Zaintza lanak publifikatzeko eskatu du Eskubide Sozialen Gutunak

Hilaren 19an Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta herri nagusietan manifestatzera deitu dute, 'Lehenik bizitza!' lelopean. Zerbitzu publikoek 10.000 langile kontratatzea nahi dute

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren agerraldia, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Konfinamenduan etxean geratu ondoren, orain herritarrek kalera ateratzeko garaia badutela uste du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Hilaren 19a hautatu dute horretarako. Publikoa eta funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza! leloa aukeratu du hainbat sindikatu eta gizarte talde biltzen dituen erakundeak. Mobilizazioak goizean eta arratsaldean izango dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta arratsaldean antolatuko dira beste herri askotan ere.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABekoak aurkeztu zituzten mobilizazioak, atzo goizean, Donostiako Egia auzoko plaza batean. Azaldu dutenez, zazpi aldarrikapen plazaratuko dituzte datorren asteko mobilizazioan. Horietatik lehenak garrantzi berezia hartu du, koronabirusaren aurkako borrokak erakutsi baitu zerbitzu publikoak oso beharrezkoak direla gizartearen ongizatea bermatzeko. «Pandemiak berriro ere agerian utzi du jasangaitza dela sistema kapitalista, heteropatriarkala eta ekozida», Aranbururen hitzetan.

Horretarako, Gutuneko kideek uste dute aukerarik onena dela zaintza lanak eta haien zerbitzu osagarriak publiko egitea. Zaharren egoitzak, eguneko zentroak, elbarritasunen bat dutenentzako egoitzak, adingabeen bizilekuak eta etxez etxeko zerbitzuak ez ezik, Eskubide Sozialen Gutunak publiko bihurtuko lituzke osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuak (garbiketa, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak...) eta anbulantzia zerbitzuak. Ildo horretatik, orain lan horietan ari diren langile guztiak subrogatzea nahi dute, eta esparru horietako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.

Horrekin lotuta dago bigarren eskaera ere: zaintza eredua aldatzea eta administrazioek 10.000 lanpostu sortzea, jaiotzatik heriotzarako zaintza bermatuko duen kalitatezko sistema publiko, unibertsal eta doako bat sortzeko.

Pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontra Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako herri ekinaldi legegilean (HEL) planteaturiko neurriak ere izango ditu mintzagai Gutunak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100 izatea, eta etxebizitza eskubidea bermatzea.

Diru sarrerei dagokienez, bi eskaera ditu Gutunak: 1.080 euroko gutxieneko erretiroa, eta 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia.

«Nork ordainduko du?»

Lakuntzak eta Aranburuk onartu dute aurreko neurriek gastu publikoa handitzea ekarriko dutela, eta hori estali ahal izateko «zerga sistema berri bat» eskatu dute. Hau da, gastu gehigarri guztia errenta handien, kapital errenten eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea. «Hori da eztabaida nagusia: nork ordainduko duen krisia, eta nork lagunduko duen krisiaren irteera ahalik eta bidezkoena izan dadin. Argi dago gobernuek ez dituztela ukitu nahi sozietate zerga, ondare zerga eta errenta handiak», azaldu zuen Lakuntzak.

Kalera ateratzeko deia «estrategikoa defendatzeko» eskaera bat da, ELAko idazkari nagusiaren arabera. «Ezin dira 2008ko hutsegiteak berriz egin, erakutsi dutelako krisi batetik ezin dela sekula atera soldata txikiekin eta prekaritate handiagoarekin».

Azken eskaera atzerritarrei lotutakoa da: «Administrazio egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa» aldarrikatuko dute Gutuneko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.