Hirak mugitzeko jaio da

Aljeria osora zabalduta daude duela urtebete amazigen lurraldean «erregimena agintetik joan arte» hasitako protestak. Gobernuak Ekintza Plana aurkeztu du

Atzo ere protesta egin zuten Aljeriako herritarrek, aurreko 51 ostiraletan bezala. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Aljeriako herritarrak mugitzen hasi ziren iazko otsailaren 16an. Kalera atera, eta protestei ekin zieten Abdelaziz Buteflika orduko presidentearen aurka; non, eta amazigen lurraldean, Kherrata herrian, agintari horrek gogor astindu zituen Kabilaren bihotzean. Gutxi behar zuten sua pizteko, eta Buteflikaren iragarpen bat izan zen pizgailua: «Aurkeztu egingo naiz bosgarren agintaldia eskuratzeko», egin zuen aldarri Aljeriako agintean hogeigarren urtea betetzen ari zen agintariak. Herritarrek ezezkoa erantzun zioten, protesten bidez.

Kherratako oihua azkar zabaldu zen herrialde osora, eta, otsailaren 22an, protestak ugaritu egin ziren. Hirak izeneko taldeak hartu zuen oldarraldiaren gidaritza, eta, arabieraz mugimendua esan nahi duen hitz horren babesean, gero eta gehiago izan ziren mugitzen hasi ziren herritarrak; gehienbat, gazteak. Aljer hiriburuan, martxo amaierako protestan, milioi bat lagun atera ziren kalera —3,5 milioi bizi dira hiriburuan—. Asteartero eta ostiralero ari dira protesta egiten, eta, bereziki, ostiraletakoak egin dira ezagun. Atzokoa 52. ostirala izan zuten kalean, eta milaka lagun elkartu ziren kaleetan beste behin. Datorren ostiralean dira urteurrena ospatzekoak.

Tebbuneren keinuak

Hirak mugimenduaren lorpenen artean, Buteflika kargugabetzea dago puntaren puntan. Iazko otsailean egin zuen iragarpen hartatik, atzera egiten hasi zen. Martxoaren 11n eman zuen aditzera ez zela aurkeztuko bozetara eta handik hilabetera egitekoak ziren boz horiek atzeratu egingo zituela, erreforma politiko bat egiteko konferentzia nazional «independente eta inklusibo» batera deitzeko. Egun batzuk geroago, beste iragarpen bat egin zuen: apirilaren 28an utziko zuela kargua beranduenez, agintaldiko azken egunean. Lehenago bota zuten, ordea, apirilaren 2an eman baitzuen dimisioa. Herritarren arbuioa ez ezik, gertukoenena ere jaso zuen, eta armadak berak ere babesa erretiratu zion. Diotenez, kargua uztera behartu zuten FLN Nazio Askapen Frontea haren alderdikoek, Hirak mugimenduaren aurrean keinu gisa, protestak isilarazte eta baretze aldera.

Buteflikaren aroaren ondorengo lehen urratsa bozak egitea zen, eta abenduaren 12an egin zituzten, inoizko parte hartzerik txikienarekin, %39,83koa. Hirakek esana zeukan ez zuela bozetan parte hartzeko deialdirik egingo herritarren artean. Aljeriak presidente berria zeukan: Abdelmajid Tebbune, Buteflikaren garaian lehen ministro izandakoa. Ez zen herritarren gustukoa, erregimen zaharraren barruko kidetzat daukatelako, eta protestekin jarraitu zuen Hirak mugimenduak. Gobernu berriaren erantzuna atxiloketak izan ziren.

Gobernuak, oraingoz, entzungor egin dio eskaera nagusiari: ez du inolako asmorik boterea uzteko. Hala ere, egin ditu hainbat keinu, eta, amnistia lege baten babesean, 9.000 presotik gora askatzeko agindua eman zuen Tebbunek. Ez ziren, ordea, preso politikoak, eta, hain zuzen, hori ere bada Hirak mugimenduaren eskaera handienetako bat. Duela urtebete protestak hasi zirenetik, ez dago datu zehatzik atxilotu kopuruaren inguruan, baina giza eskubideen aldeko elkarteren batek esan du ia 200 direla.

Tebbunek badaki sekulako indarra hartu duela herritarren mugimendua, eta bereak eta bi egiten ari da protesta baretzeko. Presoen amnistiarenak ez dio etekinik eman, ez eta Hirak mugimenduari elkarrizketarako egindako gonbidapenak ere. Tebbunek ez du ematen erraz etsitzen duten horietakoa, eta beste saialdi bat egin berri du aste honetan: Akzio Plana aurkeztu du legebiltzarrean, herrialdea suspertzeko, gobernuaren hainbat neurriren asmoen berri emanez. Hiraki zuzeneko aipamena ere egin zion agerraldi horretan: «Aljeriako herria sistemaren aldaketa global bat eskatzen ari da, eta hori gauzatuta dago. Politika gardentasunez egiteko eskatzen ere ari da: benetako demokrazia bat nahi dute, eta gardena».

Buteflikaren aginte ereduaren kontra ari da hitz horiekin, eta agintari ohiaren inguruko hainbat laguntzaile atxilotu dituzte azkenaldian. Baita epaitu ere horietako batzuk; esaterako, Buteflikaren anaiari eta aholkulari izandakoari hamabost urteko kartzela zigorra ezarri diote, estatuaren aurka konspiratzeagatik. Herritarrak baretzeko beste saialdi bat izan daiteke, baina Hirak mugitzeko jaio zen, eta protestekin jarraituko du.

«Estatu zibila, ez militarra»

Etenik gabe jarraitzen dute kalean herritarrek. «Gobernu zibila bai, militarra ez», da gehien entzuten diren aldarrietako bat. «Non da justizia, non da eskubidea» ere askotan entzuten zaie herritarrei. Protesta giro hau ez da berria Aljerian, 2011n ere kalean baitziren herritarrak, Udaberri Arabiarren barruan. Adituen ustez, ordea, ezberdina da oraingo oldarraldia, eta ezaugarri honetan oinarritzen dira hori baieztatzeko: ez du nazioarteko beste inolako eragileren esku hartzerik, ezta islamistena ere. Hainbat pankartatan propio eskatu zaie Frantziari, Ameriketako Estatu Batuei, Arabiar Emirerri Batuei eta Saudi Arabiari muturrik ez sartzeko Aljeriako protesta olatu berri honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.