Rojavan gogortu egin dira erasoak, eta milaka herritarrek ihes egin dute

Turkiak babestutako SNAk eta kurduek gidatutako SDF indarrek elkarri leporatu diote su-etena urratzea «segurtasun eremuan». Ankarak adierazi du YPGko 35 kide «neutralizatu» dituela

Turkiak babestutako SNA Siriako Armada Nazionaleko kideak, iazko urrian, Rojavan (Kurdistan mendebaldean) erasoa egiteko prestatzen. STR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Eztandak eta tiroak entzuten dira edonoiz Rojavako Ain Issa hirian, Siriaren menpeko Kurdistanen. Indartu egin dira Turkiak babesten duen SNA Siriako Armada Nazionalaren—Siriako Gobernuaren kontrako matxino islamistak— eta kurduek gidatutako SDF Siriako Indar Demokratikoen arteko erasoak, eta Turkiak esku hartu du. Arriskutik ihesean, 9.500 herritarrek etxea utzi dute. Ankarak eta SDFk su-etenean jasotako konpromisoak urratzea leporatu diote elkarri.

Tel Abyad hiria Turkiarekin mugan dago, eta handik 45 kilometro ingurura dago Ain Issa. Tel Abyad muga zaintzeko gune estrategiko bihurtu zuen Ankarak 2019ko urrian, Bakearen Iturria operazioan hiria kontrolpean hartu zuenean.

«Segurtasun eremu bat» eratzeko erasoaldia izan zen Turkiarena. Helburua zen mugatik 30 kilometro hegoaldera indar kurdurik gabeko tarte bat ziurtatzea. Recep Tayyip Erdoganen gobernuak «terroristatzat» ditu SDFren gidari diren YPG Herriaren Babes Unitate kurduak, eta AEBek emandako aukera baliatu zuen horiek mugatik aldentzeko; Donald Trump presidente estatubatuarrak bere armada Siria iparraldetik erretiratu zuenean hasi zuen Turkiak erasoaldia. AEBen erabakia eztabaidatua izan zen. Kurduak Washingtonen aliatu nagusiak izan ziren Estatu Islamikoaren kontrako borrokan, baina AEBek armada erretiratuta Turkiaren aurrean salduta utzi zituztela ulertu zuten neurriaren kontrakoek.

Turkiak AEBen eta Errusiaren onarpena lortu zuen mugaren hegoaldean «segurtasun eremua» ezartzeko. Hala jasotzen du Turkiak AEBekin iazko urriaren 17an adostu zuen su-etenak, baita Errusiarekin bost egun geroago sinatu zuenak ere. Azken itun horretan zehaztu zuten Erdoganek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak «segurtasun eremuak» zer lurralde hartuko zuen. M-4 autobideak banatzen ditu Turkiaren eta SDFren kontrolpeko lurrak, eta bi aldeek elkarri leporatu diete dagokien esparrua gainditzea, eta, beraz, su-etenaren ituna urratzea.

Hiri estrategikoa

SDFk adierazi duenez, Turkiak erasoak areagotu ditu abenduan, Ain Issa hiriaren inguruetako «kontaktu lerro guztian». Bereziki, azken bi asteetan indartu dira erasoak, SDFren arabera. Ankara lurralde berriak eskuratu nahian ari dela salatu du.

Turkiak, berriz, M-4tik iparraldera dauden indarrei eraso egitea leporatu dio YPGri, eta esku hartzea erabaki du. Ankarak atzo adierazi zuen YPGko hogei kide «neutralizatu» zituela, eta «neutralizatutako» beste hamabost kideren berri eman zuen herenegun. Recep Tayyip Erdoganen gobernuak «neutralizatutzat» jotzen ditu hildako, preso hartutako edo agintarien esku utzitako arerio militarrak.

SDFk uste du Ain Issa kontrolpean hartzeko asmoa duela Turkiak. Hiri estrategikoa da ikuspegi militarretik: M-4 autobidearen ondoan dago, eta errepide hori Siriako nagusienetako bat da; Irakeko muga, Alepo hiria eta Siriako kostaldea lotzen ditu. Horrez gain, Rojavako aginte autonomoaren egoitza nagusiak eta haren menpeko erakundeenak Ain Issan daude. SDFren iritziz, Ankarak Rojavaren proiektu politikoa suntsitu nahi du.

Ain Issa hiriak 7.089 biztanle zituen joan den maiatzean, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Hiria hustu egin da azken bi asteotan, erasoen ondorioz. Rojavako aginte autonomoak jakinarazi du 6.500 herritarrek utzi dutela Ain Issa, eta etxetik ihes egin dutela inguruetako beste 3.000 lagunek ere, abenduaren erdialdeaz geroztik. Gehienek Raqqa hirirantz jo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.