kieven eskaerari erantzunez, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo iragarri zuen laguntza militar gehiago emango diotela Ukrainari, batzarraren ondoren egindako agerraldian. Hori bai, ez zuen xehetasun handirik eman nahi izan. «Baina lasai egon. Aliantza militarrak era guztietako armak bidaliko dizkio». Ukrainari ez ezik, NATOko kide ez diren Georgiari eta Bosnia eta Herzegovinari ere laguntza militarra indartuko diete.

Bestalde, NATOko idazkari nagusiak aurreratu zuen aliantzako kideek Madrilen egingo duten hurrengo goi bileran Errusiaren mehatxua ez ezik Txinaren jarrera ere izango dutela hizpide, «Pekinek Moskurekin bat egin baitu». Horrez gain, Stoltenbergek berretsi zuen Ukrainako gerra «fase berri batean» sartu dela. «Errealistak izan behar dugu: gerrak hilabeteak edo urteak iraun ditzake»,

Kremlineko eledun Dmitri Peskoven esanetan, ordea, Mendebaldeak Ukrainari armak bidaltzeak «kalte» egiten die bake negoziazioei. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek, berriz, Kievi leporatu dio Istanbulgo negoziazioetako akordioetatik aldentzea. «Kieveko erregimena AEBek eta bere aliatuek kontrolatzen dute, eta Zelenski presionatzen ari dira, liskarretan jarrai dezan». Ukrainako negoziatzaile Mikhail Podoliakek, bestalde, «propaganda hutstzat» jo ditu Lavroven adierazpenak.

The New York Times egunkariak Errusiako Telegram kanal batean argitaratutako bideo baten berri eman du, eta, bideo horretan, Ukrainako armadako kideak ageri dira, Kieven harrapatutako Errusiako soldaduak exekutatzen, Dmitrivkan (Kiev eskualdea), Butxa hiritik 11 kilometrora. Irudi batzuk oso bortitzak dira; bat bereziki, soldadu ukrainar batek bi aldiz tiro egiten baitio lurrean zauritutako soldadu errusiar bati. «Oraindik bizirik dago. Grabatu. Begira, oraindik bizirik dago. Arnasestuka ari da», dio soldaduak berriro tiro egin aurretik.

Gerra frontean, Errusia Donbass eskualdearen kontrol osoa hartzeko erasoaldi militarra prestatzen ari da oraindik ere. Mariupolen (Donetsk eskualdea), esaterako, Errusiako tropek hirian beste oldarraldi bat egin dutela jakinarazi zuten atzo goizaldean Kieveko agintariek. Adierazpen horiek egin aurretik, Eduard Basurin Donetskeko Herri Errepublika errusiazaleen bozeramaileak esan zuen Mariupolgo erdiguneko borroka nagusiak amaitu direla. Bestalde, atzo zortzi urte bete ziren Donetskeko Herri Errepublikak independentzia aldarrikatu zuenetik. Mariupolen ez ezik, Slobozhanskin (Zaporizhia hegoaldea), Donetsken, Tavrian (Azoveko itsasotik gertu) eta Luhansk probintziako Rubizhnen ere eraso gogorrak izaten ari dira bi bandoen artean.

Hamar giza korridore

Peskov Kremlineko bozeramaileak atzo Sky News hedabideari aitortu zion Errusiak tropa asko galdu dituela Ukrainan «operazio militar berezia» abiatu zuenetik. «Tragedia handia da guretzat». Hain zuzen, martxoaren 25ean, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen 1.351 militar hil eta 3.825 zauritu zirela.

Ukrainako Gobernuak atzo iragarri zuen hamar korridore humanitario irekiko zituztela: Mariupol hirian, ibilgailu pribatuentzako korridore bat zabalduko dute; Zaporizhian, lau korridore, autobusentzat eta autoentzat; eta Luhansk eskualdean, berriz, bost bide. Bestalde, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera, 1.563 zibil hil dituzte Errusiaren erasoaldia hasi zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.