Hirugarrenean ere ezetz

Diputatuek uko egin diote 'brexit'-aren Irteerarako Itunari, eta orain begi guztiak etziko bozketa sortan daude jarrita. Europar Kontseiluak bilkurara deitu du apirilaren 10erako

Brexit-aren aldekoak parlamentuaren egoitzaren aurrean manifestatzen, atzo, Londresen. NEIL HALL / EFE.
ander perez zala
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Brexit-aren prozesuko egun sinbolikoenean, bi urtez behin eta berriz errepikatu duten datan, 2019ko martxoaren 29an, berriz ere ezetz esan zioten Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari. Komunen Ganberako diputatuek hirugarrenez egin zioten uko, atzo, Bruselak eta Londresek adosturiko itunari, baina atzokoan Irteerako Itunari soilik, eta ez dokumentu horri eta Deklarazio Politikoari —etorkizuneko harremanaren oinarriei—, aurreko bietan egin bezala. Aldaketak aldaketa, trikimailu horrek ez du arrakastarik izan, eta Erresuma Batua, gaur-gaurkoz, apirilaren 12an da EB Europako Batasunetik ateratzekoa. «Beldur naiz ganbera honetan prozesuaren mugara iristen ari garela. Ondorioak larriak dira», adierazi zien lehen ministroak diputatuei porrotaren berri jakin eta berehala (286-344).

Begi guztiak, beraz, etziko bozketa sortan daude jarrita. Iragan asteazkenean egin bezala, diputatuek hainbat aukeraren artean bozkatuko dute, adostasun baten bila. Asteazkeneko zortzi aukerei ezezkoa eman arren, bi proposamenek hartu dute indar handien, baiezkoaren eta ezezkoaren arteko tarte txikienak izan zituztelako: batetik, aduana batasun bat sortzearenak (264-272) —muga zergarik ez izateko—, eta, bestetik, bigarren erreferendumarenak (268-295). Hori jakinik, diputatuek hainbat aukeraren artean bozkatuko dute berriz astelehenean, tartean bi horiek, eta badirudi aduana batasunak duela arrakastarako aukera handiena; hain justu, hori onartuz gero, Mayk asmo hori txerta lezake Deklarazio Politikoan, eta datorren astearen amaieran brexit-erako akordioa laugarrenez bozkarazi. Horrek balioko lioke John Bercow Komunen Ganberako presidentearen ohartarazpena saihesteko, ezin baitu «akordio bera» aurkeztu ganberan. Kontuan harturik itunari buruzko bozketetan ezezkoaren eta baiezkoaren arteko tartea txikituz joan dela, baliteke lehen ministroa laugarren aldiz saiatzea.

Oposizioko alderdiek, baina, «hiltzat» dute Bruselaren eta Londresen arteko akordioa, eta lehen ministroari dimititzeko eskatu diote jada, hauteskunde orokorretara joateko. «Lehen ministroak ezin badu onartu beste akordio bat behar dugula, joan egin beharko du», erantzun zion Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagiak. Mayk bere dimisioa eskaini zuen akordioa onartzearen truke, baina, halakorik lortu ez duenez, karguan jarraituko du, oraingoz.

Diputatuak parlamentuaren egoitzan eztabaidatzen ari ziren bitartean, kanpoan brexit-aren aldeko milaka herritarrek protesta egin zuten, eta haien erretorikak gora egin zuen bozketaren emaitza jakitean. Tartean zegoen Nigel Farage eurodiputatua eta Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko buruzagi ohia: «Hau guztia gure sistema demokratikoari buruzkoa da; traizio handiaren eguna da», oihukatu zien manifestariei.

Itunik eza edo atzerapena

Datorren asteko gertakarien emaitza edozein dela ere, gaur-gaurkoz Erresuma Batuak bi aukera ikusten ditu aurrean: apirilaren 12an akordiorik gabe ateratzea EBtik edo irteera data berriz atzeratzea eskatzea. Azken horrek ekarriko luke maiatzaren 23aren eta 26aren artean egitekoak diren hauteskundeetan parte hartzea; are, Bruselak «prozesu politiko berri bat» eskatu du atzerapenari baiezkoa emateko, eta, beraz, Londresek hauteskunde orokorretara edo bigarren erreferendumera deitzea proposatu beharko luke talde komunitarioa konbentzitzeko.

Halere, Europar Kontseiluak goi bilera bat egingo du apirilaren 10ean, hurrengo pausoak zehazteko. Michel Barnier EBren negoziatzaile buruak atzo adierazi zuen prest leudekeela aduana batasuna negoziatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.