Tragedia bilakatu den hileta

Soleimaniri jaioterrian egindako hiletan 56 lagun ito dira, jendetza lasterka hasi denean. Irango Parlamentuak «terrorista» izendatu du AEBetako armada. Trumpek dio ez dela unea erretiratzeko

Jendetza Kermanen, atzo, Qassem Soleimaniren hiletan. STR / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Qassem Soleimaniren gorpua atzo goizean eraman zuten bere jaioterrira, Kermanera, ekitaldi batean lur emateko. Aurretik, hiletaren segizioan, ordea, jendetza lasterka hasi zen, eta tragedia bilakatu zen milaka pertsonak Irango Guardia Iraultzailearen komandantea zenari eman nahi zioten azken agurra; Mediku Forentseen Erakundearen arabera, itota hil ziren 56 pertsona, eta zaurituak ere 200 baino gehiago izan ziren.

Soleimaniren hilketak milaka lagun elkartu ditu kaleetan, baina ordutik are gehiago gaiztotu da Teheranen eta Washingtonen arteko harremana. Irango Parlamentuak beste pauso bat eman zuen atzo eta «indar terrorista» izendatu zituen Ameriketako Estatu Batuetako armada eta Pentagonoa. Ali Lariyani ganberako presidentearen arabera, jeneralaren hilketa «gerra operazio terrorista bat» izan zen. Horrekin batera, diputatuek onartu zuten Guardia Iraultzailearen aurrekontua 200 milioi euro handitzea.

Datorrenari begira, atzo argitu zuen Ali Shamjanik, Irango Segurtasun Batzorde Goreneko idazkariak, «hamahiru helburu» identifikatu dituztela «mendeku gogorrerako»: «Helburu horietako ahulena ere amesgaizto historiko bat da AEBentzat». Azpimarratu zuen mendekua ez dela operazio bakarra izango, eta Iranen aliatu diren talde armatuek ere hartuko dutela parte bertan; besteak beste, Libanoko Hezbollahk, Palestinako Hamasek eta Yemengo Shamjanik. Iran AEBek eskualdean dituzten baseak ikuskatzen ari dela ere esan zuen Shamjanik, eta beste behin galdegin zien herrialdea uztea: «Amerikarren tropak ez badira zutik eta euren kabuz irteten Irandik, hilotz eta etzanda irtengo direla segurtatzen dugu».

AEBek lurraldean dituzten militarrek estrategia aldatu dutela adierazi zuen segurtasun batzordeko idazkariak. Haren arabera, tropak kontzentratu eta zentralizatzen ari dira, eta «ahultasun sintoma bat da» hori. Ekialde Hurbilean AEBen 60.000 soldadu inguru daude.

Tropen erretiratzea

Herenegun gauetik atzo arte zeresana eman zuen AEBek Iraken tropak mantenduko zituztela zalantzan jartzen zuen mezu batek. Hainbat komunikabidek William H. Seely III Irakeko Lantaldea taldeko komandantearen gutun bat zabaldu zuten; bertan, bere tropen mugimendua iragartzen zion Irakeko Defentsa Ministerioari. AEBek tropak erretiratzeko asmoa zutela interpretatu zuten gutuna zabaldu zuten hedabideek.

Handik gutxira, ordea, Mark Esper AEBetako Defentsa idazkariak ezeztatu zuen uste hura: «Ez dugu hartu Irak uzteko erabakirik». Gutuna publikatu izana oker bat izan zela aitortu zuen.

Donald Trumpek, iluntzean zalantza guztiak uxatu, eta jakinarazi zuen ez dela erretiratzeko garaia: «Noizbait atera nahi dugu, baina hau ez da momentu egokia; orain egitea herrialdeari gerta dakiokeen okerrena litzateke».

Mark Esper Defentsa idazkaria, berriz, egoera baretzen saiatu zen, eta, «gerra bat hasteko» asmoa ez dutela esan bazuen ere, «gerra bat amaitzeko prest» daudela zehaztu zuen. Teherani, halere, «baldintzarik gabeko elkarrizketa bat abiatzeko» proposatu zion. AEBak «okerrenerako» prestatuta daudela adierazi zuen, baina «tentsioa baretzea» espero duela zehaztuz.

Iranen mehatxuak, baina, ez dira operazio militarretara mugatzen. Alahyar Malekshahi parlamentuko batzorde juridikoaren buruzagiak jakinarazi zuenez, AEBetako Gobernua eta Trump presidentea salatuko dituzte Nazioarteko Zigor Auzitegian; salaketa horren berri emango diote Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari.

NBEk New Yorken duen egoitzara bidaiatzeko ardura du Mohamad Yabad Zarif Irango Atzerri ministroak, baina, atzo jakinarazi zuenez, AEBek ukatu egin diote hara sartzeko bisa. Gutxi barru egingo du bilkura bat NBEren Segurtasun Kontseiluak, eta bertan Soleimani jeneralaren hilketaren inguruan eztabaidatzea zen Zarifen helburua. Dena den, Atzerri ministroa ez zen azaldu betoaz kezkatuta: «Mundua ez da New Yorken amaitzen, eta Teherandik ere hitz egin diezaioket planeta osoari». AEBei eman beharreko erantzuna «modu proportzionalean ematea» defendatu zuen atzo Zarifek, nazioarteko legediak ezartzen dituen mugen barruan. «Gerra krimenak egiteko prest dagoena Trump da, ez Iran».

1947an hartu zen NBEren egoitza New Yorken ezartzeko erabakia, eta, sinatutako itunaren arabera, AEBek ez die ia mugarik jartzen atzerriko diplomazialarien sartu-irtenei. Halere, Washingtonek esaten du baduela bisa ukatzeko eskubidea segurtasun arrazoiengatik.

Akordio nuklearra

Trumpen aginduz AEBek Soleimani hil eta tentsioa areagotu zenetik, ziurtzat jo dute hainbatek Iranek 2015. urtean sinatutako akordio nuklearra utziko zuela—2018an utzi zuten AEBek—. Atzo, ordea, Abbas Araghchi Atzerri ministrordeak esan zuen Iranek ez duela ituna utzi, eta ez duela uzteko asmorik. Igandean iragarri zuen Teheranek uranioa aberasteari ezarritako mugak baztertuko zituela, 2015ean adostutakoak. Araghchiren arabera, «keinu horrek ez du esan nahi ituna utziko» dutenik; «helburua balantza berdintzea da, besteek ere euren betebeharrak bete ditzaten». Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Txina eta Errusia dira Araghchik aipatutako herrialdeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.