Hausturaren mamua SNPn

Salmondek Eskoziako Alderdi Nazionala utzi du, baina sexu erasoen gaineko epaiketa amaitzean militantziara itzultzeko asmoz. Hamar orduan 78.000 euro lortu ditu defentsa finantzatzeko
Salmond BERRIAri emandako elkarrizketan, 2016an, Bilbon.
Salmond BERRIAri emandako elkarrizketan, 2016an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Itxaso Orbegozo Borda -

2018ko abuztuak 31
Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak SNP Eskoziako Alderdi Nazionala utzi zuen herenegun gauean, 45 urtez militante izan ostean. Abuztuaren 24an, haren alderdiak salaketa jarri zion bi sexu eraso egiteagatik, eta, ia astebete geroago, SNP uztea erabaki du, «alderdian zatiketak saihesteko». Dimisioaren berri eman bezain laster, mikrofinantzaketa kanpaina bat jarri zuen martxan Internet bidez, eta ia hamar ordu geroago 78.000 euro (70.000 libera) lortu zituen.

Abuztuaren 24ko salaketaren biharamunean, Salmondek Leslie Evans Eskoziako Gobernuko idazkariari egotzi zion prozedura «bidegabe eta legez kanpokoa» abiatu izana, eta kereila jarri zuen gobernuaren aurka, ez emateagatik defendatzeko aukerarik. Hainbat gizarte eragilek, ordea, Salmonden aurkako adierazpenak egin dituzte azken egunetan. Dave Penman FDA sindikatuko idazkari nagusiak «mendekuzaletzat» jo zituen Evansen aurka eginiko adierazpenak.

Gobernuko alderdian banaketa nabarmendu da; batzuek «neurrigabetzat» jo dute Salmonden aurka eginiko barne ikerketa, bai eta salaketa ere. Angus MacNeil parlamentariak esan du alderdiak eginiko salaketak «oso gogorrak» direla, eta Salmond errugabea dela epaile batek aurkakoa erabaki arte. Parlamentariak gaineratu du alderdiaren barnean arrakala sortu dela Salmonden auziaren ondorioz. Lehen ministro ohiak militantzia uztean argudiatu zuen auzia eragina izaten ari zela alderdian, eta alderdiaren batasunaren eta independentziaren «hobe beharrez» dimititu zuela. Oposizioaren presioak jasan izana ere aitortu zuen Salmondek: «Oporrak amaitzean, parlamentuak alderdiaren aurka egiteko aitzakia merketzat erabil dezake nire auzia, eta, beraz, dimisioa da denontzat onena», aitortu zuen lehen ministro ohiak, baina berretsi zuen epaiketa egin ostean alderdiko militante izatera itzultzeko asmoa zuela. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak «tristura handiz» hartu du 30 urtez «lagun eta aholkulari» izan duen Salmonden dimisioa.

Dimisioa eman berritan, Salmondek martxan jarri zuen defentsaren gastuak ordaintzeko mikrofinantzaketa prozesua. 56.000 euro eskuratu asmoz, Internet bidezko kanpaina bat abiatu zuen, eta ia hamar ordu geroago 78.000 euro lortu zituen. Atzo gauerako, zifra 100.000ra hurbildu zen. Behar baino gehiago lortzen ari denez, SNPko militante ohiak nabarmendu du soberako dirua «Eskoziaren ongizatea bermatzeko egitasmoei» emango diela.

2013ko abenduan haren zerbitzura zeuden bi etxeko langileri sexu erasoak egitea leporatu zion SNPk urte luzez alderdi buru izandakoari. Erasoen garaian, Salmond Eskoziako lehen ministroa zen. Bi pertsonak erasoen berri eman zien gobernuko alderdiari iragan urtarrilean, eta barne ikerketa bat jarri zuten martxan, zer gertatu zen ikertzeko. Alderdiak ez zuen zehaztu Edinburgoko Bute House etxe ofizialean erasoak jasan zituzten emakumeak izan ziren. Salmondek esan zuen martxorako bazuela ikerketaren berri, baina salatu zuen ez ziotela aukerarik eman azalpenik emateko. Abuztuaren 24an, Sturgeonek Poliziarengana jo zuen, eta salaketa jarri zuen Salmonden aurka: «Nik jarri dut salaketa, alderdiaren burua naizelako. Ikerketaren berri banuen, baina ez dut ikerketa aurrera eraman». Ordutik, Salmondek behin eta berriz berretsi du ez duela egin inolako erasorik, eta uste du akusazioak «irrigarriak» direla.

SNPn emandako urteak

45 urtez Eskoziako Alderdi Nazionaleko militante izan ostean, Salmondek dimititzea erabaki du. Hogei urtez alderdiaren buru izan zen, Sturgeonek erreleboa hartu zion arte. Eskoziako lehen ministro izan zen 2007 eta 2014 artean, erreferendumaren biharamunera arte. Gehiengoak (%55) ezezkoa eman zion independentziari, eta lehen ministro independentistak kargua utzi zuen. Sturgeonek ordezkatu zuen kargu horretan ere. Ordutik, alderdikide izaten jarraitu du, herenegun arte. Itzuliko dela iragarri du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna