EBk eskubide urraketen kontrako zigor erregimen globala onartu du

Bruselak munduko edozein norbanakoren, elkarteren edo erakunderen kontrako neurriak hartu ahalko ditu krimen larriengatik. Egitasmoak ez du ustelkeria jaso jazarriko diren delituen artean

Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburua, atzo, hedabideen aurreko agerraldi batean, Bruselan, Europako Kontseiluaren bileraren ostean. JOHN THYS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Giza eskubideen urraketen kontrako zigor erregimena onartu du EB Europako Batasunak. Hilabeteetako eztabaiden ostean, Atzerri ministroen kontseiluak onetsi zuen atzo egitasmoa, aho batez. Erregimenak badu berritasunik: haren bidez, EBk aukera izango du giza eskubideen urraketaren baten ardura duten norbanako nahiz elkarte edo erakundeak zigortzeko, edozein estatutakoak direla ere. Europako Kontseiluaren esanetan, giza eskubideen aldeko borroka batasunaren lehentasuna dela adierazten du neurriak. Ustelkeriaren kontrako hainbat elkartek uste du zigor erregimen globala aurrerapauso bat dela, baina jazarriak izango diren delituen artean ustelkeria jaso ez izana kritikatu dute.

EBk izan du giza eskubideen urraketak zigortzeko modurik orain arte, baina neurri horiek beti egon behar zuten herrialde jakin bati lotuta. Siria, Libia, Venezuela, Bielorrusia eta Myanmarri ezarritakoak dira ezagunenak. Erregimen berriarekin, ordea, zehapenak ez dira estatu batera mugatuko, eta munduko edozein norbanako, elkarte edota erakunderi ezartzeko modua izango du, publikoak nahiz pribatuak izan. Ondorioz, urraketei «azkarrago» eta «eraginkorrago» jazarri ahalko zaie, Josep Borrel EBko diplomaziaburuaren esanetan.

Erregimen berriak bide ematen du genozidioa, gizateriaren aurkako krimenak, torturak, esklabotza, exekuzioak, desagertze behartuak eta atxiloketa arbitrarioak zigortzeko. Baita indarkeria matxista eta giza trafiko kasuak eta biltze eskubidearen, adierazpen askatasunaren nahiz erlijio askatasunaren urratzeak ere, horiek «zabalduak, sistematikoak edo atzerri eta segurtasun politika komunaren helburuetarako kezka serioak» direnean.

Bruselak EBn sartzeko debekua ezarri ahalko die delitu horien gaineko arduradun jotzen dituen norbanako edo eragileei. Horrez gain, batasunean dituzten ondasunak izozteko aukera izango du, eta zigortuen zerrendan daudenek ezin izango dute EBko norbanako edota eragileen finantzaketarik jaso, ez zuzenean, ezta zeharka ere.

Batasuneko estatu kideena eta Borrell diplomaziaburuarena izango da zigorrak proposatzeko eskumena, eta Europako Kontseiluak onartu beharko ditu, aho batez, indarrean jar daitezen.

EBk onartu duen egitasmoak AEBetako Magnitsky legea izan du oinarri. 2012an, Barack Obamaren agintaldian onartu zuen Kongresuak, Errusiako hainbat ofizial zigortzeko, Sergei Magnitsky zerga abokatuaren hilketarengatik. AEBetako legeak giza eskubideen urraketen eta ustelkeria delituen kontrako zigorrak aurreikusten ditu, eta gauza bera Kanadako antzeko beste lege batek ere. Erresuma Batuak joan den uztailean onartu zuen bere Magnitsky legea, eta hari ustelkeria delituen kontrako zigor erregimen bat gehitzeko bidean da.

«Mezu arriskutsua»

Global Witness, Transparency International, Open Society European Policy Institute eta beste hamabi elkarteren iritziz, erregimena sortzea positiboa izan arren, beharrezkoa da Bruselak zigor «osagarriak» onartzea, ustelei «mezu arriskutsua» eman nahi ez badie behintzat. «Zigor erregimen berrian ustelkeria ez aipatzearekin, arriskua dago Europa diru beltzarentzako paradisu seguru bat denaren mezua bidaltzeko. Kleptokratek, dirua zuritzeko sareek eta haien Europako bideratzaileek Europako merkatua erabiltzen jarrai dezakete; Europako finantza sistemaren integritatea kaltetu dezakete», salatu du Transparency Internationalen Europako Politika zuzendari nagusi Laura Brillaudek.

AEBen, Kanadaren eta Erresuma Batuaren aldean, EB «atzetik» jarri dela ere nabarmendu dute. Horrek Europa «katebegirik ahulena» bihurtuko du «ustelkeriaren kontrako borroka globalean», Tinatin Tsertsvadze Open Society European Policy Instituteko analistaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.