Italiaren aurrekontua isunekin zigortzeko beste urrats bat egin du Bruselak

Europako Batasuneko estatu kideen babesa jasoz gero, zigor prozedura irekiko dio defizita ez txikitzeagatik. Isunak, izatekotan, ez dira 2019ko uda arte iritsiko

Pierre Moscovici Europako Ekonomia komisarioa, atzo, Bruselan. STEPHANE LECOCQ / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Italiaren aurrekontuari buruzko borrokari muzin ez egitea erabaki du Europako Batzordeak, jakin arren norgehiagoka hori oso errentagarria izan dakiokeela Erromako gobernuari. Egonkortasun Ituna «oso modu serioan» hausten duela eta, Italiaren aurrekontuak atzera bota zituen atzo, eta haren aurkako zigor prozedura zabaltzea proposatu zuen. Lehen aldia da halako urrats bat hartzen dela defizitaren edo zorraren mugak hausten dituen estatu kide baten aurka, eta lehen aldia izan daiteke ere Bruselak EBko kide bati isunak jartzen ahal dizkiola.

M5S mugimenduak eta Lega ultraeskuindarrak osatutako gobernuaren lehen aurrekontuari buruzkoa da borroka. Italiako ekonomia ahulduari bultzada bat eman nahi dio Erromako gobernuak, eta horretarako gastu publikoa handitzea proposatu du; besteak beste, erretiroa atzeratzeko erreforma bertan behera utzita eta oinarrizko errenta bat sortuta.

Neurri horiek Italiaren defizit publikoa handituko dute. Aurreko gobernuak, zentro-ezkerrekoak, BPGaren %0,8ra jaitsi nahi zuen kontuen zuloa, baina oraingoak %2,4ra handitzeko asmoa du, eta %2,1era 2020an. Zenbaki horiek ez ditu sinisten Bruselak—%2,9ko desoreka espero du 2019an, eta %3,1ekoa 2020an—, uste duelako Erromak hazkunde aurreikuspena puztua duela.

Urrats hori «arriskutsua da Italiako ekonomiarentzat, enpresentzat eta zergapekoentzat», Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioak atzo ziurtatu zuenez. Izan ere, Bruselak uste du defizit horrekin Italiak ezingo duela bere zor publiko handia txikitu—2,3 bilioi eurotik gora, edo BPGaren %131—, eta «desegonkortasuna» sortuko duela. Beste hitz batzuetan, merkatuek zigortu egingo dutela, eta zorra ordaintzeko faktura handituko diotela. Dagoeneko ari da gertatzen, azken asteetan 300 puntutik gora igo delako Italiaren arrisku saria—Alemaniarekiko zorrarekiko aldea—. Horren eskutik, EBk ohartarazi du Italiako enpresek eta herritarrek ere interes tasa handiagoak ordaindu beharko dituztela, eta neutralizatuko duela gastu publikoak ekonomiari egindako bultzada.

Bruselak isunen mehatxuekin geratu nahi du Italia, baina oharra eskuin muturreko gobernu guztientzat edo populistatzat dituenentzat dira. Funtsean, kontu publikoen orekaren aurkako politikaren aurka matxinatzeko tentaldia kendu nahi die.

Zigorrek, izatekotan, gutxienez 2019ko uda arte itxaron beharko dute. Lehenik, Bruselak bi aste eman dizkie EBko kideei defizit prozedurari babesa emateko. Lortuko balu, Bruselak prozedura formala zabalduko luke, eta Italiari epe batzuk emango lizkioke defizita txikitzeko. Erromak bereari eutsiko balio, EBk isun ekonomikoak proposatu beharko lituzke, eta gobernuen esku legoke haiek onartzea. Barne produktu gordinaren %0,2 eta %0,5 arteko isunak daude mahai gainean; Italiaren kasuan, 3.450 eta 8.600 milioi euro artean.

Italiako Gobernuak ironiaz hartu du Europako Batzordearen erabakia. EBren oharra jaso al zuten galdetuta, honako hau erantzun zuen Matteo Salvini Barne ministroak: «EBren gutuna? Bizarzuriren gutunaren zain ere banago». Berretsi egin zuen ez diela amore emango presioei: «Eztabaida adeitsua izango dugu, beti bezala. Baina aurrera jarraituko dugu». Komentario horiek ez datoz bat La Stampa egunkariaren informazio batekin. Haren arabera, Salvini bera prest dago aurrekontuan aldaketa batzuk egiteko, Bruselak eskatzen duenaren bidean.

Zuhur hitz egin du Giuseppe Conte lehen ministroak. Aurrekontua babestu du, zorra aurreko gobernuei egotzi die, eta iragarri du Jean Claude Juncker Batzordeko presidentearekin bilduko dela larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.