Balaztak beste genozidio bati

Nazioarteko Justizia Auzitegiak rohingyak babesteko neurriak hartzera behartu du Myanmar. Helburua da herrialdeko gutxiengo musulmanak ez pairatzea 2016koa bezalako beste eraso bat

Nazioarteko Justizia Auzitegiko kideak, atzo, behin-behineko neurriak iragartzen, Hagan (Herbehereak). DAVID MORALES URBANEJA / EFE.
Paulo Ostolaza Ander Perez Zala
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Nazioarteko Justizia Auzitegiak kautela neurriak hartzea erabaki du rohingyen aurkako ustezko genozidioaren kasuan: Myanmarri agindu dio neurriak har ditzala gutxiengo musulmana genozidiotik babesteko, eta aurrez izandako erasoei buruzko frogak babesteko. Gambiak ezarri zuen salaketa azaroan, operazio militar batek rohingya etniako 730.000 pertsona baino gehiago behartu zituela-eta Bangladeshera erbesteratzera 2016ko urritik 2017ko abuztura. Gehiengoa musulmana da Bangladeshen, eta budista Myanmarren. Erasoa gehiago saihesteko neurriak eskatu zizkion Hagari, eta halaxe egitea erabaki du auzitegiak. Gutxienez 6.700 pertsona hil zituzten; haietatik 730, haurrak.

Auzitegiko hamazazpi epaileek aho batez onartu zuten atzo Myanmar «bere eskura dituen neurri guztiak» hartzera behartzea, genozidioei buruzko 1948ko hitzarmena urratu duelakoan—Myanmar 1956tik da itun horren parte—. Eragotzi beharreko ekintzen artean sartu ditu Hagak hilketak, rohingyen jaiotzak oztopatzeko neurriak, eta emakumeen eta haurren aurkako sexu indarkeria. Horrekin batera, Asiako herrialdeari agindu dio datorren maiatzerako bidal dezala neurri horiek bete dituela frogatzen duen txosten bat. Hori egin ostean, sei hilabetean behin eman beharko du hartutako erabakien berri.

Erabaki horrekin, NBE ia erabat lerrokatu da genozidioa salatu duten herrialdeekin —gehiengo musulmaneko 57 estatu—. Abdulqawi Ahmed Yusuf auzitegiko presidenteak adierazi zuenez, rohingyak «genozidioa jasateko arrisku larrian» daude, eta, horregatik, agindu hau eman zion Myanmarko Gobernuari: «Armadan eta talde armatuetan duen eragina erabili behar du [rohingya] taldeko kideen hilketak eta zauri fisikoak zein psikologikoak eragozteko».

Hagaren erabakiak bete beharrekoak dira, eta Myanmarrek ezingo du helegiterik aurkeztu; hori bai, auzitegiak ez du modurik agindutakoa praktikan betearazteko. Horregatik, Yusufek exijitu du «neurriak egiazkoak» izan daitezela. Gaurko erabakia, ordea, behin-behinekoa da, «ikerketa oso bat» egin bitarterako; azken erabakia iristerako urteak igaro daitezke.

Iragan abenduan abiatu zuten epaiketan, Aung San Suu Kyik hartu zuen Myanmar defendatzeko ardura; Suu Kyi, 1991ko Bakearen Nobel sariduna izateaz gain, herrialdeko lau ministerioren arduraduna eta «itzaleko presidentea» da 2016ko martxotik. Agintariak adierazi zuen ez dagoela gutxiengo musulmanaren aurkako genozidiorik, eta herrialdearen «barneko gatazka armatutzat» jo zuen. Ez dira iritzi berekoak Nazio Batuen Erakundearen ikertzaileak, eta honela dio haien txostenak: «Operazio haiek rohingyak talde gisa suntsitzea zuten helburu, masan egindako hilketen, bortxaketen eta beste sexu indarkeria batzuen bidez; herrixkak ere suntsitu zizkieten sute sistematikoen bitartez; sarri, jendea etxe barruan zela».

Genozidio saialdia

Myanmarko Gobernuak osaturiko batzorde batek, gainera, asteon ebatzi du gutxiengo musulmana «gerra krimenen biktima» izan zela, baina zehaztu du ez zela «genozidio saialdirik» izan erasoetan. Myanmarren arabera, Arakango Rohinyen Salbaziorako Armadak polizien eta mugetako postuen aurka egindako eraso bategatik hasi zen militarren erasoa.

HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak ikerketa horren irregulartasunak salatu zituen herenegun. Brad Adams GKEaren Asiako ordezkariaren arabera, «etsipena» ekarri die txosten horrek, ez baititu onartzen «militarren asmo genozidak eta sexu indarkeriaren erabilera orokortua».

Myanmarrek ez du onartzen rohingyen herritartasuna. Duela hainbat hamarkadaz geroztik, rohingyek mota guztietako bereizkeriak jasaten dituzte, eta Bangladeshko iheslarien kanpalekuetan bizi dira asko: 914.000 baino gehiago, NBEren Errefuxiatuen Agentziaren arabera.

Myanmarrek hori konpontzeko pausoak ematea espero duela esan zuen atzo Abul Kalam Abdul Momen Bangladeshko Atzerri ministroak: «Iheslariak bueltan jasotzeko hitza beteko duela espero dugu». Erabakia «gizateriaren garaipen bat» dela ere gehitu zuen Abdulek.

Financial Times egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean, berriz, Suu Kyik GKE horiei eta NBEren ikertzaileei egotzi die «sostengurik gabeko kontaketa bat» sortu izana. Haren ustez, iheslariek «puztu» egin dute gertatutakoa.

Ia hiru hamarkadatan demokraziaren alde lanean jardun ostean iritsi zen gobernura Suu Kyi, baina ordutik okerrera egin du nazioartean duen irudiak. Rohingyen aurkako erasoak direla eta, Bakearen Nobel saria ken diezaiotela ere eskatu dute beste sarituetako batek baino gehiagok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.