Europarlamentuak presio egin dio EBri Guaido presidente aitor dezan

Venezuelako «behin-behineko presidentetzat» jo du Europako Parlamentuak, eta gauza bera egiteko eskatu die estatu kideei. Bruselak «harremanetarako talde bat» sortu du hiru hilabeterako

Eurodiputatuak Venezuelari buruzko mozioa bozkatzen, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuarentzat, Juan Guaido da Venezuelako «presidente zilegia». Oposizioburuak europarlamentuaren babesa jaso zuen atzo goizean egindako bozketan —aldeko 439 botorekin, kontrako 104rekin eta 88 abstentziorekin—, eta horrek bidea ireki liezaioke Europako Batasunarena (EB) ere jasotzeko. Izan ere, eurodiputatuek 28 estatu kideei eskatu zieten Guaido har dezatela Venezuelako presidentetzat hark eskatu dituen bozak egin arte, argudiatuta Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak atzera bota duela joan den asteburuan EBk egindako eskaria—zortzi egunean bozetara deitzea—. «Plazera da jakinaraztea Europako Parlamentuak Juan Guaido aitortzen duela Venezuelako behin-behineko presidente gisa», adierazi zuen Antonio Tajani ganberako presidenteak bozketaren ostean. Horiek horrela, Europako Parlamentua Guaido presidentetzat hartu duen lehen erakunde komunitarioa da.

Esteban Gonzalez Pons (PP),Javier Nart (C's) eta Ramon Jauregi (PSOE) izan ziren Europako Alderdi Popularraren (EAP) mozioa aurkeztu zuten eurodiputatuak. Herenegun egindako eztabaidan, Gonzalez Ponsek Venezuelako indar armatuei eskatu zien «boterearen trantsizio baketsua ziurtatzeko», eta jakinarazi zuen «laguntza humanitarioa» bidaliko dutela herrialde horretara: «Egin dezagun gaur, europarrak garen arren, venezuelar historia»; Nartek agortutzat jo zuen elkarrizketarako aukera, «bitartekaritzarako bide guztiak» amaitu zirela argudiatuta; eta Jauregik indarkeriaren erabilera gaitzetsi zuen.

Mozioa aise onartu zuten arren, ahobatezkotasuna EAPn ikusi zen soilik; gainontzeko taldeetan abstentzioak eta kontrako botoak izan ziren, eta horrek agerian utzi zuen erakunde komunitarioen zailtasuna mezu eta jarrera komun bat finkatzeko orduan. Joan den astean, Bruselak ez zuen aitortu Guaidoren presidentetza, baina Asanblea Nazionala legitimatu zuen, eta Madurori zortzi eguneko epea eman zion bozetara deitzeko.

Aitortza horri begira, Espainiako Atzerri ministro Josep Borrellek atzo arratsaldean jakinarazi zuen Madrilek datorren astelehenean aitortuko duela Guaido «behin-behineko presidente», eta iradoki zuen gainontzeko 27 estatu kideek bide bera hartuko dutela. «Astelehenean. Gobernuko presidenteak [Pedro Sanchezek] finkaturiko epea amaitzean, hark eta epea finkatu zuten gainontzeko herrialdeek egingo dute [aitorpena]».

Hala ere, ikusteko dago hori gertatuko ote den, EBren Atzerri politikarako buru Federica Mogherinik atzo jakinarazi baitzuen «harremanetarako talde bat» osatu dutela, apiril amaiera arte jardungo duena: «Hauteskundeen bidez, venezuelarrek era demokratikoan eta askean euren iritzia ematea izango da helburua. Ez da bitartekaritza lana». Talde horrek luzatu dezake Mexikok eta Uruguaik elkarrizketarako ireki nahi duten bidea.

Kazetarien atxiloketak

Egun berean, jakinarazi zuten Inteligentzia Zerbitzu Bolivartarrak atzerriko hedabideetan lan egiten duten 11 pertsona atxilotu zituela. Tartean zeuden Efe berri agentziako lau langile, eta Frantziako TMC katearen Quotidien saioko bi kazetari. Jorge Arreaza Venezuelako Atzerri ministroak azaldu zuenez, ez zituzten herrialdeko legediak eskatzen zituen gutxiengo baldintzak bete, eta horregatik atxilotu zituzten.

Caracasek erabaki zuen Quotidien saioko bi kazetariak deportatzea, baina Efe agentziako langileak Venezuelan geratuko dira. «Akreditatu dituzte», jakinarazi zuen atzo arratsaldean Borrellek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.