Tenkatutako Venezuela

Guaido oposizioko buruzagiak behin-behineko presidente izendatu du bere burua. Madurok «eskuinaren kolpetzat» jo du eta subiranotasuna eskatu du
Herritar bat Juan Guaido oposizioko buruzagiaren irudiarekin, Caracasen. Milaka lagun elkartu ziren oposizioak deitutako manifestazioetara.
Herritar bat Juan Guaido oposizioko buruzagiaren irudiarekin, Caracasen. Milaka lagun elkartu ziren oposizioak deitutako manifestazioetara. MIGUEL GUTIERREZ / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2019ko urtarrilak 24
Erabat tenkatutako sokatik tiraka ari dira Venezuelan. Mutur bakoitzean, zeharo ezberdinak diren bi ideologia, mundua ulertzeko bi era, batzuk alde batera, eta besteak bestera, soka apurtzeraino. Guztiz polarizatuta dagoen herria kalera atera zen atzo, nor bere indar erakustaldia egitera eta nor bere demokrazia defendatzera. Albistea oposizioak deitutako manifestazioaren amaieran etorri zen. Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidenteak eta oposizioko buruak behin-behineko presidente izendatu zuen bere burua, milaka herritarren aurrean karguari zin eginez: «Urrats hau egin dut usurpazioa eteteko, trantsiziorako gobernu bat sortzeko eta hauteskunde libreak egiteko».

Donald Trump Estatu Batuetako presidentea izan zen aurrenekoa, ohar baten bidez, oposizioko buruzagia presidente gisa aitortzen. Mike Pompeo AEBetako Estatu Idazkariak dimititzeko eskatu zion Nicolas Madurori. Ohartarazpena gero etorri zen. Madurok indarkeriaz erantzuteak ondorioak izango zituela: «Aukera guztiak daude mahai gainean». Maduroren erantzuna berehalakoa izan zen. Eskuinaren kolpetzat jo zuen izendapena eta subiranotasuna aldarrikatu zuen «botere inperialistaren» aurrean: «Herria da jartzen eta kentzen duena». AEBekiko harreman «diplomatikoak eta politikoak» eten, eta 72 orduko epea eman zien hango ordezkariei herrialdetik ateratzeko. Armadari «leialtasuna, batasuna eta zintzotasuna» eskatu zion.

Mexikok, Boliviak eta Errusiak Maduro babestu zuten. Kanada, Argentina, Brasil, Kolonbia, Guatemala, Txile, Peru eta Ekuadorko gobernuek, aldiz, Guaido. Nazio Batuen Erakundeak tentsioa baretzeko eta negoziazioei heltzeko eskatu die aldeei.

Giroa gaiztotua

Astea bero zetorren. Astelehenean, estatu-kolpe saiakera bat izan zen, eta bi gauez jarraian protestak izan dira. Atzo, egunak aurrera egin ahala gaiztotu zen giroa. Madurok «independentzia nazionala, bakea eta demokrazia» defendatzera deitu zituen herritarrak: «Nahikoa da! Ez dugu erasoaldirik eta konspiraziorik nahi. Inperialisten esku hartzea baztertzen dugu! Gringoek gobernatzen duten herrialdea nahi al duzue?».

Oposizioaren deialdiaren diskurtsoa oso bestelakoa zen. Guaidok berak deitu zuen protestara, eta oposizioaren ikur bilakatu den buruzagiak, chavismoari desafio egin aurretik, «osatze prozesu bat» abiatzera deitu zituen herritarrak: «Nire asmoa ez da hogei urteko zauriak osatzea, baina ez ditut ezkutatu nahi. Ontzi berean gaude, argindarrik, urik eta botikarik gabe eta etorkizun lauso batekin. Guztiok gaude krisian, usurpatzailea izan ezik».

Batzuek eta besteek milaka herritar elkartu zituzten kaleetan. Venezuelako 23 estatutan egin ziren manifestazioak, baina hiriburua bilakatu zen epizentro. Chavistek ekialdetik mendebaldera zeharkatu zuten Caracas. Oposizioaren jarraitzaileak, berriz, hamar puntutatik abiatu ziren, eta gune batean elkartu. Liskarrak eta atxilotuak izan ziren, eta, hainbat iturriren arabera, zortzi hildako. 2017ko irudiak izan zituzten gogoan askok, orduan 120 lagun hil baitziren kaleetan.

Chavismoa, higatuta

Madurok urtarrilaren 10ean ekin zion bigarren agintaldiari, baina oposiziok ez ditu zilegitzat hartu maiatzean egin ziren hauteskundeak, irregulartasunak salatu zituztelako. Madurok botoen %46 eskuratu zituen, inoizko abstentzio handienarekin, oposizioko indar nagusiek ez baitzuten parte hartu. Ordurako, baina, iraultza bolivartarra higatuta zegoen, eta, orduz geroztik, zatituta zegoen oposizioa gerturatuz joan da.

Guaido izan da horren arduraduna. Leopoldo Lopezen VP Herri Borondatea alderdiko kidea da, eta batzar irekien bidez lortu du herritarrak erakartzea, mezu soilak zabalduz. Urtarrilaren 5ean hartu zuen Batzar Nazionaleko presidentetza, baina ordurako gertukotzat zuten nazioartean ezezaguna zen politikari gaztea.

Maduro, bada, ataka zailean jarri du, eta, harekin, chavismoa bera ere. 1998ko abenduaren 6an, Hugo Chavezek botoen %56,20 eskuratu zituen, eta, hogei urte geroago, iraultzak utzitako legatua, proiektu ideologikoa eta soziala, estatu egitura bera, ataka zailean dago. Pobrezia ia erdira jaistea lortu zuen hamabost urteko epean. Azken lau urteetan, baina, irauli egin da egoera, eta, gaur-gaurkoz, elikagaiak eta botikak lortzeko zailtasun handiak daude. Inflazioak etengabe egin du gora, eta krisi ekonomikoak eta politikoak chavismoa higatu dute. Azken urteetan, hiru milioi herritarrek egin dute ihes.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna