Johnsonek beste kolpe bat jaso du 'brexit'-erako bide malkartsuan

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak esan du parlamentua ixteko erabakia legez kanpokoa dela, eta lehen ministroak esan du epaia «errespetatuko» duela. Parlamentuak gaur berrekingo dio jardunari

Brexit-aren aurkako manifestari bat Johnsonen mozorroarekin, atzo, Auzitegi Gorenaren aurrean. NEIL HALL / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ez da samurra izaten ari brexit-erako bidea, eta atzo beste kolpe bat jaso zuen Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak: Auzitegi Gorenak aho batez ebatzi zuen parlamentuaren jarduna eteteko neurria legez kanpokoa izan zela. Auzitegiaren arabera, «parlamentuak bere eginbehar konstituzionalak ez betetzea» eragin du itxierak.

Goizean goiz jaso zuen albistea Johnsonek, New Yorken baita, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean. Handik egin zituen adierazpenak lehen ministroak. Gorenaren epaia «errespetatuko» zuela adierazi zuen —ez du inpugnatuko—, baina «erabat desados» agertu zen erabakiarekin, eta parlamentuaren jarduna eteteko neurria «zuzena» izan zela gaineratu zuen. Johnsonek argi du bere helburua: «Garrantzitsuena brexit-a urriaren 31n lortzea da». Baztertu egin du beste luzapen bat eskatzeko aukera.

Oposizioko alderdiak pozik agertu ziren epaiarekin. Jeremy Corbin Alderdi Laboristako buruak Johnsoni eskatu zion «bere posizioaz hausnartzeko», zeharka haren dimisioa eskatuz. Era berean, kargua uzteko esan zion Alderdi Liberal Demokratikoko liderrak, Jo Swinsonek, baita Eskoziako alderdi gehienek ere.NBEren gailurra amaitu ostean itzuliko da Johnson Londresera, eta, Sky News-en arabera, ez du dimisioa aurkezteko asmorik.

Brenda Hale Auzitegi Goreneko presidenteak jakinarazi zuen epaia, eta jardunaren etena «ondoriorik gabe» utzi zuen berehala. Auzitegiak azaldu zuenez, gobernuak ez du «arrazoi sendobakar bat bera ere» eman demokraziarentzat «muturreko ondorioak» izan litzakeen erabaki bat hartzeko. Argi utzi dute ez dela «eten arrunt bat», gobernuak hautatutako garaia dela eta.

Beraz, epaia jakin zenetik bertatik bil zitezkeen Londresko bi ganberak, Komunena eta Lordena. John Bercow Komunen Ganberako buruak azaldu zuenez, jardunari gaur bertan ekiteko agindu zuen atzo, ganbera osatzen duten alderdietako buruekin hitz egin ostean. Diputatuak «denborarik galdu gabe» biltzearen alde egin zuen, une «erabakigarri» honetan «gobernua kontrolatu eta ministroei azalpenak eskatzeko». Hori bai, gaurko saioan ezingo dute asteroko galdera saioa egin lehen ministroarekin, hura New Yorketik itzultzekoa baita.

Adierazpenak egitea saihestu zuena Europako Batzordea izan zen. Natasha Bertaud bozeramaileak esan zuenez, «estatu kideen barne gatazka konstituzionalak ez dira gure eskumena». David Sassoli Europarlamentuko presidenteak, berriz, esan du garrantzitsua dela brexit-aren prozesuak «ibilbide demokratikoa» izatea.

Johnsonek Komunen Ganbera irailaren 10etik urriaren 14ra arte itxi zuen, bere legealdiko agenda osatzeko denbora behar zuela argudiatuta. Oposizio osoa agertu zen erabakiaren aurka, haien iritziz helburua bat eta bakarra baitzen: diputatuek ahalik eta denbora gutxien izatea akordiorik gabeko brexit-a eragozteko. Arrazoia eman die Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak.

Epai kontrajarriak

11 epailek aztertu dituzte Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiak eta Eskoziako Apelazio Auzitegiak emandako epaiak. Kontrajarriak ziren bi auzitegi horien ondorioak: Ingalaterrako eta Galeskoaren arabera, legezkoa izan zen itxiera, eta, Eskoziakoaren arabera, berriz, legez kanpokoa. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak historiko iritzi zion Apelazio Auzitegiari arrazoi eman dion epaiari.

Urtero itxi ohi da parlamentua Erresuma Batuan, baina, aurten, erabakiak polemika sortu zuen, herrialdean bizitzen ari diren garai politikoa dela eta; urriaren 31 da brexit-a gauzatzeko ezarritako eguna. Parlamentuak egindako azken batzarrean —irailaren 9an— onartu zuten legea dela eta, Europarekin akordioa urriaren 19a baino lehen sinatzen ez bada, Johnsonek atzeratu egin beharko du irteera. Eskuak lotuak ditu lehen ministroak, baina atzo esan zuen konfiantza duela epemuga baino lehen «akordio on bat» lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.