Lehen aldiz LRA miliziako buruzagi bat zigortu dute gerra krimenengatik

Dominic Ongwen haur zela bahitu eta errekrutatu zuen Ugandako Jainkoaren Erresistentzia Armadak. Defentsak iragarri du helegitea jarriko duela

LRAko gerrillari talde baten artxiboko argazki bat. Gaur egun ehun inguru direla uste dute segurtasun indarrek. STEPHEN MORRISON / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak erruduntzat jo zuen atzo Dominic Ongwen, Ugandako LRA Jainkoaren Erresistentzia Armadako komandantea. Lehen aldia da Hagako auzitegiak LRArekin lotutako buruzagi bat epaitu eta zigortzen duela. Auzitegiak 2002 eta 2005 urteen artean gerra krimenak eta gizateriaren aurkako delituak egiteaz akusatu zuen haur soldadu izandakoa. Zehazki, hilketa, tortura, bortxaketa, sexu esplotazioa, adingabeen bahiketa eta lapurretekin lotutako 61 delitu leporatzen dizkiote. Ongwenek berak errugabetzat jo du bere burua: «LRAren ankerkerien beste biktima bat naiz».

Ongwenen abokatuek argudiatu zuten haurra zela bahitu eta errekrutatu zutela gerrillariek, eta horren ondorioz arazo psikologikoak izan dituela geroztik: «Bera ere biktima bat da, eta ez biktima eta borreroa aldi berean». Auzian lekukotza eman zuten medikuen esanetan ere, trauma osteko estresaren nahasmendua eta identitate disoziatuaren nahasmendua zituen Ongwenek erasoetan parte hartu zuenean. Epaimahaiak, baina, ez zuen ontzat eman defentsaren eskea, nahiz eta aurreratu gerrillaburuaren bizitza aintzat hartuko dutela haren aurkako zigorra erabakitzeko garaian bizi osorako kartzela zigorra jaso dezake. «Dominic Ongwenek 20 urte pasatxo zituela egindako krimenak epaitzen ari gara auzi honetan, eta ez dago arrazoirik haren erantzukizun kriminala baztertzeko. Argi geratu da errudun dela, inolako zalantzarik gabe», adierazi zuen Bertram Schmittek, epaimahaiko buruak. Helegitea jarriko duela iragarri zuen defentsak.

Joseph Kony buruaren agintepean, LRAk Ugandako Gobernuaren aurka egin zuen, Hego Sudanen, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Afrika Erdiko Errepublikan zituzten kanpalekuak baliatuta. Ugandak 2004an jo zuen Nazioarteko Zigor Auzitegira LRArekin zuen gatazka salatzera.

Gerrillak 100.000 herritar baino gehiago hil eta 60.000 bahitu zituen 2000ko hamarkadako lehen urteetan. Hagan salaketa jarri eta urtebetera, Ugandako armadak lortu zuen gerrilla herrialdetik kanpora bidaltzea, eta gerrillariek inguruko estatuetan hartu zuten aterpe.

Ongwenek bere burua entregatu zuen 2015ean. AEBetako militarrek atxilotu zuten. Kony bera, ordea, desagertuta dago oraindik. Nazioarteko Zigor Auzitegiak zabalik dauka haren aurkako auzia ere, gerra krimenengatik eta gizateriaren aurkako delituengatik, Ongwenen kasuan bezala.

Eskolarako bidean bahitua

Ez da ziurra, baina ikertzaileek uste dute 9 eta 14 urte artean zituenean atzeman zutela miliziek Ongwen, eskolara bidean zihoala, Uganda iparraldean. Ez zen bakarra izan. 1987an LRA sortu zutenetik 30.000 adingabe bahitu dituztela uste da, soldadu izateko batzuk eta sexu esplotaziorako edo zama eramaile izateko beste batzuk.

Ongwenen kasuan, bahitua izan eta urtebetera, 1988 inguruan, kanpamentutik ihes egiten ahalegindu zen beste bi lagunekin batera. Harrapatu egin zuten, ordea, eta, zigor moduan, harekin ihes egiten saiatu ziren mutiletako bat bizirik larrutzera derrigortu zuten. Denborak aurrera egin ahala, haur soldadu ohia aginte katean gora eginez joan zen. Hala ere, 2003an berriz ahalegindu zen ihes egiten, eta, orduan ere, atzeman, eta bi astean preso izan zuten.

Gobernuz kanpoko erakunde ugarik txalotu dute nazioarteko auzitegiak emandako epaia. Ekintzaile askok, ordea, zalantzan jarri dute, eta defentsaren aldera lerratu dira, nabarmenduz Ongwen bera ere gerraren biktima izan zela, eta zigorra baino gehiago gizarteratze prozesu bat beharko lukeela.

Nazioarteko Zigor Auzitegiak zigortu duen LRAko lehen buruzagia da Ongwen, baita auzipetuta dauden goi kargudunetatik maila baxukoena ere. Beste biak Kony bera eta Vincent Otti dira. Lehenaren aurkako auzia 2005ean zabaldu zuen Hagak. Hari ere gerra krimenak eta gizateriaren aurkako delituak egotzi dizkiote, besteak beste adingabeak bahitzeagatik. Kony atxilotzeko agindua emana du Nazioarteko Zigor Auzitegiak, baina 2017an AEBetako armadak eta Ugandakoak bertan behera utzi zituzten hura bilatzeko lanak, argudiatuta LRA ez dela dagoeneko «arriskutsua». Adituek uste dute gaur egun ehun kide inguru dituela miliziak 3.000 ere izan zituen 2000. urtean.

LRAko bigarren buruzagia da Otti. Hark 21 urte zituela egin zuen bat miliziarekin, eta 2006ko bake elkarrizketetan parte hartu zuen, miliziako bozeramaile gisa. Negoziazioek huts egin zuten, ordea, eta, lekukoen arabera, horrek Konyren haserrea eragin zuen, zeinak ezkutura jo behar izan zuen beste behin. 2007an zabaldu zen LRAk Otti hil zuela, baina haren heriotza ezin izan zen egiaztatu urtebete geroago arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.