Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma

FLNKSk jakinarazi du hirugarren galdeketa egiteko eskatuko duela

Loialisten artean azken erreferenduma oztopatzeko jarrera nagusitzen hasi da. Frantziako Itsasoz Haraindiko ministroak aitortu du «tentsio politikoak» daudela; etzi Kaledonia Berrian izango da

FLNKSk jakinarazi du hirugarren galdeketa egiteko eskatuko duela.
ander perez zala
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Déjà vu sentsazioa eman du Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesuko bigarren independentzia erreferendumaren biharamunak. Duela bi urte bezala, ezezkoak irabazi du, baina independentistek espero baino emaitza hobeak lortu dituzte; are, aurten hiru puntuz txikitu dute loialistekiko tartea. Frantziatik ateratzearen aldekoek, hortaz, botoen %46,74ak bultzatuta, Noumeako akordioak aurreikusten duen hirugarren eta azken galdeketa egiteko nahia agertu dute, eta Roch Wamytan Kaledonia Berriko Kongresuko presidente eta Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka (FLNKS) aliantzaren buruzagi historikoak atzo baieztatu zuenez, hori egiteko eskatuko dute epeak modua ematen duenean. «Helburua 2022an irabaztea da, argi eta garbi», gehitu zuen Mickael Forrest aliantzaren Kanpo Harremanetarako arduradunak.

Loialisten artean, azken erreferenduma oztopatzeko jarrera nagusitzen hasi da iragan asteburukoaren biharamunean. Horren erakusle, Sonia Backes Etorkizuna Konfiantzaz-en buruzagi eta Hegoaldeko Probintziako presidenteak esandakoak: «Giro asaldatua sortuko luke, gerra zibilekoa ez esatearren». Galdeketaren ordez, negoziazio mahaira itzultzea proposatuko dute, Kaledonia Berriarentzako «gizarte proiektu bat» adosteko.

Izan ere, Loialistak kanpainako kide Virginie Ruffenachen iritziz, «aldi berean demokrazia errespetatu eta bakoitzak bere tokia» izango duen irtenbidea da egokiena, bi aldeak «hiru aldiz aurrez aurre» jarri beharrean.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere elkarrizketarako deia egin zien bi aldeei herenegun eginiko agerraldian. «Hirugarren erreferendumarekin edo hori gabe», agintariak berebizikotzat jo zuen mahai beraren inguruan elkartzea, Kaledonia Berriak beranduenez 2022rako beteko baitu Noumeako akordioa: «Bidegurutzean gaude. Bi urte ditugu aurretik hitz egiteko eta etorkizunaz pentsatzeko». 2018tik hona eta batez ere kanpainan izandako tentsioa eta polarizazioa oztopo izango dira helburu horretan, baina independentistek ere negoziaziorako borondatea erakutsi dute, baldintza batzuk ezarrita: «Akordioaren gaiaz izan beharko luke, herrialdeak subiranotasun osoa izan dezala», esan zuen Charles Washetine Palika alderdiaren eledunak.

Elkarrizketa horiek sustatzeko asmoarekin, etzi Kaledonia Berrian izango da Sebastien Lecornu Frantziako Itsasoz Haraindiko ministroa; horri begira, erronkatzat jo du independentisten eta loialisten arteko hartu-emana berreskuratzea, atzo France Inter irratian aitortu baitzuen «tentsio politikoak» daudela bien artean.

Gobernu aldaketa?

Datozen hilabeteei begira, mahai gainean dago Kaledonia Berriko Gobernua aldatzea. Orain arte loialistak egon dira agintean, baina Kongresuan balantza alde batera edo bestera mugitzen duen Ozeaniako Esnaldiak igandeko bozketaren aurretik adierazi zuen hirugarren galdeketaren aurretik «irtenbiderik onena» litzatekeela «herrialdearen gidaritza independentistei ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.