Qatarrek LPEE utziko du 57 urteren ostean, gas negozioan sakontzeko

Munduko gas natural likidotuaren esportatzailerik handiena ez da petrolioaren karteleko kide izango urtarriletik aurrera. Brent upela ia %6 garestitu da, AEBen eta Txinaren arteko akordioak hauspotuta

Qatarrek LPEE utziko du 57 urteren ostean, gas negozioan sakontzeko.
Jon Fernandez.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ia sei hamarkadatako harremana apurtu du Qatarrek LPEErekin, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearekin. Urtarrilaren 1etik aurrera, Persiar golkoko penintsulako monarkia absolutua, Ekialde Hurbilean AEBen base militarrik handiena onartu duena, ez da LPEEko kidea izango, atzo Saad al-Kaabi Energia ministroak prentsaurrekoan jakinarazi zuenez. Herrialdea munduko gas natural esportatzailerik handiena da, eta negozio horretan zentratu nahi duelako atera da petrolioaren karteletik, ministroaren esanetan. Qatar 1961etik izan da LPEEko kide.

Al-Kaabik nabarmendu nahi izan du testuinguru politikoak ez duela zerikusirik irteerarekin. Iazko ekainean, Qatarrekin harreman diplomatikoak apurtu zituzten Saudi Arabiak —LPEEko liderra da—, Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek eta Egiptok. Lau herrialdeek boikot ekonomikoa hasi zuten Doharen kontra, argudiatuz «terrorismoa» ekonomikoki babesten duela.

Auzokideen boikotaren kalteak orekatze aldera, Tamim bin Hamad al-Thani emirraren gobernuak 180.000 milioi euroren inbertsioak egin ditu azpiegituretan eta merkataritza bide berriak irekitzeko ahaleginean. Halaber, erresumako altxorretik 44.000 milioi euro atera ditu banka babesteko eta diru trukearen oreka bermatzeko.

Diru sarrerak handitzeko asmoz, Qatarrek iragarrita dauka gas natural likidotuaren ekoizpena handitu nahi duela: orain, urtean 77 milioi tona gas natural likidotu sortzen ditu, eta aurrerantzean 100 milioi tona sortzea nahi du monarkiak.

Hain zuzen ere, Al-Kaabi ministroak adierazi zuen LPEE uzteko arrazoi nagusia gasaren negozioan zentratzeko asmoa dela. Munduko gas natural ekoizlerik handiena bada ere, petrolio ekoizle txikiena da LPEEn, eguneko 609.000 petrolio upeleko produkzioarekin.

Munduko gas natural erreserba handienetan hirugarrena da Qatar (24,9 bilioi metro kubo), Errusiaren (35 bilioi) eta Iranen (33,2 bilioi) atzetik. Aldiz, gas natural likidotuaren esportazioen zerrendan lehenengoa da, urteko 128.645 milioi metro kuborekin.

Azarorik txarrena

Edonola ere, Qatarrek ez du kolpean hautsi nahi izan harremana kartelarekin. Etzi eta etzidamu, LPEEk ohiko bilera egingo du Vienan, eta han izango da Qatar ere. «Hitz egin nuen [LPEEko] idazkari nagusiarekin, eta esan nion gasaren negozioan jarri nahi dugula buru-belarri. Eta esan nion asteon bilerara joateko asmoa genuela, eta baiezkoa esan zidan. Ez diegu sorpresarik eman nahi bazkideei», azaldu zuen Al-Kaabik

Merkatuek ondo hartu dute Qatarren albistea, brent petrolio upelaren prezioa %5,8 garestitu baitzen atzo. Gorakada handia izan zen, kontuan izanik azken bi hilabeteetan dezente merkatu dela petrolio upelaren prezioa: urriaren 1ean, ia 85 euroan zegoen upela, eta, joan den barikuan, 58,71 euroan. Atzo 62 eurora igo zen prezioa.

Horrela, azken hamar urteetako azaro apalena igaro eta gero, gorako joera hartu du brent upelaren prezioak. Azaroan handiagoa izan zen petrolio produkzioa eskaria baino.

Urre beltzaren igoera ez du bakarrik Qatarren irteerak hauspotu, baizik eta, nagusiki, Ameriketako Estatu Batuek eta Txinak adostutako akordioak. Donald Trumpek eta Xi Jinping presidenteek muga zergen gerran su-eten bat adostu zuten joan den igandean, G20koen bileran. Urtarrilaren 1etik aurrera ez dizkiete elkarri muga zerga gehiago ezarriko, eta 90 eguneko izoztea baliatuko dute negoziatzeko.

Badago hirugarren faktore bat urre beltza garestitzea ekarri duena: aukera handia dago Vienako bileran LPEEk eta Errusiak petrolio ekoizpena gutxitzea adosteko. Upelaren prezioa garestitzea litzateke akordio horren helburua. Suhail bin Mohamed Faraj al-Mazuei LPEEko presidenteak esperantza agertu du akordio hori lortzeko. Erakundeak azaro hasieran esan zuen prest legokeela egunean milioi bat upel gutxiago ekoizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.