Azken erlojupekoa, Bruselan

Europako Parlamentuak ohartarazi du igande gauerako jaso behar duela akordioa, berresteko denbora izateko. Baikor jarraitzen du Europako Batzordeak, baina ez hainbeste Erresuma Batuak

Brexit-aren aurretik biltegiak betetzen ari dira enpresak, eta kamioi ilarak sortu dira. Irudian, Felixtowe. NEIL HALL / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Aldapa motzeko eta pikoko udaberriko klasikoengatik da ezaguna Belgika ziklismo zaleen artean, baina bestelako lasterketa bat da orain herrialde hartako hiriburuan jokatzen ari dena: erlojupeko bat, gogorra hura ere, brexit-aren osteko merkataritza akordio bat egiteko Europako Batzordearen eta Erresuma Batuaren artean. Urteberriarekin batera aterako da Erresuma Batua EBren merkatu bakarretik, baina erlojupekoa egun batzuk lehenago bukatu behar duela ohartarazi du Europako Parlamentuak: ezein akordio igande gauerdirako ez badago, ez du astirik izango berresteko, eta ezingo du urtarrilaren 1ean indarrean jarri.

Michel Barnier EBko negoziazio taldeko buruaren bisita izan zuten atzo Europako Parlamentuko taldeetako buruzagiek. Aste hasieratik EBren aldetik jasotzen ari den mezu baikorrarekin joan zitzaien Barnier. Negoziazioak «azken urratsetan» zeudela esan zien, eta «azken oztopo batzuk» gainditzea falta zela akordio bat lortzeko. Ituna gaurko egon ote zitekeen galdetuta, ez zuen erabat baztertu, baina ziurtatu zuen zaila izango zela. Negoziazioek asteburuan jarraituko zutela aipatu zioten EBko iturriek Financial Times egunkariari.

Akordioaren edukiak ez ezik epeak ere garrantzitsuak direla entzun zuen Barnierrek. Izan ere, eurodiputatuek esan zioten beranduenik igande gauerako jaso behar dutela akordioa, ongi aztertzeko eta horri buruz erabaki bat hartzeko astia izateko. Berez, ituna erabat lotu aurretik nahi dute testua, aztertzen hasteko. Jasoko balute, prest daude abenduko azken astean osoko saio batera deitzeko eta han bozkatzeko.

Europako Parlamentuak aste batzuk daramatza EBko gobernuei eta negoziatzaileei gogorarazten berea dela merkataritza itun guztiei buruzko azken hitza. Normalean, hilabeteak behar ditu prozesuak, halako itunek ehunka eta milaka orrialde izaten baitituzte, ager daitezkeen zirrikitu guztiak ixten saiatzeko. Baina brexit-aren ostekoa «kasu berezia» dela onartu dute europarlamentariek, eta prest agertu dira tramiteak bizkortzeko.

Ikusteko dago zer gerta daitekeen iganderako akordiorik ez badago baina urteko azken egunotan lortzen badute. Barnierrek berak aipatu izan duen aukera bat da akordioa behin-behinean indarrean jartzea, parlamentuak onetsi bitartean.

Mugimendu eztabaidatsua izango litzateke hori, Europako Parlamentuak gogoraraziko bailuke bera dela EBko herritarren borondate demokratikoaren ordezkaria. Edonola ere, ez litzateke lehen aldia izango EBko egiturek beren araudi propioen interpretazio aske bat egiten dutela, praktikotasunaren izenean.

Westminster ere, prest

Baina itun batek gutxienez bi alde behar ditu itun bat izateko, eta, oraingoan, Londresi egokitu zaio ezkorrarena egitea. Akordio baterako aukerak «%50 baino txikiagoak» direla esan zuen goizean Michael Gove Kabineteko ministroak; arratsean, berriz, Eguberrietatik landa luza daitezkeela negoziazioak. Zer neurritaraino den egia eta zer neurritaraino negoziaziorako estrategia , hori ez dago jakiterik, baina ez da harritzekoa Boris Johnsonen gobernuak gogor plantak egitea, haren jarraitzaile batzuek ez baitute nahi inolako akordiorik, eta beste batzuek soil-soilik onartuko baitute baldin eta asko borrokatutakoa dela sinetsarazten bazaie.

Brexit zale sutsuenetako bat Jacob Rees-Moog izan da, gaur egungo Komunen Ganberako liderra. Beste diputatuek bezala, oporrak hartu zituen atzo, baina iragarri zuen akordiorik badago Westminsterreko parlamentuak saio berezi bat egingo duela datorren astean, akordioa berresteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.