Hurrengo atala, irailean

'Benalla auziaren' harira Macronen aurka aurkezturiko bi zentsura mozioak ez dira aurrera atera. Frantziako presidentea ahultzea lortu du oposizioak

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa Asanblean, atzo, bere gobernua defendatzeko hitzaldia eman ostean. C. PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Emaitzek, bi zentsura mozioen aldeko botoek, ez zuten garrantzi handiena. Oposizioko alderdiek, Emmanuel Macron Frantziako presidente bilakatu zenetik lehenengoz, frogatu dute oposizioa egiteko gai direla, eta gobernuak oposizio bat edo oposizio bat baino gehiago dituela Asanblea Nazionalean, gehiengo osoa izan arren. Ikusgarritasuna lortzea, eta zarata handia egitea, horiek ziren LR Errepublikanoen, PS Alderdi Sozialistaren, FI Frantzia Intsumisoaren eta PCF Frantziako Alderdi Komunistaren helburu nagusiak, bai baitzekiten joan den astean Macronen aurka aurkeztu zituzten bi zentsura mozioak ez zirela aurrera aterako—Frantziako presidentearen alderdiak gehiengo osoa du—. Eta hala gertatu zen. Gutxienez, Frantziako presidentea ahultzeko eta konstituzioaren erreforma atzeratzeko balio izan die asteotan sona handia bereganatu duen Benalla auziak. Bide luze baten lehen pausoa izan daiteke atzo Asanblean gertaturikoa, eta oposizioko alderdiek, horretaz jakitun, ez dute bidetik ateratzeko asmorik. Macronek urte bat eta bi hilabete egin ditu presidente karguan, eta asteotako gertakariek erakutsi dute haren «monarkia presidentzialak» ere badituela arrakalak. Hurrengo atala oporren bueltan izango da, irailean.

Benalla auziak, Eliseoaren eta Frantziako Gobernuaren barne antolaketari eta jarduerei buruzko zalantza eta galderak sortzeaz gain, agerian utzi du, beste behin ere, V. Errepublikaren antolaketa: presidentearen eta Asanblearen arteko boterearen oreka. Macroni azalpenak eskatu arren, Frantziako presidenteak berak, lehen ministro Edouard Philippek eta Barne ministro Gerard Colombek emandakoak nahikoa ez zirela argudiatu dute egunotan oposizioko alderdiek, eta horren harira aurkeztu zituzten bi zentsura mozioak; 1980tik ez zen halakorik gertatzen.

Erabaki horien arrazoia Macronen agintaldiko krisirik handiena sortu duen gertakaria izan da: Frantziako presidentearen bizkartzain ohi Alexandre Benallak hainbat manifestariri eraso zien Maiatzaren Leheneko manifestazioan, Parisen; egun horretan, istiluen aurkako polizien kaskoa eta polizia gisa identifikatzen zuen besokoa jantzita ibili zen. Eta, egunotan izandako «azalpenen hutsunea» betetzeko, mozioak behar zuen Philipp behartzeko esplikazio zehatzak ematera; ordea, Frantziako lehen ministroa agintaldiko neurriak defendatzera mugatu zen, eta Macron kritikatzen dutenei lezioak ematera, auzia «politikoki bide gisa erabili» dutelakoan.

Auziak, bien bitartean, agerian utzi du zer bide hartu duen Frantziako presidenteak bere agintaldiko lehen urtean. Hain justu, Jean-Luc Melenchon FIren diputatu taldearen presidenteak laburbildu zuen Benalla auziaren eta Macronen «bide autoritarioaren» arteko lotura: «Benalla ez da arazoaren arrazoia: arazoaren sintoma bat da». Laburbilduz, Frantziako presidentearengan eragin negatibo nabarmena izan duen lehen gertakaria da.

Asanblearen eta senatuaren lanak irailean jarraituko du, oporren bueltan, eta, oposizioarentzat, Macroni eta Frantziako Gobernuari presio egiteko modurik eraginkorrena da, komeni baitzaio auzi horri etekin politikoa ateratzea, atzo egin bezala; ordea, litekeena da zuku gehiagorik ez gelditzea, zaila baitirudi oporren bueltan berriz ere gai berari heltzea Asanblean. Gaur-gaurkoz, arreta handiena aukera batean dago: Benalla bera senatuko ikerketa batzordera joatea, azalpenak emateko. Frantziako presidentearen bizkartzain ohia aukera horren alde agertu zen elkarrizketa batean, baina zaila litatzeke ondorio garbirik ateratzea, batzordeak ezin baitu justiziaren lana egin, eta, beraz, asko mugatzen baita Benallarentzako galderen zerrenda.

Ezohiko irudiak

Oposizioko alderdiak ados jarri ziren gertakari baten inguruan, Macroni egindako ohartarazpen batean: datozen hilabeteotan argitara aterako direla haren bizkartzain ohiaren auziaren inguruko gertakari eta erreakzio gehiago. Ezohiko batasuna izan zen, Frantziako ezkerra eta eskuina ez baitira lagun azken urteotan.

Bigarren zentsura mozioak ere ezohiko irudia utzi zuen, ezkerreko alderdiek (PCFk, FIk eta PSk) batera aurkeztu baitzuten; baina, badaezpada ere, hirurek berehala azaldu zuten batasun hori «berezia» zela, egunotako gertakariek bultzaturikoa, eta luzera begira ezkerraren batasuna ez dagoela mahai gainean. Hori guztia, LR-ren diputatu taldearen presidente Christian Jacobek Melenchonen hitzaldi bat txalotu zuen egun berean. Dena den, oposizioak zatituta jarraitzen du Macronen aurrean: LR-ren mozioak aldeko 143 boto lortu zituen, eta ezkerreko alderdienak, berriz, 74 —gutxienez 289 diputaturen aldeko botoak behar zituzten—.

Oraingoz, gauza bat dago argi: Benalla auziak pisu handia izango duela Frantziako presidentearen agintaldiaren bilanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.