Sodenaren inbertsioak ikertzeko batzordea onartu du parlamentuak

UPNk, PPk eta PSNk Davalor Salud enpresari emandako maileguak ikertzea baino ez zuten nahi, baina laukoak huts egindako beste inbertsioak aztertu nahi ditu: Iberdrolaren %1en erosketa, kasurako

UPNko Carlos Garcia Adanero, atzo, parlamentuan, eta, hari begira, Uxue Barkos lehendakaria. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Oposizioak Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko lehendakariordea estutu nahi du. 2015eko irailean, Sodena arrisku kapitaleko sozietate publikoko administrazio kontseiluak Davalor Salud enpresa bultzatzeko mailegua onetsi zuen. Hiru urte geroago, Davalor kinka larrian dago, eta UPNk, PPk eta PSNk Sodenaren esku hartzea ikertu nahi dute, mailegua emateko prozedura desegokia izan zela argudiatuta. Atzean prezio politiko argia dago: Manu Aierdi Sodenako presidente ere badenez, erabaki haren erantzule politikoa izatea nahi dute. Jokaldia ikusita, laukoak atzo onartu zuen ikerketa batzorde bat izatea, baina 2003tik 2014ra Sodenak egindako beste inbertsio okerrak ere ikertuko ditu.

«Davalor ikertu nahi dugu, baina ez soilik Davalor», laburbildu zuen atzo Geroa Baiko Koldo Martinezek. Aitzitik, Ana Beltran PPko eledunak eta Davalorren ikerketa batzordearen bultzatzaile nagusiak, mugimendu horrekin, enpresa horren egoera aztertzeari «trabak jartzea» egotzi dio laukoari. Jarrera horrek susmo ugari eragiten dizkio. Gogor mintzatu zen ere PSNko Guzman Garmendia. «Ez dakit nola ez zareten lotsagorritzen. Mundua aldatzera etorri zineten, dena zen gardentasuna eta gorri kolorekoa, eta orain dena ilundu egin da», aurpegiratu zion laukoari.

Eztabaida politikoaren erdigunean jarri da Davalorri Sodenak emandako babesa. Legealdian, oposizioaren eskariz gehienetan, 45 agerraldi eta ekinaldi egin dituzte gobernuko ordezkariek Parlamentuan, Davalorren Sodenak egindako esku hartzea azaltzeko. Gobernua iritsi berritan, 2015eko irailean, erabaki zuen Sodenak lehen mailegua ematea, eta handik hilabetera egin zuen Manu Aierdik lehen agerraldia. Aldi hartan, Sodenaren zein gobernuaren txostenetan oinarrituta hartu zutela erabakia azaldu zuen, baina operazioak bere arriskua zuela ohartarazi zuen ere bai. Sodenak, arrisku-kapitaleko sozietatea izaki, berezko du arriskua bere jardueran, eta operazio batzuk arrakastatsuak diren bezala, beste batzuk porrot egin dute nabarmen.

Hiru urteotan Aierdi zuhurtziaz mintzatu bada ere, oposizioak iradoki du bestelako interesak eta ardurak dituela. Ana Beltranen arabera, Sodenako teknikariek, 2015eko ekaineko txosten batean, ohartarazi zuten Davalorren proiektua bideraezina zela. Handik gutxira aldatu zen gobernua, eta geroztik bestelako jarrera hartu zela salatu zuen atzo. Hiru urteotan, Davalorrek Sodenarekin egindako hitzarmenaren hainbat baldintza bete ez baditu ere, babesarekin aurrera jarraitu izana egotzi dio Aierdiri. Nafarroako inbertitzaile txikiek Davalorren izango dituzten galeren arduradun ere egin du.

Zabaltzeko beharra

EH Bilduko Adolfo Araizi deigarria egin zaio oposizioaren jarrera. Alde batetik, Nafarroako inbertitzaileek Davalorren 7,8 milioi euro jarri badituzte, kopuru horren %75a Sodenak lehen mailegua eman aurretik egin zuten. Arriskuaren berri bazutela nabarmendu du. Bestetik, Araizen arabera, maileguaren prozedura ikertu nahi bada, UPN gobernuan zela Sodenak egindako beste inbertsioak ere aztertu behar dira.

Izan ere, 2014an Nafarroako Kontuen Ganberak ondorioztatu zuenez, 2002tik 2013ra Sodenak bultzatutako 37 proiektutatik 26tan «ez ziren negozio planaren irizpideak bete». Sodenaren administrazio kontseilua aintzat hartu gabe Iberdrolaren %1 erosteko erabakia da operazio horietako bat, edo Sendavivaren enpresan jarritako 60 milioi euroak beste bat. Caviar Per Se, Pastas Garro edo Echauri Forestal ere aipatu dituzte. Proiektu horiek ikertuko ditu batzordeak, Davalorri emandako maileguak barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.