Armada urrian erasoka hasi zitzaienetik matxinoek 80 zibil hil dituzte Kongon

Ipar Kivuko herritarrek salatu dute kasko urdinek ez dutela ezer egiten milizien erasoen aurre egiteko. ADF miliziaren kontrako erasoa urri amaieran hasi zen

Armada urrian erasoka hasi zitzaienetik matxinoek 80 zibil hil dituzte Kongon.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikokoa gatazka gogorra, isila eta luzea da. Bi gerra zibil bizi izandako herrialdean —munduko txiroenetakoa—, egoerak okerrera egin du azken egunotan. ADF Indar Demokratikoen Aliantzako matxinoek 80 zibil hil dituzte azken hilabetean Ipar Kivun. Armadak, hain zuzen ere, miliziaren kontrako operazioa abiatu zuen han urriaren amaieran. Asteburutik, baina, gaiztotu egin da egoera.

Miliziak gutxienez zortzi lagun hil zituen igande iluntzean, eta, herritarrak, biharamunean, protesta egin zuten kasko urdinek erasoak direla-eta ez ikusiarena egiten dutela salatzeko. Monusco Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Misioak Beni hirian duen egoitzara zuzendu ziren, eta eraikina arpilatu eta erre egin zuten. Kasko urdinen kontrako protestetan lau zibil hil eta hainbat zauritu ziren.

Angelus Kavuthirwaki ekintzaileak jakinarazi duenez, poliziek eta armadako kideek, protestan elkartutakoak sakabanatze aldera, «balekin» erantzun zuten.

Mathias Gillmann Monuscoren bozeramailearen hitzetan, egoera gaiztotu egin da: «Dozenaka manifestarik harriekin eraso egin zieten kasko urdinei, lau auto erre zituzten, esparruaren murrua hondatu zuten eta hainbat bulego kiskali zituzten». Kasko urdinek aireportura alde egin behar izan zuten, handik zortzi kilometrora baitago. Florence Marshall nazioarteko erakundeak hiriburuan duen eledunak baieztatu du jendea haserre dagoela: «Aurretik, Beni hiriko udaletxea erre zuten eta kaleetan barrikadak egin zituzten». Monusco 18.000 kidek osatzen dute.

Ugandako milizia

ADFko milizien erasoak ez dira berriak. Milizia Ugandan sortu zen, 1990ean, garai hartako gobernuari oposizioa egiteko, Yoweri Museveniri. NALU Uganda Askatzeko Armada Nazionala talde armatuarekin egin zuen bat, eta, armadatik babesteko, milizeik muga zeharkatu zuten. Hasieran, Mobutu Sese Seko Kongoko presidentearen babesa izan zuten, baina, gerora, gobernu aldaketarekin miliziaren aurkako operazio militarrak hasi zirenean, herritarren kontra egiteari ekin zioten, bereziki 2013tik aurrera. Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak Sokola operazio militarra abiatu zuen hurrengo urtean. Miliziari, bi urtean, 1.417 pertsona bahitzea eta 1.351 exekutatzea leporatu zioten.

Inork ez daki oso ondo nortzuk osatzen duten milizia eta zeintzuk diren matxinoen asmoak. Ustez Estatu Islamikoarekin egiten dute bat, baina atzean fenomeno konplexuago bat dago, ilunagoa, tartean haurrak errekrutatzen dituena. Inguruan, gainera, milizia gehiago ere badira, lapurretak, hilketak eta sarraskiak egiten dituztenak ere. Kongoko armadaren uniformeak janzten dituzte erasoak egiteko, eta, gero,basoan desagertzen dira. Ipar Kivuko orografia malkartsua ezkutaleku aparta da matxinoentzat.

Afrikan biztanle gehien duten herrialdeen artean laugarrena da Kongoko Errepublika Demokratikoa —82 milioi biztanletik gora dauka—. Eremuz, berriz, bigarrena da. Munduko herrialde aberatsenetako bat da baliabide naturalei dagokienez —kobalto ekoizlerik handiena da, gailu elektronikoak egiteko ezinbestekoa den elementu kimikoa—, baina biztanleak munduko pobreenen artean daude. Gerrak utzitako arrastoek ere badute zeresana egungo egoeran. Kongoko II. Gerra 2003an bukatu bazen ere, ipar-ekialdeko probintzietan gatazka larria dute oraindik ere—II. Mundu Gerraz geroztik biktima gehien eragin zuen gatazka izan zen gerra hura—.

Herrialdeak 1960an lortu zuen independentzia Belgikatik. Mobutu Sese Sekoren estatu kolpearen osteko diktadura militarrak1965etik 1997ra iraun zuen, eta itzela izan zen. Laurent-Desire eta Joseph Kabila aita-semeak txandakatu ziren ondoren agintean, harik eta Kabila, boterean gotortu ostean, kanporatu zuten arte. Urtarriletik Felix Tshisekedi dago agintean. Atzo, herritarrak babesteko agindua eman zien presidenteak armadari eta kasko urdinei. NBEren Segurtasun Kontseiluan egoeraz aritzeko eskaera ere egin zuen.

Ebola, elgorria eta malaria

Kongoko Errepublika Demokratikoak, berriz, osasun arazo itzelei egin behar die aurre. Ebola birusak bi mila herritar baino gehiago hil ditu iazko abuztutik. Herrialdeko hamargarren ebola izurritea da 40 urtean. Ipar Kivuko egoerak, gainera, handik alde egitera behartu ditu gobernuz kanpoko hainbat erakundetako langileak, tartean medikuak. Helen Barclay-Hollands World Vision erakundeak eremuan duen zuzendariak ohartarazi du indarkeriagarairik okerrenean datorrela, ebola epidemia gainditzekotan zirenean.

Elgorriak beste 4.000 lagun hil ditu, eta malariak, berriz, 40.000 hildako eragiten ditu urtero. Kinshaha hiriburuan, bestalde, 42 lagun hil ziren atzo euriteek sortutako luizien ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.