Bidenek agindutako lehen aire erasoak hainbat lagun hil ditu Sirian

Pentagonoak esan du «Iranen babesa duten milizien» aurka egin duela. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zabaldu du 22 hildako izan direla, baina Siriako iturri militar batek gezurtatu egin du datu hori

AEBek Sirian duten esku hartze militarraren aurkako protesta bat, Damasko hiriburuan. YOUSSEF BADAWI / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Presidente karguaren zina egin eta hilabete pasatxora agindu du Joe Bidenek legegintzaldiko lehen aire erasoa, eta atzo goizaldean egin zuen AEBetako armadaren F-15 hegazkin militar batek. Deir ez-Zor probintziako hainbat eremu bonbardatu zituen. Washingtonek argudiatu zuen «Iranen babesa duten milizien» kokaleku zirela. Hainbat hildako izan ziren, baina nahasmena sortu zen kopuru zehatzaren inguruan. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zabaldu zuen 22 miliziano hil zirela erasoan, baina Efe berri agentziarekin hitz egin zuen Siriako iturri militar batek gezurtatu egin zuen informazio hori. Haren arabera, inor bizi ez den eremu batean jo zuten AEBek jaurtitako suziriek, eta lau lagun hil ziren: Iranen aldeko hiru «borrokalari» eta soldadu siriar bat.

Pentagonoko bozeramaile John Kirbyk eman zuen erasoaren berri, ohar baten bidez. AEBei eta hark gidatutako nazioarteko koalizioari berriki Iraken egindako erasoei eta mehatxuei erantzunez egin zuten atzoko bonbardaketa, oharrean ziotenez. Iranen babespean jarduten duten Kataib Hezbollah eta Kaitib Sayyid al-Xuhada milizien kontrolpeko guneak zituzten jomugan, Kirbyk zehaztu zuenez. Operazio militarra «neurri diplomatikoak» hartu ondoren egin zutela ere bazioen oharrak, eta nazioarteko koalizioa jakinaren gainean zegoela. Washingtonen arabera, «mezu garbi bat» bidali nahi izan zuten: «Biden presidenteak ekin egingo du AEBetako eta koalizioko langileak babesteko». Era berean, operazioaren helburua zen «Siria ekialdeko eta Irakeko egoera orokorra deseskalatzea», oharrak zioenaren arabera.

Izan ere, AEBen aurkako zenbait eraso izan dira inguru horretan azken asteetan, eta Bidenen gobernuak Iranen aldeko miliziak egin ditu horien erantzule. AEBek Bagdaden duten enbaxadari eraso zioten astelehenean, haren aurka katiuxa suziriak jaurtita. Kataib Hezbollah milizia egin zuen erantzule, nahiz eta erasoa hiriko eremu berdean izan zen, eta eremu horretan egindako erasoak talde paramilitar txikiek egin ohi dituzten.

Lehenago, otsailaren 15ean, AEBen base militar baten aurkako eraso bat izan zen, Hego Kurdistango Arbil hiriko aireportuan. AEBetako soldadu bat hil zuten, eta kontratista militar bat zauritu. Iraken jarduten duen talde armatu batek bere gain hartu zuen erasoa, baina talde hori Irango Hezbollah miliziak Iraken duen adarraren barnean kokatu zuten Irakeko zenbait hedabidek.

Irakeko Gobernua ikerketa bat egiten ari da eraso horren inguruan, eta, AEBetako zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, horregatik erabaki zuen Bidenek Siriaren menpeko lurraldean egitea erasoa. Pentagonoak operazio handiago bat egiteko aukera eman zion presidenteari, iturri horiek diotenez, baina Irakekin dituen harremanak lehenetsi zituen hark.

Baditu horretarako motiboak, azken urtean asko gaiztotu baita Washingtonek Irakekin eta Iranekin duen harremana, eta, bereziki, AEBek Qasem Soleimani Irango Guardia Iraultzailearenburuzagia hil zutenetik. Iranek Ekialde Hurbilean zuen estrategiaren diseinatzaile eta buru nagusienetako bat zen Soleimani, eta are ezagunago egin zuen Iraken eta Sirian Estatu Islamikoaren hedapena gelditzeko egindako lanak. Haren hilketak haserre handia eragin zuen Iranen, eta, bereziki, xiiten artean. Erantzungo zutela hitzeman zuten.

AEBetako gobernuaren zuzeneko erasoak zertxobait apaldu dira ordutik, baina ez zeharkakoak, Washingtonek jo puntuan izan baititu Iranen babesa duten miliziak; baita haren aliatu Israelek ere. Azken hilabeteetan, Tel Avivek hainbatetan egin du Siriaren aurka, milizia xiitek eremua kontrolatu nahi dutela argudiatuta. Urtarrilean, Israelek gutxienez 57 lagun hil zituen Deir ez-Zor probintzian; hain justu, AEBek atzo eraso egin zuten leku berean.

Bidenek Iranekiko harremana onbideratzeko izango dituen zailtasunen neurria ere irudikatzen du atzoko erasoak. Donald Trump AEBetako presidente ohiak hautsitako itun nuklearrera itzuli nahi du Bidenek, baina Irango Gobernuak eskatzen dio akordioa hautsi izanak eragindako kalte ordainak itzultzea. Washingtonek esku hartze militarrarekin aurrera jarraitzeak ez du lagunduko lehendik ere zailak ziren akordioak lortzen.

«Ondorioak izango ditu»

Siriako Gobernuak atzo goizaldeko erasoaren inguruko ohartarazpena bidali zien AEBei, arratsaldean. «Ondorioak» izango dituela iragarri zuen, eta tentsioa areagotu egingo duela. Erasoa gaitzetsi, eta herrialdearen «subiranotasunaren, nazioarteko legediaren eta Nazio Batuen Erakundearen estatutuen aurkakoa» dela adierazi zuen Atzerri Ministerioak, Sana Siriako albiste agentzia ofizialaren bidez zabaldutako ohar batean. Halaber, AEBei eskatu zien beraien «estrategia orokorra» baztertzeko, Siriaren subiranotasuna urratzeari uzteko eta talde «terrorista armatuak» ez babesteko. Gainera, ministerioak jakinarazi zuen NBEko ordezkari Geir Pedersen Sirian zen bitartean izan zela erasoa, eta nabarmendu zuen horrek erakusten duela Siriako gatazka konpontzeko Washingtonek duen «interes falta».

Kremlinek ere irmoki salatu zuen atzoko bonbardaketa. «Siriaren subiranotasunaren eta lurraldearen osotasuna» errespetatzeko eskatu zuen Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak, eta herrialde hori «arazo geopolitikoak konpontzeko jokaleku» bihurtzearen aurka mintzatu zen. Dmitri Peskov gobernuaren bozeramaileak, berriz, adierazi zuen egoera «oso adi» aztertuko duela, eta jakinarazi zuen Siriako aliatuekin «etengabeko kontaktuan» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.