Obsesio baten marka

AEBetako administrazioak hiru aste luze daramatza partez itxita, inoizko epe luzeena, errepublikanoak eta demokratak aurrekontua onartu ezinik baitaude

AEBetako Artxibo Nazionala, Washingtonen. Eraikina abenduaren 22tik dago itxita. ERIK S. LESSER / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Donald Trumpek marka egin du. Ameriketako Estatu Batuetako administrazioaren inoizko itxiera luzeena beteko da gaur: Shutdown-ak hiru aste egin ditu, 22 egun, zehazki. Bill Clintonen agintaldikoa da aurreko itxierarik luzeena: 1995eko abenduaren 15etik 1996ko urtarrilaren 6ra arte iraun zuen; 21 egun, alegia. Demokratekin aurrekontuak adosteko ezintasuna ikusirik, presidenteak abenduaren 22an erabaki zuen administrazioa partez etetea, eta, oinarrizko zerbitzuak bermatuta badaude ere, zorigaiztoko marka bat da.

AEBetako administrazioak bi milioi langile ditu, eta neurriak 800.000 laguni eragiten die. Museoak, zoologikoak, parke nazionalak eta hainbat agentzia itxita daude, eta beste batzuek ordutegiak murriztu dituzte: Yosemite, Arraila Handia, Artxibo Nazionala eta Askatasunaren estatua daude horien artean. Leku paradigmatiko horietatik haratago, baina, herritarren bizimoduan ere ondorioak izan ditu itxierak, eta aurki ekonomian ere eragina izango du. Aireportuetan jada hainbat hegaldi bertan behera utzi dituzte segurtasunaz arduratzen diren agentzietako langileak etxean daudelako. Espazio publikoetan zikinkeria pilatzen ari da, hainbat tokitan txertoak jartzeari utzi diote, baita ezkontzeko paperak edo heriotza ziurtagiriak emateari, eta zenbait diru laguntza jasotzeko tramiteak etenda daude, baita ikuskaritzak ere. Etxe Zuriari eta Nasari ere eragin die itxierak.

Protestak

Administrazioaren %25 dago itxita: 420.000 funtzionario soldatarik gabe ari dira lanean, eta beste 380.000 lanik eta soldatarik gabe daude. Funtzionarioak, egoera ikusita, kalera atera dira, eta protestak herrialde osora zabaltzen ari dira. Washingtonen, Etxe Zuriaren atarian, ehunka lagun elkartu ziren herenegun, baita hainbat hiriburutan ere.

Ez dirudi, epe motzean behintzat, administrazioa guztiz zabalduko dutenik. Trumpek Mexikoko mugan zutitu nahi duen harresiarekiko duen obsesioan dago gakoa. Aurrekontuetan 4.900 milioi euroko partida bat jaso nahi du agintariak, baina demokratak ez daude prest beharrezkoa ikusten ez duten azpiegitura batean dirutza hori gastatzeko. Errepublikanoen eta demokraten arteko azken bilerak hamalau minutu iraun zituen. Trump, ohikoa duen harrokeriaz, mahaitik altxatu zen, demokratek harresia ez zutela babestuko jakinarazi ziotenean.

Harresi bat sortu da bi alderdien artean, eta nekez iritsiko dira errepublikanoak eta demokratak adostasun batera datozen egunotan. Trumpek larrialdi nazionala ezartzea da mataza askatzeko bidea, baina hau ere ez dirudi irtenbide erraza. Presidenteak enegarren aldiz adierazi du aukera hori aktibatzeko erreparorik ez duela. Herenegun egin zuen mehatxua, mugaren aurrean: «Egin behar baldin badut, egingo dut». Ohartarazpenaren ondoren, baina,adierazi zuen «oraindik» ez dagoela hori egiteko prest: «Ez nuke horretara iritsi behar zentzuzkoa delako [...] Murrua behar dugu».

Larrialdi nazionala

Kongresuak 1976an onartu zuen Larrialdi Nazionalaren Legea. Presidenteari larrialdia ezartzeko eskumena ematen dio lege horrek, kongresisten onespenik gabe, baina mekanismo horren mugak eta baldintzak lausoak dira. 1979tik 31 aldiz aktibatu da, gehienetan gerra edo hondamendi naturalen aurrean, horregatik, larrialdi nazionala deklaratu ahal izateko, mugan «krisi humanitario bat» gertatzen ari dela esaten ari da presidentea, mugatik «droga asko» sartzen dela, «heroina bereziki», horrek legea aktibatzeko bermea emango liokeelakoan. Larrialdi a aktibatuta, gastu militarrera bideratutako dirua harresia eraikitzeko baliatu ahal izango luke, baina hori egitea zuzena eta zilegia ote den ere zalantzan jartzen ari dira adituak. Auzia auzitegietan katramilatu daitekeela ohartarazi dute.

Trump epaileen aurrera eraman dezakete larrialdia justifikatzeko argudio faltsuak baliatzen baditu. Deklarazioak kalteren bat eragiten dien herritarrek ere gora jo dezakete. Harresia egiteko desjabetzen diren lurren jabeek, esaterako, kaltetuak izan direla frogatzen badute, helegitea jar dezakete.

Trumpek, dena den, egoera trabatzea leporatzen die demokratei, bere hitzetan ez diotelako harresia egitearen garaipena aitortu nahi. Batzuk eta besteak, dena den, datorren urteko hauteskunde kanpainari begira jarri dira, eta presidenteak oso presente dauka immigrazioaren kontrako diskurtsoak eraman zuela garaipenera. Trumpen «harresi ederra» bigarren agintaldi bat irabazteko gakoa izan daiteke berriz ere, nahiz eta azaroan egin ziren agintaldi erdiko bozetan, demokratek aurrea hartu zuten. Kongresuan, bada, oposizioa da nagusi. Senatuan, aldiz, errepublikanoek ordezkari gehiago dituzte; 53, demokraten 47 eserlekuen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.