Jaka Horiak baretzeko, gutxieneko soldata 100 euro igoko du Macronek

Frantziako presidenteak zerga jaitsierak eta soldata igoerak agindu ditu telebista bidezko diskurtso batean. «Larrialdi ekonomiko eta sozialeko egoera» gainditzeko, «itun sozial berri bat» galdegin du
Emmanuel Macronen bilera, atzo, gobernuarekin, patronalarekin eta sindikatuekin, Parisen, Eliseo jauregian.
Emmanuel Macronen bilera, atzo, gobernuarekin, patronalarekin eta sindikatuekin, Parisen, Eliseo jauregian. YOAN VALAT / EFE

Jon Fernandez -

2018ko abenduak 11
Astebete baino gehiagoz berariaz gordetako isiltasuna hautsi du Emmanuel Macronek. Frantziako presidenteak hamahiru minutuko diskurtsoa egin zuen telebistan atzo, 20:00etan, hemeretzi hilabeteko agintaldian izan duen krisirik handiena baretzeko ahaleginean. Lau neurri ekonomiko zerrendatu zituen, Jaka Horien haserrea sosegatzeko intentzioz: gutxieneko soldata hilean 100 euro handiagoa izango da 2019an —hilean 1.498,5 euro gordin da orain, eta urtean hamabi pagatan kobratzen da—; aparteko lan orduak ez ditu zergapetuko; enpresariei eskatuko die, «ahal duten heinean», langileei urte amaieran aparteko sari bat ordain diezaietela, eta sari hori ez du zergapetuko; eta, azkenik, CSG zerga —gizarte kontribuzio hedatua, zeina %1,7 handitu baitie aurten 1.289 eurotik gorako pentsioa daukatenei— ez da igoko 2.000 eurotik beherako pentsioa jasotzen dutenentzat.

Lau neurri ekonomikoak berehalakoak dira, baina Macronek «debate nazional bat» egin beharra aipatu zuen, herrialdea «larrialdi ekonomiko eta sozial egoeran» dagoela iritzita. «Itun sozial berri baten beharra» aipatu zuen. Jaka Horien eskariak «zilegi» direla esan arren, ohartarazi zuen «indarkeriazko kate onartezin batekin» nahastu direla.

Ikusteko dago lau asteburuz Frantziako eta Euskal Herriko hirigune eta errepideak blokeatu dituzten milaka herritarrak gogobete ote dituen. Atzo, Macronen hitzak entzun baino lehenago, Jaka Horien mugimenduak larunbaterako deialdia egin zuen sare sozialetan. Bosgarren protesta astebururako deia: «Erantzun gogobetegarririk ez presidentearen eta lehen ministroaren aldetik... Guk gure borrokarekin jarraituko dugu».

Diskurtso publikoa baino ordu batzuk lehenago, Macronek sindikatuen eta patronalen elkarte nagusiak deitu zituen Eliseo jauregira, eta han gobernuko buruekin batera jarri zituen mahai handi baten inguruan. Herritarrei iragarri baino lehenago, haiei jakinarazi zizkien bere neurri ekonomikoak.

Erosahalmenaz harago

Macronek joan den astean eman zuen lehenengo pausoa atzera Edouard Philippe lehen ministroaren ahotik, eta ez zen nahikoa izan. Erregaien zerga igotzeak piztu zuen milaka herritarren haserrea, eta hari erantzunez sortu zen Jaka Horien mugimendua azaroaren 17an, zeinaren ikurra baita autoetako larrialdi uneetarako kolore biziko jaka. Joan den astean, gobernuak bertan behera utzi zuen erregaien zerga igotzeko asmoa. Parisek amore eman zuen, baina beranduegi. Laugarren larunbatez, indar erakustaldia egin zuen mugimenduak; baita Poliziak ere: 1.723 pertsona atxilotuta —4.523 atxilotu dituzte azaroaren 17az geroztik—.

Herritarren haserrea ez da berria: erregaien zergaren igoerarekin piztu bada ere, ez da horrekin sortu. Aberatsen presidentetzat ikusten dute askok. Iazko irailean, aberastasunaren gaineko ISF zerga ezabatu zuen —1,3 milioi eurotik gorako sarrerei ezartzen zitzaien—; aldi berean, %1,7 handitu zuen CSG zerga —gizarte kontribuzio hedatua—, eta 1.289 eurotik gorako pentsioa jasotzen dutenei kalte egin.

Erregaiei dagokienez, aurten diesel litroaren gaineko zerga 7,6 zentimo handiagoa da, eta gasolina litroaren gainekoa, 3,9 zentimo handiagoa. Urtarriletik aurrera sei zentimo garestitu nahi zuen diesel litroaren zerga, eta hiru zentimo gasolinarena.

LAB sindikatuak azaldu du herritarren «haserrea eta desesperazioa» erosahalmenaren galeraren arazoa baino zabalagoa dela, eta keinu egin dio Jaka Horien mugimenduari: «Jaka Horien, emazteen, gizonen, langileen, prekaritatean daudenen, langabeen eta ikasleen haserrea ulertzen eta sostengatzen dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna