NBEk uste du Tigrayn gertaturikoak «gerra krimentzat» jo daitezkeela

Erakundeak Etiopiako eta Eritreako armaden eta TPLFren erasoak kritikatu ditu, eta baimena eskatu du iparraldeko eskualdean sartzeko, ikerketa «objektibo eta independente bat» egin ahal izateko

Tigrayko milaka herritarrek muga pasatu dute, eta Sudango kanpalekuetan daude egun. ALA KHEIR / EFE.
ander perez zala
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Iragan azaroan ohartarazpen bat helarazi zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak: Etiopia iparraldeko Tigray eskualdeko egoera larria zela. Ordutik hona aldaketa nabarmenik izan ez delakoan, NBE gero eta kezka handiagoa agertzen ari da, adierazi baitu eremu horretan gertaturikoak «gerra krimentzat» jo daitezkeela. Erakundeak hilabeteotan azterturiko informazioan eta bilduriko frogetan oinarrituta egin du adierazpena, baita giza eskubideen eta nazioarteko legediaren «bortxaketa larrien salaketak» jaso eta jaso ari delako ere.

Atzo, NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatari Michelle Bacheletek gerrako bi aldeei egotzi zien ustezko delitu horiek egin izana: Etiopiako eta Eritreako armadei, TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteari eta Etiopiako Amhara eskualdeko armadari eta bere milizia aliatuei. «Iturri sinesgarrietatik salaketa larriak jasotzen ari gara: generoan oinarrituriko sexu indarkeria, epaiz kanpoko hilketak, suntsiketa orokorra eta jabetza publiko eta pribatua harrapatzea».

Iragan azaroaren hasieran, Etiopiako armadak operazio militar bat hasi zuen TPLFren aurka. Abiy Ahmed herrialdeko lehen ministro eta Bakearen Nobel saridunak salatu zuen eskualde horretan egiten ari ziren ekintza «oldarkor eta ilegalek» konstituzioa eta ordena konstituzionala «arriskuan» jartzen zutela, baita Etiopiaren subiranotasuna mehatxatu ere; horren harira ezarri zuten larrialdi egoera, eta operazioa abiatu. Parlamentuak Tigrayko Gobernua desegiteko erabakia ere hartu zuen, eta hango legealdia «legez kanpokotzat» jo.

Harrez geroztik, Addis Abebaren aginduz, Etiopia iparraldeko eskualdea erabat bakartuta dago, eta NBEk ezin izan du laguntzarik eraman, gobernuak sarbidea debekatu baitio. Azken astean onartu egin zuen hango herritarrei laguntza humanitarioa helaraztea, baina oraindik ez da halakorik gertatu; gainera, Tigrayko zibilek ezin dute kanpokoekin komunikatu, besteak beste, Interneterako konexioa moztu dietelako.

Testuinguru horretan eskatu du Bacheletek Etiopia iparraldeko eskualdean sartzeko baimena, hilabeteotan gertaturikoaz ikerketa «objektibo eta independente bat» egite aldera. Denetariko salaketak helarazi dituzte GKE gobernuz kanpoko erakundeek: esaterako, Amnesty Internationalek «hainbat sarraskiren» berri eman zuen, eta zenbait GKEk eta Etiopiako oposizioko zenbait alderdik adierazi zuten 50.000 zibil hil direla. NBEk horietako batzuk baieztatzeko aukera izan du, Bacheletek adierazi duenez.

Tigrayn kazetariak eta itzultzaileak ere atxilotu dituzte azkenaldian, hango eta nazioarteko hedabideekin kolaboratzen ari zirela. Berehala askatu dituzte, baina agintariek mehatxu egin diete atzerriko hedabideak «nahasten» dituztenei.

Hauteskundeak ekainean

Etiopian ekainaren 5ean egingo dituzte hauteskunde orokorrak. Joan den abuztuan ziren egitekoak, baina bozen batzordeak horiek atzeratzea erabaki zuen, koronabirusaren pandemiak bultzatuta.

Tigrayrako, ordea, ez da bozik aurreikusten aurten. Iragan irailean egin zituzten, gobernu federalak ohartarazi zuen arren ez zituela onartuko; emaitza ofizialen arabera, TPLFk botoen %98 eta parlamentuko 152 eserlekuak lortu zituen. Gerora, Tigray Eskualdeko Kontseiluak hamasei diputatu eman zizkien oposizioko lau alderdiri.

Hauteskunde horietako emaitzak izan dira, hain justu, Etiopiako Gobernuaren argudioetako bat TPLFren kontrako gerra hasteko. Hauteskunde batzordearen arabera, Tigrayn behin-behineko gobernu bat ezartzen denean finkatuko dute bozetarako eguna. Addis Abebak dio Etiopia iparraldeko eskualdeko alderdi nagusienaren buruzagiak preso edo hilda daudela egun; TPLFk, ordea, ukatu egin du informazio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.