EH Bilduri keinu egin dio berriro

Datorren urteko aurrekontuen aurreproiektua onartu du Nafarroako Gobernuak. Gastu eta inbertsioetarako 4.240 milioi aurreikusi ditu, eta %54 gizarte gasturako izango da

joxerra senar
Iruñea
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Berandu, baina eman du lehen pausoa. Iragan astean, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak zin egin zuen abenduaren amaierarako 2020ko aurrekontuaren nondik norakoak kaleratuko zituela, eta atzo onartu zuen gobernu kontseiluak lege aurreproiektua. Behin lehen urratsa eginda, hiru hilabete ditu aurrekontuak aurrera ateratzeko. Zergen eztabaidak erakutsi duen bezala, gobernuari eta haren lau bazkideei EH Bildu geratzen zaie aukera bakar gisa. Navarra Sumak oposizio irmoa egitea erabaki du, eta, eskuineko koalizioari atea erabat itxi ez badio ere, Elma Saiz Ogasun kontseilariak EH Bilduri egin dio keinu berriz: «Bere proposamenak egin ditu, eta horiek aztertuko ditugu».

Parlamentura joan aurretik, bete beharreko urratsak geratzen zaizkio. Datozen egunetan, gizarte eragileei helaraziko die aurreproiektuaren edukia. Behin hori eginda, urtarrilaren 10eko gobernu kontseiluan onartuko du lege proiektua. Fase hori amaituta, biderik zailena geratuko zaio aurrean; parlamentukoa, alegia. Otsailean amaiera aldera bozka daiteke 2020ko aurrekontua.

Parlamentuko eztabaida horri begira, aldez aurretik EH Bilduren proposamenik jaso ote duten galdetu dute kazetariek. Saizek erantzun du gobernuaren proposamena dela, eta uztailean lau indarren artean sinatutako akordio programatikoaren lehentasunak oinarri izan dituela. Haren ikuspegitik, «aurrekontu oso onak dira», herritarren beharrei erantzuten dietelako, eta, horregatik, talde guztiei erantzukizunez jokatzeko eskatu die. «Herritarrek akordioak egiteko eskatzen digute, eta espero dut taldeek jarrera eraikitzailea izatea aurrekontuak aurrera atera daitezen».

2016tik hona aurrekontuek izan duten gorakada azpimarratu du Elma Saizek: Barkosen legealdiko lehen urtean, 2016an, 3.506 milioikoa zen gastu muga; 2020koa, berriz, 4.239 milioi eurokoa da. Saizen irudiko, gizarte politikek garrantzi berezia hartu dute, eta ehun eurotik 54 hezkuntza, osasun eta eskubide sozialen departamenduetara bideratuko dituzte. Guztien artean, Osasun Departamentua nabarmentzen da: inoizko aurrekonturik handiena izango du, 1.162 milioikoa, aurten baino %7 handiagoa.

Gastu mugari 318 milioi euroko finantza gastuak gehituta, orotara behin betiko aurrekontua 4.557 milioikoa da, aurtengoa baino %5,7 handiagoa. Aipagarria da Espainiako Estatuari ekarpen bidez 585 milioi euro ordaintzea aurreikusi duela, aurten baino 41 milioi gehiago. Berez, 2020tik aurrera hurrengo bost urteetarako ekarpena negoziatu beharra dago Madrilekin, baina, Espainian gobernua osatu ez denez, elkarrizketarik ez da hasi oraindik. Saizek azaldu du negoziazio horri begira ordezkariak izendatuak dituela jadanik Nafarroak.

AHTrik ez

Inbertsioak %12 handituko dira.«AHTak ez du aurrekontu sailik», zehaztu du Saizek. Osasun Departamentuak 16,6 milioi euro inbertituko ditu, besteak beste osasun etxeak berritzeko eta eraikitzeko. Gainera, udalen azpiegiturakhobetzeko 17,5 milioi euro inbertituko dira. Halaber, ikerketa eta garapenera aurrekontuaren %1,35 zuzenduko du gobernuek.

Garapen Ekonomikoko Departamentuak 83,7 milioi euroko aurrekontua izango du. Lehentasunetako bat enplegu plana izango da. Landa Garapenean, nekazariei ustiategia jartzeko laguntzak hamar milioirenak dira, eta gazte laborarientzat beste 3,5 milioi jarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.