Aljeriako presidenteak parlamentua desegin du, eta hauteskundeetara deitu

Hirak mugimenduaren protestek bozak aurreratzera bultzatu dute Abdelmadjid Tebbune estatuburua. Presidenteak adierazi du herritarren kritikak entzun dituela, eta gobernua eraberrituko du berehala

Aldaketa politikoaren aldeko protestak izan dira azken egunetan Aljeriako hainbat hiritan. Irudian, Kherratakoak. STR / EFE.
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Hauteskundeak aurreratu ditu Abdelmadjid Tebbune Aljeriako presidenteak. Herrialdeko sistema politikoa berritzeko eskatzen duen Hirak mugimenduak milaka lagun mobilizatu ditu azken egunetan, eta Tebbunek, presioei men egin, eta parlamentua desegin du. Ez hori bakarrik: adierazi du herritarren kritikak entzun dituela, eta gobernua eraberrituko du datozen orduetan.

Horrez gain, Tebbunek iragarri du Hirakeko 60 kideri indultua emango dien dekretu bat sinatu duela, nahiz eta haietako 30 jada kondenatu zituzten Aljeriako epaitegiek. Mugimenduak indarra hartu zuenetik hango milaka kide atxilotu ditu Poliziak.

Nagusiki, «erregimen militarra amaitzeko» eskatzen dute mugimenduko kideek, baina baita gobernuan belaunaldi aldaketa bat izatea ere. Horregatik, Tebbunek hitzeman du gazteei herrialdeko sistema politikoan sartzeko laguntzak emango dizkiela: «Gazteek instituzioetan sartu behar dute, eta guk lagundu egin behar diegu; geuk ordainduko dugu haien hauteskunde kanpainaren zati handi bat».

Dirudienez, protestei aurre egiteko Tebbuneren estrategia da manifestariak bere alde jartzea; presidentearen arabera, ezarriko duen erreforma multzoa da «benetako Hirak»: «Konstituzioa eraberritu dugu, askatasun indibidual eta kolektiboak txertatu ditugu han, presidentearen botereak murriztu ditugu, eta orain hauteskundeak egingo ditugu berriro».

Azkenik, herenegun eman zuen diskurtsoan, Mendebaldeko Saharaz ere oroitu zen Tebbune, eta argi utzi zuen han autodeterminazio erreferendum bat egitearen alde dagoela: «Ez dago beste irtenbiderik Afrikako azken koloniarentzat».

2019ko apirilera arte, Abdelaziz Buteflika zen Aljeriako presidentea. Estatuburua, ordea, ez zen agintzeko gai 2013tik, garuneko infartu bat izan zuenetik, eta, hala ere, bosgarren aldiz hauteskundeetara aurkezten saiatu zen. Orduan piztu ziren protestak.

Hirak mugimenduak astelehenean beteko ditu hiru urte; pandemiaren ondorioz indarra galdu zuela zirudien —aurrez astean bitan egiten zituzten manifestazioak, etengabe—, baina, azken asteetako protestei esker, hauteskundeak aurreratzea lortu dute.

Tebbunerekin, antzeko

Buteflikaren ordezkoarekin ere, ordea, antzeko arazoak izan dituzte Aljerian. Tebbunek 75 urte ditu, eta hainbatetan irten da herrialdetik osasun arazoak zirela medio: koronabirusaren ondorioz bi hilabete igaro zituen Alemanian, eta duela astebete ere atzerrian izan zen operazio bat egiteko. 2019an hautatu zuten presidente, %40ko parte hartzea izan zuten hauteskundeetan.

2020. urtearen amaieran, konstituzioa birmoldatzeko bozak egin zituzten Aljerian, baina herritarren %23,7k soilik hartu zuten parte. Erreferendumak kritika ugari jaso zituen, eta Hirak proposamenaren kontra agertu zen, argudiatuta ez zituela jasotzen herritarren nahiak; oposizioak ere boikoterako deia egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.