Trumpek Golango gainen subiranotasuna aitortu dio Israeli, dekretu baten bidez

Trump Netanyahurekin elkartu da okupazioa zilegi egiteko. Israelek Gaza bonbardatzeari ekin dio, handik jaurtitako suziri batek sei lagun zauritu ostean
Golango gainetako Majdal Shams herriko drusoak, atzo, protestan, iragarpenaren ondoren.
Golango gainetako Majdal Shams herriko drusoak, atzo, protestan, iragarpenaren ondoren. ATEF SAFADI / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2019ko martxoak 26
Dekretu bidez eta nazioarteko irizpideak urratuz, marra gorria zeharkatu du Donald Trumpek. Israelek okupatuak ditu Golango gainak, eta Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak lurralde horren gaineko subiranotasuna aitortu dio orain. Israelek 1967an okupatu zuen Siriako lurralde hori, Sei Eguneko Gerran, eta, ofizialki anexionatu ez badu ere, haren administrazio sisteman integratua dago 1981az geroztik.

AEBen eta Israelen arteko idilioa aspaldikoa da, baina, ekintza honek oraingoz aurreikusi ezin daitezkeen ondorioak eragin ditzake gatazka etengabean bizi den Ekialde Hurbilean. Siriako gerra bera baldintzatu dezake, ezen askotariko fronteak dituen mundu gerra txiki horretan batzuekin eta besteekin lerratzen diren aliatuen arteko oreka hauskorra da oso. Israelen eta Iranen arteko talka da gaur egun zortzi urte bete dituen eta amaieraren atarian egon daitekeen gerraren gakoa.

Trumpek, hain zuzen, hor kokatu zuen aitorpena. «Iranen eta talde terroristen ekintza oldarkorrek Israelen kontra egiteko jaurtiketa plataforma bihurtu dute Golan». Trumpek, justifikaezina dena justifikatzeko, adierazi zuen duela «hamarkada asko» egin beharrekoa zela aitorpena.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa alboan zuela sinatu zuen dekretua presidenteak, eta hark lausenguak baino ez zituen izan Trumpentzat: «Israelek Bulego Obalean lagun asko izateko zoria izan du, baina sekula ez du izan zu besteko lagun ona». Trumpek opari berezia egin zion ondoren; dekretua sinatu zuen idazluma. «Israelgo herriari emateko», esan zion.

Siriaren erreakzioa, baina, oso bestelakoa izan da. Subiranotasuna eta lurraldearen batasuna urratu izana leporatu zion Damaskok Washingtoni.

Teknikoki gerran

Siria eta Israel teknikoki gerran daude 1948tik. Yom Kippurreko Gerran izan ziren azkenekoz aurrez aurre, 1973an, eta, urtebete geroago sinatutako armistizioari esker, kasko urdinek ikuskatzen dute muga. Israelek 1981ean anexionatu zuen lurraldea.

Golango gainak 1.850 kilometro koadroko ordoki batean daude; Israelek 1.295 kilometro koadroko eremua okupatu zuen. Israelek egun kontsumitzen duen uraren heren batek ordoki horretan du jatorria. Golango gainetan lau herri arabiar daude, eta bereziki drusoak bizi dira horietan, 27.000 inguru. Desmilitarizatutako eremuaren bi aldeetan bizi diren sendiek elkar ikusteko aukera zuten gerra aurretik. Israelek, berriz, 30 kokagunetik gora eraiki ditu, eta, horietan, 20.000 kolono inguru bizi dira. Muga matxino suniten esku egon da lau urtez; joan den irailera arte, hain zuzen ere. Al-Qaedari eta Estatu Islamikoari lotutako talde islamistek 2014an hartu zuten mugaren kontrola.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ez dio zilegitasunik eman okupazioari. 242 ebazpenak dio «onartezina» izan zela lurralde hori gerraren bidez hartu izana, eta, 497 ebazpenak, anexioa «baliogabea» dela. Stephane Dujarric NBEko bozeramaileak atzo bertan berretsi zuen status quo-a ez dela aldatu, ez dela ezer aldatu, alegia. Segurtasun Kontseiluaren ebazpenei egin zien erreferentzia, zehaztuz anexioak ez duela eragin juridikorik nazioartean.

Kanpaina bete-betean

AEBen aitorpena oso une berezian etorri da. Etxe Zuria Ekialde Hurbilerako bere plana aurkeztekoa da aurki, eta neurri honek norabide diplomatikoan aldaketa bat iragar dezake. Netanyahu, berriz, hauteskunde kanpaina bete-betean dago; izan ere, hemendik bi astera egingo dituzte hauteskundeak, apirilaren 9an, eta lehen ministroa, ustelkeria kasuak tarteko, ez dago bere onenean.

Benny Gantz da inkestetan haren aurkari nagusia. Gantz armadako burua izandakoa da, eta alderdi berri bat sortu du zentro-ezkerra erakartzeko asmoz. Diskurtsoan, baina, oso zorrotza da. Irani erasotzeko prest azaldu da, eta atzo lehen ministroari leporatu zion Gazatik jaurti zituzten suziriei «irmoki eta indarrez» erantzun ez izana.

Israelen erreakzioa, baina, ez zen asko atzeratu. Armadak arratsaldean ekin zion Gaza bonbardatzeari. Netanyahu Washingtonen zen ordurako, eta erasoaren berri izan eta berehala ohartarazi zuen «erantzun» egingo zuela: «Gertatutakoa Israelgo Estatuaren aurkako eraso kriminal bat da». Hamasi egotzi zion erasoa eta haren egoitza bonbardatu zuten. Hamasek, baina, ez zuen bere gain hartu erasoa egin izana. Gazatik jaurtitako suziri batek Tel Aviv iparraldean dagoen Kfar Saba herriko eraikin bat jo zuen eta, leherketaren ondorioz, eraikina erori, eta barruan zeuden sei pertsona zauritu ziren, tartean bi adingabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna