Orange ere Euskaltelen kontrola bereganatzeko lehian sartu da

Zegonak Euskaltelen akziodun nagusia izateko borondatea erakutsi ondoren iritsi da Orangeren erosketa eskaintza publikoaren aukera. Euskaltelen akzioak %9 igo dira

Euskaltel burtsara atera zen eguna: 2015eko uztailaren 1a. Alberto Garcia Erauzkin Bilboko Burtsan, hitzaldia ematen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia, Jon Fernandez
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Kanpoko talde batek ez, bik azaldu dute Euskaltelen inguruko interesa aste honetan. Erresuma Batuko Zegona funtsak astelehenean jakinarazi zion CNMV merkatu arautzaileari kapitala handituko zuela telekomunikazio konpainian, eta atzo goizean TMT Finance kazetak jakinarazi zuen Orangek interesa duela Euskaltelen. Ekonomiako atari espezializatuaren arabera, Frantziako telekomunikazio konpainiak EEP erosketa eskaintza publiko bat egiteko asmoa dauka, eta, zeharka bada ere, zurrumurrua egiaztatu zuen Orangek: «Beti negozio aukera ezberdinak bilatzeko konpromisoa daukagu». Albistea argitaratu, eta Euskaltelen burtsako kotizazioa aparra bezala igo zen goizeko lehen orduetan. Eguna amaitzerako, akzio bakoitzaren balioa %9 igo zen, 8,12 eurora.

Euskaltelen eta Orangeren arteko harremana ez da berria. 2014az geroztik dihardute lankidetzan. Euskaltel Iberiako penintsula iparraldean zabaltzen ari da, eta Galizia eta Asturiasen hedatu ostean Kataluniara, Kantabriara, Errioxara eta Leonen egonkortzeko asmoa zuela jakinarazi zuen pasa den astean. Bide hori batera egin dute bi konpainiek. Orain Euskaltel bereganatu nahi du Orangek, eta TMT Finance-n arabera, horretarako Credit Suisse kontratatu du balizko EEPa nola egin aztertzeko.

Ezusteko albistea izan da Orangerena, asteon beste norabide batean marraztu baita Euskaltelen akziodunen jabetzaren banaketa berria. Astelehenean Erresuma Batuko Zegona funtsak iragarri zuen finantzaketa akordio bat itxi duela, 139 milioi euro tarteko, euskal konpainiaren akzioen %12,5 bereganatzeko. Zegonak dagoeneko Euskaltelen akzioen %15 dauzka, eta beste %12,5 bereganatuta, akziodun nagusia bilakatuko litzateke, Kutxabanken aurretik (%21,32). Operazio horrekin Euskaltelen kontrola hartu nahi du Zegonak, eta Alberto Garcia Erauzinek gidatzen duen zuzendaritza aldatu. Baina ikusteko dago zer gertatuko den Orangek ere interesa erakutsi ostean.

Lau urte burtsaratzetik

Euskaltel «herrialde proiektu» gisa jaio zen 1995. urtean, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta hiru kutxek ekarpen handia egin ondoren. Espainiako Gobernuaren baimenik ez zuen lortu orduko hartan, baina urtebete geroago hartu zuen martxa. Jose Maria Aznarrek 1996ko hauteskundeetan gehiengo soila lortu zuen, eta presidente izateko EAJren bost bozkak behar zituen. Horien trukean lortu zuen EAJk Euskaltel abian jartzeko baimena. 2015ean burtsara atera zen telefonia konpainia, eta zuzendaritzak 48,6 milioi euroko bonusa poltsikoratu zuen. Jaurlaritzak eskaera egin zion zuzendaritzari dirutza hori jaso ez zezaten, baina operazioak aurrera jarraitu zuen.

Azken urteetan Iberiako penintsula iparraldean hedatu ahal izateko hainbat erosketa egin ditu Euskaltelek. Galiziako R Cable bereganatu zuen lehenik, eta Asturiasko Telecable ondoren. Orain, Orangeren zuntza erabiltzeko itunari esker 200.000 etxetara iritsiko da Leon eta Kantabrian, R markarekin. Errioxan bere marka propioarekin zabaltzeko asmoa dauka, eta 85.000 etxetara iristekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.