Katalunia. Euroaginduak

Bere sutan erre da Llarena

Auzitegi Goreneko epaileak uko egin dio Puigdemont eta beste erbesteratuak Espainiaratzeari. Matxinadagatik auzipetuta dauden buruzagiak kartzelan mantentzeko eskatu du fiskaltzak

Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak su bat piztu zuen duela hilabete batzuk. Kataluniako prozesu subiranistaren buruzagiak kriminalizatzeko, haiei matxinada egozteko, kontakizun bat osatu zuen kausa judizialaren instrukzio epaileak, esanez Espainiako ordena konstituzionalaren kontrako «altxamendu biolento bat» hauspotu zutela buruzagi horiek. Baina Carles Puigdemont Espainiaratzeko Llarenak emandako aginduari erantzunez, Alemaniako lurralde auzitegi batek Generalitateko presidente kargugabetuaren aurkako matxinada delitua ukatu zuen lehengo astean. Eta jasotako zaplazteko horren ondoren, berak piztutako sutan erre zen atzo Llarena, Puigdemont diru publikoaren erabilera bidegabearen delituagatik Espainiaratua izateari uko eginez.

Bide batez, erbestean dauden beste bost buruzagi independentisten aurkako euroaginduak ere baliogabetu zituen Llarenak atzo. Neurriak eragiten die Antoni Comin, Meritxell Serret, Clara Ponsati eta Lluis Puig Generalitateko kontseilari kargugabetuei, baita Marta Rovira ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusiari ere. Horiek guztiek eta Puigdemontek munduko edozein tokitara bidaiatu ahal izango dute aurrerantzean —dena den, Llarenak edonoiz aktiba dezake berriro euroagindua—. Hori bai, ez badute kartzelatuak izan nahi, matxinadagatik auzipetuta daudenek hogei urte barru itzuli beharko dute Kataluniara; hau da, delituak preskribatzen duenean.

Gertatutakoa aintzat hartuta, Llarena eta Espainiako justizia nazioartean «irrigarri» geratu direla nabarmendu zuten atzo Kataluniako indar subiranistek. Izan ere, paradoxikoa dirudien arren, Llarenak ustezko matxinadaren «lidertzat» hartzen duena, Puigdemont bera alegia, diru publikoaren erabilera okerraren delituagatik ere ez dute epaituko Espainian, gaur-gaurkoz. Bitartean, hilabete batzuk barru hasiko da matxinada leporatuta behin-behinean kartzelatuta dauden bederatzi buruzagi independentisten aurkako ahozko epaiketa, eta fiskaltzak 25-30 urteko kartzela zigorra eskatzen du haientzat.

Hori guztia dela eta, Puigdemontek atzo azpimarratu zuen «inoiz baino indar handiagoarekin» eskatu behar dela presoak aske utz ditzatela. Comin areago joan zen, eta adierazi zuen prozesu subiranistaren harirako kausa judizialak «bertan behera» geratu beharko lukeela.

Baina Espainiako Estatuak ez du ez bata eta ez bestea egiteko asmorik. Matxinadagatik auzipetuta daudenak kartzelan mantentzeko eskatu dio fiskaltzak Gorenari. Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Joaquim Forn, Raul Romeva, Jordi Turull, Dolors Bassa, Josep Rull, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez daude espetxeratuta. Defentsek, berriz, aske utz ditzatela eskatu dute. Orain Gorenari dagokio erabaki bat hartzea. Auzitegiak, halere, behin baino gehiagotan esan du aske utziz gero ihes egiteko arriskua dutela.

«Fiskal berriak aukera bikaina du akusazioak baztertzeko»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.