Koronabirus kasu gehiago hasi dira antzematen kanpoan Txinan baino

Covid-19 birusa sortu zen herrialdean, %20 egin dute behera kasu berriek, eta hilkortasun tasa ere %27 jaitsi da. Egoera «puzten» ari direla salatzen duten mezuak gero eta gehiago ari dira zabaltzen

Txirrindulari bat atzo Milanen, ahoa estalia duela babesgarri batekin. MATTEO CORNER / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Txinan, Covid-19 koronabirusasortu zen herrialdean, behera doa kutsatuen kopurua, %20 egin baitzuen behera datu horrek asteartean, bezperakoarekin alderatuta. Heriotzak ere %27 jaitsi ziren herenegun. Orain, kutsatuak 78.064 dira, eta hil direnak 2.715, gehienak Hubei probintzian, birusa zabaldu zen tokian. Txinatik kanpo, aldiz, gora egiten ari dira kutsatuak, eta asteartean, aurreneko aldiz, Asiako herrialdean baino kasu gehiago antzeman zituzten hango mugetatik kanpo. Txinan, bada beste batu bat ere: sendatu diren 30.000 lagunetatik %14 berriz gaixotu dira.

Gaitza hedatzen ari da mundu osora, eta, besteak beste, Brasilen, Grezian, Mazedonian, Pakistanen eta Aljerian lehen kasuak azaldu ziren atzo. Urruti daude, dena dela, gaitza gehien astintzen ari den herrialdeetatik. Europan, Italia dago buruan, eta dagoeneko, hamabi dira hildakoak; kutsatuak, berriz, 400 —haurrak, sei—. Frantzian, bi dira hildakoak. Asian, Hego Korea da Txinaren atzetik doana, eta 1.000 kutsatura heldu da, eta hildakoak 11 dira. Iranen, hemeretzi lagun hil ditu gaitzak, eta 139 dira kutsatuta daudenak.

Espainian ere gora egin zuen kutsatu kopuruak atzo, eta bi egunean zazpi kasu berri azaldu ziren. Horietako batena berezia da, ez baita gaitza zabalduta dagoen inongo herrialdetan egon. Herrialde Katalanetan hiru kasu azaldu ziren.

Koronabirusa eragiten ari den izua dela eta, gero eta herrialde gehiago ari dira aparteko neurriak hartzen. Irlandak erabaki du bertan behera uztea Sei Nazioetako Irlanda-Italia partida, martxoaren 7an jokatzekoa zena. Israelen, Tel Aviveko maratoian, parte hartzeko debekua ezarri diete herrialdekoak ez diren korrikalariei. Kirolaren munduan, Tokion udan egingo diren Olinpiar Jokoen inguruan dabil kezka handia, baina Nazioarteko Olinpiar Batzordeak baztertu egin du munduko kirol ekitaldi garrantzitsuena bertan behera uztea. Australiak, berriz, debekatu egin die herrialdean sartzea Txinatik doazen pertsonei, herrialdean sartu aurreko hamabost egunetan han egon badira.

Neurriak hartzeko, datuak eman behar lehendabizi, eta, horren harira, Osasunaren Mundu Erakundeak salatu egin zuen hainbat herrialde ez direla ari informazioa ematen. Gaitza pandemia izendatzearen inguruan ere aritu zen erakundeko presidente Adhanom Ghebreyesus, eta onartu egin zuen komunikabideak eta politikariak «presioa egiten» ari zaizkiola OMEri birusa horrela izenda dezan. «Ez genuke egin behar, izua handituko litzatekeelako, estigmatizazioak sortu eta osasun sistemak gelditzearekin batera».

«Gripea hilgarriagoa da»

Gero eta ozenago entzuten dira gaitza hain larria ez dela esaten ari diren mezuak. Espainian, Osasun Publikoaren Aldeko Elkarteen Federazioak azaldu zuen atzo agiri bidez hedabideak «gehiegi puzten» ari direla gaia: «Gripearen aurtengo kanpainan, 15.000 kasu egon dira, eta horietatik 5.452, larriak; 700 pertsona baino gehiago hil ditu gaitz horrek». Espainian, oraingoz, Covid-19 birusak ez du inor hil. «Oso nabarmena da interes asko daudela arriskua gehiegi puzteko, eta mezu horrek etekin ekonomiko handiak sortzen ditu», salatu zuen federazioak. Italian, gripeak 8.000 lagun hiltzen ditu urtero batez beste, eta koronabirusak kutsatu dituenetatik %97k gaixotasun kroniko bat zeukaten. Birus berria duten erien %80k sintoma kliniko arinak dauzkate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.