Erabakia bulegoan hartuko da

Sanchezen inbestidura saioan agerian geratu dira UPrekin koalizio gobernua osatzeko zailtasunak. PPk, Ciudadanosek eta Voxek ezezkoa berretsi dute. Gaur egingo dute lehenengo bozketa

Pedro Sanchez presidentegaia atzoko inbestidura saioan, Espainiako Kongresuan. GUILLEN / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Aste luzea du aurretik Pedro Sanchezek, azkenean Espainiako presidente izendatuko duten ala ez jakin aurretik. Atzo hasi zen inbestidura saioa parlamentuan: Sanchezek hautagaitza aurkeztu zuen, eta apirilaren 28ko hauteskundeetan PSOEren atzetik boto gehien jaso zituzten lau alderdietako ordezkariek hartu zuten hitza ondoren. Jakina da PSOE eta UP Unidas Podemos koalizio gobernua negoziatzen ariko direla azken unera arte, eta atzo agerian geratu ziren, berriz ere, ados jartzeko dituzten ezintasunak. Sanchezek denbora gehiago eskaini zion PP eta Ciudadanos alderdiei abstentzioa eskatzeari UPrekin osatuko lukeen gobernu posibleaz aritzeari baino. Argi dauka presidente izan nahi duela, baina ez zuen zehaztu nola. Gaur arratsaldean egingo dute Sanchez presidente aukeratzeko bozketa, eta gehiengo osoa beharko du irabazteko; hau da, 176 boto.

Inbestidura saioa hastearekin batera, Sanchez presidentegaiak bi orduko hitzaldia eman zuen atzo goizean. Azaldu zituen haren gobernuak egin nahi dituen zenbait aldaketa eta erreforma, baina gobernua osatzeari berari eman zion garrantzi gehien; egungo egoera «desblokeatu» nahi du. Alderdi guztiei zabaldu zien mezua: «aurrera» egiten laguntzeko eskatu zien. Aipatu zuen PSOEren eta UPren arteko negoziazioa: «Asko hitz egin dugu ezberdintasunez, eta ikusten ari gara ez dela erraza elkargune bat topatzea». Hori ikusita, Sanchezek «ezkerraren promesa» bete nahi du.

PSOEk hauteskunde kanpainan eta gobernuaren negoziazioan erabili duen programa xehatu zuen presidentegaiak: lan duina eta pentsioen iraunkortasuna; iraultza digitala; klima larrialdiari aurre egiteko neurriak; genero berdintasuna; gizarteko berdintasunik eza; eta Europako proiektua. Dena dela, zehaztasunak beste bide batetik iritsi ziren: lehenengo, gobernua. Sanchezek estatu itun bat proposatu zuen beste ezer baino lehen, konstituzioaren 99. artikulua erreformatzeko. Hain zuzen, presidentearen inbestidura arautzen du artikulu horrek. Presidentegaiak egunotan egin behar duen bidea zehazten du: gehiengo osoarekin irabazi beharreko lehen bozketa, gehiengo soilarekin irabazi dezakeen bigarrena, eta, bi hilabetean gobernua osatzeko babes nahikoa lortuko ez balu, berriro hauteskundeetara deitzea.

Sanchezi kateatzen ari zaio negoziazioa, eta bidea erraztu nahi luke: presidentea hautatzeko bozketa bakarra egin dadila nahi du, gehiengo sinplea lortzen duenak zuzenean goberna dezan, «etorkizuneko blokeoak» saihestuta. Pablo Iglesias UPko buruak gogor kritikatu zuen presidentegaiaren proposamena: «Konstituzioa aldatu nahi baduzu alderdi bakarreko gobernuak egiteko botoen %28rekin, adierazten duzu ez duzula akordiorik nahi gurekin, eta negoziatzen duzula beste erremediorik ez duzulako. Disimula ezazu pixka bat».

Bi alderdietako ordezkariek agerian utzi zuten negoziazioa ez dela erraza izaten ari. Joan den astean, Sanchezek adierazi zuen Iglesias kanpoan geratuz gero ez zutela arazorik izango koalizio gobernua osatzeko. Iglesiasek atzo azaldu zuen Sanchezek ez diela estatuko ministeriorik eman nahi: «Errespetua eta elkarrekikotasuna, ez dizuegu besterik eskatzen». Iglesiasek defendatu zuen ez dutela utziko «umiliatu» ditzaten, eta ez dutela onartuko gobernuan «dekorazio hutsa» izaterik. UPk «akordio integrala» nahi du.

PSOEk zer nahi duen, hori ez dago horren argi. Hasteko, gobernatu. Sanchezek abstentzioa eskatu zien PP eta Ciudadanos alderdiei, baina horiek ez dute ezkerreko gobernuaz ezer jakin nahi. «Ez gaitzazu erantzule egin akordio batera ez iristeaz, edo publiko egin nahi ez izatez», erantzun zion Pablo Casado PPko buruak presidentegaiari. «Zuretzat, beti bezain gaiztoak gara oraindik, baina ez gogorarazteko prest zaude, gure botoek zuri egingo lizuketelako mesede. Hori ezin da izan».

Bide beretik aritu zen Albert Rivera Ciudadanoseko burua, eztabaida berotzeko: haren hitzetan, Sanchezek «banda bat» eta «plan bat» dauzka, «nazionalistekin eta populistekin», hura «boterean betikotzeko». Santiago Abascal Voxeko burak azaldu zuen haren alderdia dela Sanchezen proposamenetik «urrutien» dagoena.

Kataluniaz, gutxi

Goizeko hitzaldian, Sanchezek ez zuen ia Kataluniako prozesu subiranista aipatu, baina parlamentuko gainontzeko taldeetako ordezkariek xaxatu ahala, presidentegaiak azkenean eman zuen haren ikuspuntua: Sanchezentzat, ez da «Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka bat», kataluniarrek haien artean hitz egin eta konpondu beharreko zerbait baizik. Aitortu zuen UPrekin ados jartzeko zailtasun handienetako bat dela gaia: Iglesiasi gogorarazi zion ezin dela autodeterminazioa defendatu, eta Espainian ez dagoela «preso politikorik».

Akordioa, iristekotan, ez da gaurko espero. Ostegunekoa da, ordea, Sanchez presidente izendatzeko azken aukera. Orduan, gehiengo soilarekin irabazi beharko du; hau da, baiezko boto gehiago izan beharko ditu, ezezkoak baino. Oraingoz, Sanchezen aurka bozkatuko dutela aurreratu dute PPk, Ciudadanosek, Voxek, Navarra Sumak eta Coalicion Canariak; 151 diputatuk, guztira. Alde, PSOEren 123 diputatuek eta PRCko bakarrak; UPrekin gobernua osatuko balute, haien 42 botoak ere izango lituzke hautagaitzak: 166. Junts per Catalunyak (7) ezezko botoa emango du ziur aski, eta ERCk (15), EAJk (6), EH Bilduk (4) eta Compromisek (1) adierazi dute ez dutela inbestidura «blokeatzeko» asmorik. Koalizioak balituzke aukerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.