Libian «estatu-kolpe ahalegin bat» gertatu dela salatu du NBEk

Nazioarteak onartzen duen gobernuko lehen ministroa atxilotzeko agindua eman du Khalifa Haftar ekialdeko buruzagi militarrak. Bi aste igaro dira Haftarrek Tripoli hartzeko erasoaldia hasi zuenetik

Tripoliko gobernuaren aldeko milizianoak Haftarren indarren aurkako frontera joaten, joan den astean. EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bi aste igaro dira Khalifa Haftar Libia ekialdea eta mendebaldearen zati bat kontrolpean dituen buruzagi militarrak erasoaldia hasi zuenetik Tripoli hiriburua hartzeko. OME Osasunaren Mundu Erakundeak atzo adierazi zuen epe horretan gutxienez 174 pertsona hil direla borroken ondorioz, eta 758 zauritu dituztela. Haftarrek erasoaldia justifikatu du erranez «terrorismoaren aurkako operazio bat» dela, eta milizia islamistak suntsitu nahi dituela. NBE Nazio Batuen Erakundearen ustez, ordea, «estatu-kolpe ahalegin baten itxura handiagoa du terrorismoaren aurkako operazio batena baino».

Gassam Salame NBEren Libiarako mandatariak egin dizkio adierazpen horiek Erresuma Batuko BBC Irratiari, eta hori izan da nazioarteko erakundeak orain arte Haftarri buruz eman duen iritzirik argiena. Fayez al-Serraj Tripolin dagoen gobernuko lehen ministroaren aurkako atxilotze aginduaz galdetu ondoren erantzun zuen hori Salamek. NBEren babesa du Al-Serrajek, eta Haftarren ordezkariek atzo baieztatu zuten hura eta haren gobernuko kideak atxilotzeko agindua eman dutela, Reuters agentziaren arabera. Tripoli konkistatu ezean, ordea, Haftarrek zail izanen du arerioak atxilotzea, eta, Salamek dioenez, «egoera militarki blokeatuta dago duela zortzi edo bederatzi egunetik»; hain zuzen, Haftarrek Tripoli hegoaldeko auzoetara ailegatzea lortu zuenetik.

NBEren hainbat agentziak ohartarazi dute herritarren egoera larritzen ari dela borroken ondorioz. Salamek erran du gutxienez bi aldeek egindako 30 aire eraso zenbatu dituztela, eta bonbardaketa horiek ez dutela lortu «gerraren egoera aldatzea». OCHA Nazio Batuen Erakundeko Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoak salatu du azpiegitura zibilak bonbardatu dituztela.

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, berriz, 18.000 herritarrek alde egin behar izan dute etxetik; haietako 2.500ek, azken 24 orduetan. Nazioarteak Haftar geldiarazi nahi du Al-Serrajek, eta, Europako herrialdeen arreta erakartzeko, erran du errefuxiatuen «olatu bat» jaso lezaketela. «800.000 pertsona baino gehiago daude, etorkin afrikarrak eta herritar libiarrak, eta Italiako kostara ailegatzen saia litezke, Haftarren indarren presioari beldur diotelako», adierazi du Italiako Repubblica eta Corriere della Sera egunkariek atzo argitaratu zuten elkarrizketa batean. Ahmed Maitig Tripoliko gobernuko presidenteordea Italian izan zen atzo, eta Giuseppe Conte lehen ministroarekin eta Matteo Salvini Barne ministroarekin elkartu zen.

Fatou Bensouda Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskala ere mintzatu zen atzo Libiako egoeraz. Milizien arduradunei ohartarazi zien «prozesatuak izateko aukera» dutela gerra krimenetan parte hartu duten zantzuak aurkituz gero. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, berriz, erran zuen «Libiako fakzio guztiekin» solas egin duela konponbide bat aurkitzeko; hamalau herrialde arabiarretako Atzerri ministroekin elkartu zen atzo Moskun.

Huts egindako estatua

Haftarrek erasoaldia hasi zuen Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia Tripolin zegoenean. NBEk gatazka konpontzeko goi bilera bat egiteko asmoa zuen joan den igandean, baina bertan behera utzi zuen. Muammar Gaddafi hil zutenetik (2011), Libian ez da egon herrialde osoan agindu duen gobernurik. Tripolin dagoenak ipar-mendebaldea kontrolatzen du; NBEren onarpena du, eta hainbat miliziak babesten dute. Haftar, berriz, ekialdeko Tobruk hirian dagoen parlamentuak babesten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.