Puigdemonti kargua eteteak JxCren eta ERCren arteko erlazioa gaiztotu du

Bi indar subiranista nagusiek ez dute bat egin Mahaian, diputatu auzipetuen kargugabetzeez bozkatzerakoan. JxCkoek Torrent jarri dute jopuntuan. ERCkoek gezurra esatea leporatu diete
Damia Calvet Generalitateko kontseilaria, Elsa Artadi bozeramailea eta Albert Batet JxCko diputatua, atzo.
Damia Calvet Generalitateko kontseilaria, Elsa Artadi bozeramailea eta Albert Batet JxCko diputatua, atzo. MARTA PEREZ / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 19
JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak bat egiten dute politikari presoen edo erbesteratuen egoera salatzen eta Kataluniako prozesu subiranistaren harira Espainiako Estatuak izandako jarrera gogor kritikatzen. Baina Kataluniako bi indar subiranista nagusiak ez dira gai estrategia bateratu bat adosteko duela sei hilabete hasitako legegintzaldirako. Eta hori argi asko ikusi ahal izan zen atzo.

Osoko bilkura baterako deialdia zegoen. Aurretik, ordea, parlamentuko abokatuek egindako txosten bat bozkatu zuten Mahaian, matxinada leporatuta auzipetuta eta behin-behinean kartzelatuta dauden diputatu subiranistei Auzitegi Gorenak ezarritako kargugabetzeei buruzkoa. Ganberako araudia erreformatu bitartean, letraduek planteatu dute jada diputatu direnek behin-behinean ordezka ditzatela parlamentari horiek. Boto delegazioaren antzeko formula bat da, finean. Formulak, beraz, ez die ganberako gehiengoei eragiten. Mahaiko zazpi kideek bozkatu zuten, eta berdinketa izan zen emaitza. ERCko bi kideek eta PSCkoak alde bozkatu zuten, baina Ciutadanseko biek eta Josep Costa Mahaiko lehen presidenteordeak (JxC), kontra. Eusebi Campdepedros lehen idazkaria (JxC), aldiz, abstenitu egin zen. Beraz, bertan behera geratu zen deituta zegoen saioa.

Bi indar subiranistek elkarri egindako akusazioen ordua heldu zen geroxeago. JxCren esanetan, ERCk Mahaian hautsi egin zuen biek bezperan lortutako akordioa. JxCkoen ustez, bereizketa bat egin behar da kargugabetzeak eragiten dien bost politikari kartzelatuen eta erbesteratuta dagoenaren artean, eta adierazi zuten hori adostuta zutela errepublikanoekin. Hau da, JxCk bi bozketa egin nahi zituela. Hain zuzen, hor sartzen da jokoan Carles Puigdemont presidente kargugabetuaren figura. Izan ere, Albert Batet JxCren diputatuak atzo nabarmendu bezala, Puigdemont «babestea» da legegintzaldi honetan haiek duten «helburua». Eta abokatuen proposamena onartu eta gero atzoko deituta zegoen osoko bilkuran gauza bera egin izan bazuten, presidente erbesteratua kargugabetua geratuko zen. Horixe saihestu nahi du JxCk, behin baino gehiagotan esan baitu Puigdemont presidente inbestitu nahi dutela berriro.

Eduard Pujol JxCren bozeramaileak Roger Torrent legebiltzarreko presidentea (ERC) jo zuen erantzuletzat: «Deitoratzen dugu Torrentek ERCren eta JxCren arteko akordioa bete ez izana eta PSCrekin akordio bat lehenetsi izana». Pujolen ustez, Torrentek hautu bat egin beharra dauka, diputatuen «duintasunaren» defentsaren, eta PSCren egoera «zuritzearen» artean.

Sergi Sabria ERCren talde parlamentarioaren presidenteak salatu zuen gertatutakoa «oso larria» dela, JxCk «gezurra» esan duela. «JxCk badaki ez zegoela inongo akordiorik itxita». Sabriak gehitu zuen ez zegoela adostuta Puigdemont behin-behineko kargugabetzeetatik bereiztea, eta nabarmendu zuen ERCk ezin dituela konpondu JxCren «barruko arazoak». Sabriaren hitzetan, gertatutakoak ez dio eragingo Kataluniako Gobernuan bi indarrek osatutako aliantzari. Halere, hau gehitu zuen: «Konfiantza nabarmen hautsi da».

JxCkoek pentsatzen dute Puigdemonten egoera ez dela auzipetuta dauden beste diputatuena bezalakoa. Izan ere, batetik, ez dago kartzelan; eta, bestetik, Alemaniako auzitegi batek ukatu egin du haren aurkako matxinada delitua. Ikusteko dago noiz egingo duten hurrengo osoko bilkura —abuztuan ez da saiorik egongo—, eta ea ordurako bi indar subiranista nagusiek jarrera bat adosten ote duten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna