Greziak Libiako enbaxadorea bota du, Libiak Turkiarekin adostutakoagatik

Greziak salatu du «legez kanpokoa» dela Turkiak eta Libiak itsasoko mugak zehazteko sinaturiko akordioa. Ankarak iragarri du zundaketak egingo dituela Greziak beretzat jotzen dituen uretan

Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, beren herrialdeetako ordezkaritza banarekin, asteazkenean, NATOk Londresen egin zuen goi bileran. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Greziaren eta Turkiaren harremana laztu egin da azken asteotan, eta beste behin azaleratu da bi herrialdeen arteko gatazka historikoa. Zenbaitek ohartarazi dutenez, baliteke liskar armatu baterako arriskua ere egotea, egoera bideratzen ez bada. Turkiak Libiarekin sinatu berri duen akordioak eragin du kezka: bi herrialdeen itsas eremu ekonomiko esklusiboa zehazten du akordio horrek, eta mugek barruan hartzen dute Greziak beretzat aldarrikatzen duen ur eremuaren zati bat. Hori dela eta, Greziako Gobernuak Libiako enbaxadorea herrialdetik kanporatzea erabaki zuen atzo; 72 ordu eman zizkion Grezia uzteko.

Atenasen esanetan, Turkiaren eta Libiaren arteko akordioa «legez kanpokoa» da, ez duelako nazioarteko zuzenbidea errespetatzen. Greziako Gobernuak adierazi du onartezina dela Libiaren eta Turkiaren itsas eremuek elkarrekin muga egitea, Grezia bi herrialdeen artean dagoelako.

Nazioartean babes bila hasi zen Atenas, akordioa sinatu dela jakin bezain laster. NATO, EB Europako Batasuna eta Segurtasunerako eta Elkarlanerako Erakunde Europarra ohartarazi ditu, baita Txina, Errusia eta Israel ere. Greziako Gobernuaren jarrerarekin bat egin dute EBk, AEBek, Egiptok, Ziprek eta Israelek. Horien iritziz, Turkiaren eta Libiaren arteko akordioak nazioarteko legedia urratzen du, eta Ankarari atzera egiteko eskatu diote.

Libiak atsekabea agertu dio Greziari, bere enbaxadorea kanporatu duelako, eta gogorarazi dio nazioarteko justiziara jo dezakeela Libiaren eta Turkiaren arteko hitzarmenak legea urratzen duela uste badu. Zipreko presidente Nikos Anastasiadisek horixe iragarri du: bere herrialdeak Hagako auzitegira joko duela.

Azaroaren 27an sinatu zuten akordioa Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta Fayez al-Sarraj nazioartearen onarpena duen Libiako Gobernuko lehen ministroak. Akordioak jasotzen duenez, bi herrialdeen itsas eremu ekonomiko esklusiboek korridore bat osatuko dute Mediterraneo ekialdean, bi estatuen artean. Pasabide horrek Greziak beretzat aldarrikatzen duen ur eremu bat zeharkatzen du, Kreta irlaren hego ekialdean.

Itunak eragin zuzena du herrialde horiek Mediterraneoan egin ditzakeen ustiaketen gainean. Izan ere, itsas eremu ekonomiko esklusiboak zehazten du estatu bakoitzak zer ur eremutan duen subiranotasuna baliabide naturalak ustiatzeko. Turkiaren eta Greziaren artean, jokoan daude Mediterraneo ekialdean egon daitezkeen itsas azpiko gas eta petrolio ustiapenak.

Talka, hurbilago

Greziaren eta Tukiaren arteko itsas gatazka ez da berria. Egeo itsasoaren gaineko subiranotasun lehiak hamarkadetan iraun du. Bi aldiz jo zuen goia XX. mendean, eta gerrarako arrisku benetakoa izan zen 1987an eta 1996an. Ordutik, hainbat neurri hartu dira bi herrialdeen arteko konfiantza indartzeko: denboraldi turistikoan ariketa militarrak etetea, armadetako buruzagien artean zuzeneko komunikazioa ezartzea edota beste herrialdeko ofizialak gonbidatzea maniobra militarretara. Azken urteetan, baina, ahuldu egin da neurri horien betetze maila.

Atzera egiteko eskari ugari jaso arren, Turkiak ez du bere interesei uko egiteko asmorik. Fatih Donmez Energia ministroak iragarri zuen bi aldeek ituna berretsi bezain pronto bidaliko dituela Turkiak gasa eta petrolioa bilatzeko itsasontzi zulatzaileak.

Greziako Defentsa ministro Nikos Panayotopoulosek herenegun ohartarazi zuen «egoera guztietarako» prestatzen ari direla. Nikos Tsounis itsas armadako buruaren esanetan, Greziak ezin du egon inoren laguntzaren zain. «Egiten duguna bakarrik egin beharko dugu», adierazi du.

Erdogan eta Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa asteazkenean elkartu ziren, NATOren goi bileran egin zuten bitariko bilkuran. Agintariek ez zuten akordiorik lortu jorratu zituzten gaietan. Itsas eremu ekonomiko esklusiboen auziaz gain, Turkiatik Greziara iritsi diren errefuxiatuen gorakadaz ere jardun zuten. Dena den, «akordiorako tartea» dagoela uste du Mitsotakisek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.