Macronen legegintzaldiko eskandalurik handiena piztu du 'Benalla auziak'

Kautela neurriekin aske utzi dituzte presidentearen bizkartzainaren kasuan inputatutako bostak. Macronek ez du adierazpenik egingo kasua argitu arte

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Benalla haren bizkartzain ohia, desfile militarra ikusten, uztailaren 14an, Parisen. PHILIPPE WOJAZER/POOL/ EFE.
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bizkartzain Alexandre Benallak hainbat manifestariri eraso egin zien Maiatzaren Leheneko manifestazioan, Parisen. Horrek sortutako eskandalua argitze aldera, parlamentuan mintzatu zen atzo Gerard Collomb Barne ministroa. Oposizioko parlamentariek leporatu diote lehenago neurririk hartu ez izana gertaeren berri izanda. Barne ministroak esan du ez zekiela Benalla eta Vincent Crase Martxan alderdiko segurtasuneko langilea baimenduta zeudenikmanifestazioan «ikuskatze lanetan» aritzeko. Michel Delpuech Parisko Poliziaren buruak jakinarazi du Benalla egun hartan ez zegoela «bere aginduetara». Macronek ez du azalpenik eman gertatutakoaren inguruan, baina Christophe Castaner Estatuko idazkariak nabarmendu du Macronek «onartezintzat» jo duela gertatutakoa. Benallak bere abokatuen bidez salatu du oposizioa «egoeraz baliatzen» ari dela Macronen «izen ona zikintzeko». Duela hamalau hilabete Macronek presidente kargua hartu zuenetik bere inguruan sortu den eskandalurik nabarmenena da Benalla auzia.

Gertaera ezagututa ez ikusiarena egin izana leporatu diote oposizioko alderdiek gobernuari. Collombek berretsi du Le Monde-k Benallaren bideoa argitaratu eta berehala hartu zituztela «beharrezko neurriak», eta «inondik inora ere» ez zutela auzia ikertu gabe pasatzen utzi nahi. Uztailaren 19an, ostegunean, ireki zuten ikerketa, Frantziako egunkariak bideoa zabaldu eta hurrengo egunean. Oposizioko alderdiek salatu dute kasua ikertzeko «barne ikerketa» egin izana, eta «hartu beharreko» bide juridikoei ez jarraitzea leporatu diote gobernuari. Castanerrek onartu du «akatsak» egon direla administrazioan, eta, horregatik, Macronek kasua berrantolatzeko ardura hartuko duela. «Macronek gaia sakonago aztertu nahi du, sistema hobetu eta berrantolatu, eta orduan emango ditu azalpenak publikoki», jakinarazi du Estatuko idazkariak.

Aske utzi dituzte Benalla auzian inputatutako bost pertsonak, baina kautela neurriak ezarrita. Larunbatean atxilotu zituzten Crase eta hiru polizia. Benalla, berriz, ostiralean atxilotu zuten. Herenegun inputatu zuen fiskaltzak Benalla, indarkeria baliatzeagatik manifestarien aurka, ilegalki Poliziaren gailuak eramateagatik eta segurtasun publikoaren irudiak bidegabe erabiltzeagatik. Delitu berak inputatu dizkiote Craseri ere, bideokameren erabilerarena salbu. Armak eramategatik ere inputatu dute azken hori. Hiru poliziei, aldiz, Benallari kameraren irudiak ematea leporatzen diete; bizkartzain ohiak irudiak defentsan erabili nahi zituen gero. Lehen biek ezingo dute lanik egin zerbitzu publikoan, eta azken hirurak ezingo dira itzuli lanpostuetara. Horrez gain, bostak ezin dira elkarrekin harremanetan egon.

Bideoa 'Le Monde'-n

Joan den asteazkenean, uztailaren 18an, atera zituen Le Monde-k estreinakoz Maiatzaren Leheneko irudiak. Bideo hartan, Benalla istiluen aurkako poliziaren kaskoarekin eta polizia gisa identifikatzen duen besokoarekin agertzen da. Lehenik, emakume bat arrastaka atera zuen jendartetik, eta, gero, gizon bat jo. Macronen bizkartzaina dela erakusten dute irudiek. Hurrengo egunean,bizkartzaina kargugabetzea erabaki zuen Macronek, eta ikerketa ireki zuten gertatutakoa argitzeko.

Maiatzaren Lehenean urtero manifestazio baketsura deitzen dute sindikatuek. Bastilla plazan hasi eta Italia plazan amaitzen da manifestazioa. Ia bost kilometroko ibilbidea da. Legezko erreformaren aurka hainbat manifestazio egin dituzte Macronek kargua hartu zuenetik, duela urtebete eta bi hilabetetik. Zenbait taldek erreformaren aurka «iraultza» egiteko deia zabaldu zuten sare sozialen bidez, egun batzuk lehenago. 2.500 polizia eta militar bildu zituen manifestazioak, Benalla eta Crase tartean, eta istiluak izan ziren Austerlitz inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.