Udalek eta erkidegoek arautuko dituzte IG lizentziak, lau urte barru

Espainiako Gobernuaren dekretuak lau urtez luzatu ditu Uber eta Cabifyrentzat lan egiten duten gidarien lizentziak. 2022tik aurrera, edonola ere, tokiko erakundeek arautuko dituzte

Taxi gidarien prosteta bat, joan den abuztu hasieran, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Inor ez du pozik utzi Espainiako Gobernuaren dekretuak, ez taxi gidariak, ez Ibilgailu Gidaridunenak (IG); eta hori «oreka» aurkitu izanaren zantzua da, Jose Luis Abalos Sustapen ministroaren ustez. Ministroen Kontseiluak dekretu bat onartu zuen atzo, IG lizentziekin Uber, Cabify eta antzeko multinazionalentzat lan egiten duten gidarientzat. Hemendik aurrera udalek eta erkidegoek arautu ahal izango dituzte IG lizentziak, baina gobernuak lau urteko luzamendua eman die, sor daitezkeen kalte-ordainak konpentsatzeko.

2022tik aurrera, udalek IGak baliogabetu edo onartu ahal izango dituzte, eta baldintzok arautu: aurretiazko kontratazioa, zerbitzuen eskaria, bezeroak nola jaso, gutxieneko eta gehienezko ibilbideak, eta derrigorrezko zerbitzuak eta ordutegiak.

Abalosek adierazi du dekretuaren bidez bi sektoreren arteko «bizikidetza» lortu nahi duela. Gogora ekarri du taxien hirietako zerbitzuen araudia tokiko erakundeek ezartzen dutela: erkidegoek eta udalek. Aldiz, hiri arteko garraioetarako araudia Espainiako Gobernuak ezartzen du.

Horregatik, taxiak, berez, hiri barruan ibil daitezke —erkidegoko eta udaleko araudia betez—; hirietatik kanpo ibiltzeko, beste lizentzia bat behar dute, Madrilek emandakoa. Orain arte, IG baimenak hiri arteko gisa arautu dira; baina, praktikan, hiriko zerbitzua ematen dute nagusiki; bereziki, hiri handietan. «Hiri barruko garraio bakarra da hiriek arautzen ez dutena. Eta hori kontraesan bat da», Abalosen esanetan. Lehia bidegabea taxientzat.

Kalte-ordain efektua

Araudi berrira egokitu aurretik, gobernuak lau urteko epea eman die IG lizentziei, eta hori ez zaie gustatu taxi gidarien ordezkariei. Liberalizazio osoaren garaian (2009-2015) milaka IG baimen onartu ziren, eta beste asko ukatu; ukatutako askok auzitara jo zuten, eta justiziak onartu egin ditzake asko. Horiek ere lau urteko indarraldia izango dute, epailearen onarpenetik hasita.

Espainiako Gobernuak lau urteko luzamendua erabaki du, kalkulatu duelako horrela kalte-ordainak pagatzea saihestuko duela: «Lau urteko luzamendua bera da galdutako eskubideen kalte-ordaina». Trantsiziorik egin ezean, gobernuak ordaindu beharreko kalte-ordainak 3.500 milioi eurora artekoak izango lirateke, IG enpresek egindako kalkuluen arabera. Unauto IGen patronalak, hain justu, salatu du «nahasmendu dekretua» dela, ziurgabetasun juridikoa dakarrela, eta 15.000 lanpostu kolokan jar ditzakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.