Quim Torra: «Legez kanpokoa zen hauteskunde batzordearen agindua»

Kataluniako presidenteak, bere aurkako epaiketan, aitortu du ez ziola jaramonik egin xingola horiak eraikin publikoetatik kentzeko aginduari. Fiskaltzak hogei hilabeteko inhabilitazioa eskatu du

Quim Torra Kataluniako presidentea, atzo, Kataluniako Auzitegi Nagusian. ANDREU DALMAU / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako presidenteak ez du bere jokabidea ezkutatu: «Ez, ez nuen bete [Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua]. Ezinezkoa zen legez kanpoko agindu bat betetzea. Erakunde horrek ez zuen horretarako eskumenik». Torra Kataluniako Auzitegi Nagusian epaitu zuten atzo, goiz eta arratsaldez, ustezko desobedientzia delituagatik, eta kasua sententziaren zain geratu da. Francoren diktaduraz geroztik, atzokoa izan zen lehen aldia karguan den Kataluniako presidente bat epaitu zutena —Artur Mas kargua utzi ostean epaitu zuten—.

Iragan apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako bozen aurretik, hauteskunde batzordeak Torrari agindu zion kentzeko kanpaina hasi baino lehen buruzagi independentista presoen aldeko xingola horiak eraikin publikoetatik. Generalitateak, ordea, ez zituen garaiz kendu, eta, egin zuenean, xingola zuriekin eta presoen aldeko mezuekin ordezkatu zituen; martxoaren 21ean izan zen, hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta zela. Azkenean, horiek ere kentzea erabaki zuen, Kataluniako arartekoaren aholkuari jarraituz.

Horren harira, hauteskunde batzordeak gertatutakoa ikertzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltza Nagusiari, eta Kataluniako Fiskaltzak aurkeztu zuen Torraren aurkako salaketa. Batzordearen aginduari «kontzienteki» muzin egitea leporatu zioten atzo, eta fiskaltzak urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isun ekonomikoak ezartzeko eskatu zuen.

Torrak goizean deklaratu zuen. Lehenik eta behin, argi utzi zuen soilik bere abokatu Gonzalo Boyeren galderei erantzungo ziela, eta uko egin zion fiskaltzaren eta Vox alderdiko abokatuak ordezkatzen zuen herri akusazioari erantzuteari: «Argi utzi nahi dut Vox alderdi frankista bat dela». Hori esatean, Jesus Barrientos epaimahaiko buruak «deskalifikazioak» alde batera uzteko agindu zion.

Pankarta eta xingolak zergatik jarri zituen galdetuta, Kataluniako presidenteak erantzun zuen «kataluniarren gehiengoaren nahia betetzen» ari zela; haren arabera, «preso politikoak» izatearen aurka ez baitaude soilik independentistak: «Inkestek diote sozialistei bozkatzen dieten askok ere bat egiten dutela aldarrikapen horrekin».

Adierazpen horri arratsaldean eman zion erantzuna Francisco Bañeres Kataluniako fiskal nagusiak: «Sinbolo hori [xingola horia] ez dute katalan guztiek partekatzen; hortaz, ez da neutrala».

Hauteskunde batzordeak emandako agindua inpugnatu zuen Torrak, eta, oraindik erantzunik jaso ez badu ere, epaiketa egin dute dagoeneko; Kataluniako presidenteak «prebarikazioa» egotzi die batzordeko kideei, eta saiatu da frogatzen haietako hainbatek independentismoaren aurkako ideiak dituztela.

Balizko testuinguruak

Zer gertatuko litzateke epaimahaiak fiskaltzari arrazoia eman, eta Torra kargu publikoak izateko inhabilitatuko balu? Kataluniako presidente izateari utziko lioke, eta, bitartean, Pere Aragones Kataluniako presidenteordeak hartuko luke haren postua.

Jarraian, Kataluniako Parlamentuak izango luke presidente berri bat hautatzeko eskumena, eta, hautagai batek beharrezko babesik eskuratuko ez balu, hauteskundeak egin beharko lituzkete handik bi hilabetera.

Adituek aurreikusten dute azkar jakinaraziko dutela atzoko epaiketaren sententzia —hilabete barru, gehienez ere—. Gero, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera izango du Torrak.

«Espainia eta justizia hitz guztiz bateraezinak dira», esan zuen herenegun Generalitateko presidenteak, Bescano herrian eginiko ekitaldi batean: «Ez naiz joango neure burua defendatzera, baizik eta presidente gisa dudan eginkizuna betetzera, hau da, neure herrikideen eskubideak eta askatasunak defendatzera, eta estatua salatzera neure eskubideak eta katalan guztienak urratzeagatik». Haatik, gaineratu zuen independentziarako bidea «zaila, baina atzeraezina» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.