Amatasun eta aitatasun sariek PFEZa ez pagatzea erabaki dute aldundiek

2014. urteaz geroztik errenta zergan ordaindutakoa itzultzea eskatu ahal izango dute gurasoek. Nafarroako Gobernuak uko egin dio atxikipenak itzultzeari, bere legea desberdina dela argudiatuta
Ama talde bat, amatasunaren aldeko gune baten inaugurazioan, Bilbon.
Ama talde bat, amatasunaren aldeko gune baten inaugurazioan, Bilbon. JON HERNAEZ/ FOKU

Iker Aranburu -

2018ko urriak 19
Autonomia fiskalaren eta ospe oneko neurri baten artean aukeratu behar zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Eta milaka herritar poztuko dituen neurriaren alde egin dute: seme edo alaba jaioberria zaintzeagatik Gizarte Segurantzak gurasoei ematen dizkien sariek errenta zergarik ez ordaintzea erabaki dute. Gainera, atzerako eragina izango du neurriak: azken lau urteetan kontzeptu horretan ordaindutakoa itzuliko dute foru ogasunek.

Zergak Koordinatzeko Organoan bildu ziren atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak, amatasun laguntzekin zer egin erabakitzeko. Duela ia bi aste sortu zitzaien zalantza, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuenean amatasun sariek ez zutela errenta zergarik pagatu behar. Auzitegiak argudiatu zuenez, amatasun saria amak etxetik kanpo lanik ez egiteak ekartzen dion kalte ekonomikoa konpentsatzeko subsidio bat da, erkidegoek eta udalek ematen dituztenen neurrikoa, eta horregatik ezin da zergapetu.

Epai hori, ordea, Espainiako lege bati buruzkoa zen, eta haren aurkako helegite bati erantzun zion. Hau da, ez zuen ezer esaten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zerga araudi propioei buruz. Aldundiek esan zuten epaia aztertzeko denbora hartuko zutela, eta, egin ondoren, Gorenaren irizpideari jarraitzea erabaki dute.

Horrela, hiru diputazioek 2019ko aurrekontuen proiektuetan txertatuko dute amatasun eta aitatasun laguntzak errenta zergatik salbuesteko agindua. Urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, batzar nagusietan aurrera eginez gero.

Zer gertatuko da orain arte beren prestazioetan errenta zerga ordaindu dutenekin? Dirua itzultzeko eskatu ahal izango dute. Baina «irmoak» ez diren errenta aitorpenetan soilik. Hau da, 2014. urtetik egindakoetan —amen kasuan—, eta 2018ko uztailetik egindakoetan —aitatasun laguntza berrian—. Zergapekoak berak eskatu beharko du dirua, baina aldundiek eskari eredu bat eskainiko diete, eta agindu dute prozesua sinplea izango dela. Aurten laguntza horietan egindako atxikipenak datorren udaberrian egingo den errenta kanpainan itzuliko dituzte.

UGTk kalkulatu du ia 60.000 amak eskatu ahal izango dutela dirua, eta batez beste 1.800 euro berreskuratu ahal izango dituztela. 105 milioi lirateke, guztira.

Nafarroan, desberdin

Egoera bestelakoa da Nafarroan, oraingoz. Uxue Barkosen gobernuak gogorarazi du bere legea desberdina dela, eta espresuki esaten duela amatasun sariek errenta zerga ordaindu behar dutela. Horregatik, ziurtatu du legez ezin dituela itzuli azken urteetan amek jasotako laguntzen errenta atxikipenak.

Diru hori itzultzeko presioa jasaten ari da, ordea. Hilaren 27an manifestaziora deitu du ama talde batek. Parlamentuan, berriz, etengabe ari dira hori eskatzen UPN, PP eta PSN. «Zinismoa» egotzi dio laukoak; izan ere, hiru alderdi horien botoek onartu zuten atxikipenak berriro indarrean jarri zituen legea, 2012an.

Lege horretan gurasoen mesederako neurri bat hartzeko prozedura abian jarri dute Barkosen gobernua sostengatzen duten lau alderdiek. Horren bitartez, atxikipena %25 txikituko zaie 30.000 euroko sarrerak dituzten amei zein aitei. Kenkari hori progresiboki txikituko da gurasoen errenta handitu ahala, eta 105.000 eurotik gorako errenta dutenei ez zaie ezarriko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna